Arnaitz Gorriti

Salbazioa bere eskuetan izan dezan, Real Madrili irabazi behar dio Bilbao Basketek

Uneotan jeitsiera postuetatik at dira bilbotarrak, baina falta zaizkien bi jardunaldien ostean Estudiantesek baino garaipen bat gehiago pilatu behar dute ACB Ligan mantenduko badira. Pablo Lasoren taldeak, berriz, Fase Erregularreko aurreneko postua bermatzeko garaipen bat gehiago behar du.

Itxaropena eta ilusioa berpiztu dira Bilbao Basketen azken bi garaipenen ondoren. (Aritz LOIOLA / FOKU)
Itxaropena eta ilusioa berpiztu dira Bilbao Basketen azken bi garaipenen ondoren. (Aritz LOIOLA / FOKU)

RETAbet Bilbao Basketek bizirik dirau. Bi jardunaldi falta zaizkio ACB Ligaren 2020/21 denboraldiko Fase Erregularra amaitzeko eta, gezurra badirudi ere, maila mantentzea bilbotarrek beren eskuetan dute. Fuenlabradari eta batez ere asteartean Burgosi 98-89 irabazi ostean, aspaldion itzalita zirudien itxaropena berriz sutu da Bilbo aldean, eta behin behinean bada ere, jeitsiera postuetatik at dira Alex Mumbru eta enparauak.

Noski, aintzat hartu behar da Bilbao Basketek Real Madril izango duela aurkari ostegun gauean 21.15etatik aurrera Madrilgo WIZink Center pabilioian. Alegia, bi garaipeneko bolada on hau amaitzeko nahi baino aukera gehiago dituela. Real Madrilen aurka galtzea normalena izan ohi da, baina saihesterik balute bizkaitarek... Izan ere, WIZink Centerren galtzaile ateraz gero, Estudiantesi begira jarri beharko litzateke berriro; hau da, Bilbao Basketen etorkizuna ez litzatekeela bere eskuetan izango.

Bilbao Basketek ostegunean galdu eta ostiralean Estudiantesek San pablo Burgosi irabaziko balio, akabo; bizkaitarek maila galduko lukete, igande eguerdian Joventuten aurka irabazita ere.

Egia da, bestalde, aldez aurretik kontuak egiteak ez duela deus balio. Kantxara atera eta jokatu egin behar da. «Beltzezko gizonak borrakalariak izan dira beti», esan zuen Ondrej Balvin Bilbao Basketeko kapitainak San Pablo Burgosen aurka 98-89 garaipena lortu berritan. «Guk ere, gure aurrekoen antzera, azkeneraino borroka egin behar dugu. Ez lesio, ez koronabirus, ez ezer; ez dago aitzakiarik. Azkeneraino borrokatu behar da. Sei lagunekin jokatu behar bada, seirekin. Hamabi lagunek joka dezakegula, hobe, hamabirekin orduan, baina azkeneraino eta aitzakiarik gabe., aurkaria zein den begiratu gabe ere», gaineratu zuen pibot txekiarrak.

Alex Mumbru entrenatzaileak jarrera lasaiagoa erakutsi zuen Burgosi irabazi berritan, baina finean, antzerako berbak zituen. «Normalena, gauden egoeran, besoak jeitsi eta amore ematea zitzatekeen, baina taldeak profesionaltasuna ez ezik, borrokarako grina erakutsi du. Bi garaipen gehiago ditugu orain, baina hau ez da amaitu. Ostegunean Real Madril dugu aurrez aurre eta hor ere daukagun guztia eman behar dugu, ez dago besterik. Miribillara zaleek ezin dute etorri, horrek ez du esan nahi jendea guk zer egingo begira ez dagoenik. Gure zaleek azkeneraino ahalegindu gaitezela merezi dute eta horixe eskaino diegu behintzat».

Covid-19 kasu bi  Estudiantesen

Pandemia oraindik ez da desagertu eta hala, Estudiantesek bi covid-19 kasu dituela aditzera eman du asteazken arratsaldean.

PCR proba osagarrien zain daude Madrilgo taldean ostiraleko partida jokatuko den edo ez jakiteko. Kontua da, hirugarren kasu positiborik balego ezingo lukeela Burgosen aurkako partida jokatu Estudiantesek eta orduan, beti ere Estudiantes-San Pablo Burgos partida jokatu ezinik geratuko balitz, irabazi eta galdutako partiden portzentaia hartuko litzete aintzat zein zeinen aurretik geratzen den erabakitzeko orduan.

Uneotan, Estudiantesek %25,7ko portzentaia du bere alde eta Bilbao basketek %25ekoa. Hala, bilbotarrek partida bat irabazi beharko lukete jeitsiera saihesteko.

Bestetik, ostiraleko partida jokatzerik izango balu, Estudiantesek zazpi jokalari profesional baino ez luke izango jokatzeko moduan, koronabirusa eta lesioak tarteko.

Ez dago barkatzeko

Real Madril eta Estudiantesen artean dagoen ikusi ezina dela-eta, Alex Mumbruk Real Madrilen jokalari gisa egin zituen urteak direla-eta... Badago zurrumurrua eta putza Estudiantes taldeko zaleen artean. Real Madrilek irabazten lagako diola, ez direla ahalegin betean ariko...

Baina Real Madrilek Fase Erregularreko aurreneko postua bhermatu gura du eta horretarako partida bat irabazi beharra dauka. Zertarako itxaron domekara, playoffetan jokatzeko azken ahalegina egiten ari den Unicajaren aurka Malagan aritzeko? Ez dirudi, eta Pablo Lasok hala adierazi du bederen, barkatzeko egongo direnik talde zurian.

«Bilbao Basketi errespetu handia diogu eta bere burua salbatu nahian datorkigula badakigunez, horrek are eta arriskutsuago bihurtzen du. Baina gure helburua Fase Erregularra aurreneko postuan amaitzea da eta bilbao Basketen aurkakoa da gure lehenengo aukera», azpimarratu du entrenatzaile gasteiztarrak.

Azken asteetan Tray Thompkins galdu du Real Madrilek, min hartuta dagoelako, eta ikusteko dago, bestalde, Tavares jokatzeko moduan ote dagoen. Hala ere erakutsi dute madrildarrek badutela nahikoa baliabide arazorik gabe aritzeko, Alex Tuys eta Vincent Poirier pibotekin.

Pablo Lasori saria etxean

Pablo Laso bera San Viator kolegioko ikasle ohia izanik, «Aita Querbes» Ikasle eta Irakasle Ohien Elkarteak I Faro Saria jasoko du datorren ekainaren 19an. Elkarte honen helburua urtero San Viator kolegioko ikasle ohiak saritzea da «gizartearen alde egindako lana eta erakutsitako baloreen truke».

San Viator kolegioa inauguratu zenetik mende erdia betetzen dela-eta antolatu diren beste hainbat ekintzaren artean kokatzen da sari banaketa hau. Kolegioko areto nagusian izango da sari banaketa, eta horrez gain, «Lidertza taldearen zerbitzura» izeneko konferentzia eskainiko du Juan Antonio Corbalan saskibaloi jokalari ohi eta medikuak. Konferentzia horren harira, mahai ingurua ere izango da eta egun kirolari lotuta dauden San Viator kolegioko ikasle ohi hauek ariko dira bertan: Iñaki Iriarte, Juan Pinedo, Pablo Laso, Roberto Iñiguez de Heredia, Manu Garcia, Joseba Del Carmen, Aitor Pinedo, Jose Ramon Lete edota Aitor Ocio, esaterako.