NAIZ
DONOSTIA

Gipuzkoako egoitzetako gatazka «desblokeatzeko» eskatu dute Adegiren egoitzaren aurrean

ELAk eta LABek deitutako greba eguna dela eta, elkarretaratzea egin dute Gipuzkoako egoitzetako langileek Adegik Donostian duen egoitzaren aurrean. Gipuzkoako Aldundiari eta patronalari egoera «desblokeatzeko» eskatu diete.

Gipuzkoako egoitzetako langileen elkarretaratzea. (@ELAdonostia)
Gipuzkoako egoitzetako langileen elkarretaratzea. (@ELAdonostia)

Gipuzkoako egoitzetako langileek elkarretaratzea egin dute ostegun honetan Adegiren Donostiako egoitzaren aurrean, ELAk eta LABek deitutako greba eguna dela eta. Patronalei eta Gipuzkoako Foru Aldundiari sektoreak duen lan gatazka «desblokeatzeko» eskatu diote.

Bi sindikatuek banan-banan deitu dute greba eguna, baina elkarrekin mobilizatzea erabaki dute, eta gutxieneko zerbitzuak %100ekoak izan dira berriro.

Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiak adierazi duenez, Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak «erantzukizuna» du gatazka honetan, eta ez du sindikatuaren proposamena «entzun nahi». Euskadi Irratian egindako elkarrizketa batean «egoitzetan gertatutakoa oso larria» dela esan du. «Langileek dena eman dute pandemian. Haien eta haien senideen osasuna arriskuan jarri dute, eta egoera oso gogorrak bizi izan dituzte», gogorarazi du.

Leire Ormazabal LABeko sektoreko arduradunak, bere aldetik, patronalei eta Gipuzkoako Foru Aldundiari lan-gatazka hori «desblokeatzeko» eskatu die, eta hitzarmen probintzial baten beharra defendatu du.

ELAk ohar baten bidez azaldu duenez, egunean zehar langileek elkarretaratzeak egin dituzte Adegi, Garen, Matia eta Larene patronalen egoitzen aurrean, Donostian, euren baldintzak hobetzeko eta «adinekoentzako kalitatezko zaintza» eskatzeko. Sindikatu honek, era berean, beste greba egun bat deitu duela ekainaren 14rako eta protesta berezi bat egingo dituela Donostian, 250. greba eguna izanik. LABek, oraingoz, ez du lanuzte berririk antolatu.