Maite Ubiria
Elkarrizketa
Aiala Urteaga
Bernat Etxepare lizeoko ikaslea

«Programa berdina ikasiko bagenu, errazago litzateke sistema orokortzea Euskal Herri osoan»

Maiatzaren 21ean Baionan Suprefeturak duen egoitzaren atzinean euskaraz ikasi eta bizitzeko eskubidea aldarrikatzeko Bernat Etxepare lizeoko ikasle asanbladak deituriko ekimenaren nondik norakoak jakiteko Aiala Urteaga bigarren kurtsoan dagoen gazte beskoiztarrarekin hitz egin du NAIZek.

 

Aste osoan zehar «jo pilota« ekimena prestatzeko lanetan aritu dira Etxepareko ikasleak. (NAIZ)
Aste osoan zehar «jo pilota« ekimena prestatzeko lanetan aritu dira Etxepareko ikasleak. (NAIZ)

«Gainerako euskal herritarrek bezala esperantza handiz hartu genuen Molac legearen onarpena, gure eskubideak bermatzeko aukeratu zabaltzen zuelakoan; ondoren, horren aurka jo zuten diputatuek helegitea emanez, hizkunz gutxituen hiztunen nahikeria hori ez dutela errespetatzen erakutsiz, baina guk aitzina segituko dugu, gure ekarpen egiten, euskaraz ikasi eta bizi nahi dugulako».

Maiatzaren 21an jakinen da, hain zuzen, frantses Kontseilu Konstituzionalak besteak beste euskarazko hezkuntza bermatzeko ezinbestekotzat jotzen den legeari buruz duen iritzia.

Egun berean, goizeko 10.00etan, Baionan frantziar estatuak duen delegaritzaren aitzinean «jo pilota» ekimena burutuko dute Bernat Etxepare lizeoko ikasleek.

Aiala Urteagak, ikasle asanbleako kideak, euskaraz ikasi eta bizi nahi duten ikasleen aldarrikapen nagusiak aletu dizkigu.

Urteak dira, aitzinamendu batzuk izan badira ere, brebeta eta baxoa azterketak euskaraz egiteko aldarrikapena behin eta berriro karrikara eramateko beharturik zaudetela.

Euskaraz ikasten duten ikasleek eskubide osoz proba horiek euskaraz egiteko aukera behar dute izan. Gaur gaurkoz oraindik ere ez dugu lortu azterketa horiek bere osotasunean euskaraz egiteko eskubidea bermatua izatea. Proba horiek euskaraz ezin baditugu egin nekez egin ahal izanen ditugu goi-ikasketak euskaraz segitu.

Berdin lan heziketen alorrean formakuntza bat hautatu edo unibertsitatean ikasketak egiteko hautua egin goi-ikasketak euskaraz egiteko apenas eskaintzarik ez dago Ipar Euskal Herrian.

Goi-ikasketak euskaraz egitzeko aukera eskas hori oso trabagarria da guretako. Txikitatik ikasketak euskaraz egin ondoren zinez zaila egiten zaigu ulertzea zendako ezin dugun etorkizunean egin nahi dugun lanbidea euskaraz ikasi. Are, aukera falta horrek hainbat formakuntza bartertzera eramaten du jendea eta horrek herri honen geroan badu eragina.

Goi-ikasketak Hego Euskal Herrian egiteko aukera ez da inondik inora erraza.

Batere. Hor ere Ipar eta Hego Euskal Herri artean dagoen muga agertzen da. Atzerritar gisara hartzen gaituzte, ez gaituzte euskal herritar gisa tratatzen. Balorazioak (notak) ez dira berdinak, eta programa aldaketa tipiena aitzakia bilakatzen da du gure ikasleak Hegoaldeko kanpusetara bertaratzea oraino gehiago trabatzeko.

Hiru eremu administratiboetatik badute zerbait egiteko agintariek egoera horri aterabidea emateko ? Nola konpondu daiteke egoera?

Erakundeek behar lukete arazoa aintzat hartu eta konponbidea atzeman. Gure ustez aterabide zuzena litzateke programa bat, curriculum bat, denon artean lantzea. Denok programa berdina ikasiko bagenu, euskaraz, askoz errazago litzateke handik aurrera sistema bat orokortzea Euskal Herri osoan.

Hizkuntza gutxituei babesa emateko onarturiko Molac legearen kontra helegitea ezarri izanak erakutsi du erresistentziak eta aurreiritziak ez direla falta.

Gainerako euskal herritarrek bezala esperantza handiz hartu genuen Molac legearen onarpena, gure eskubideak bermatzeko aukera zabaltzen zuelakoan. Horren aurka jo duten diputatuek ez dute hizkuntza gutxituen hiztunen nahikeria errespetatu, baina guk aitzina segituko dugu, gure ekarpena egiten, euskaraz ikasi eta bizi nahi dugulako. Edonola ere esperantza nahi dugu atxiki, eta espero dugu, batzuek traba ezarri badiote ere, egitasmo horrek aurrera egiten duela.

Suprefeturara eramanen duzue protesta. Estatuaren teilatuan da pilota?

Gure aldarripakenak entzunarazikio ditugu, eskaera horiek jendartearen sostengu zabala dutela jakinik. Euskaraz ikasi nahi dugu, Seaskari ezarritako trabak desagertzea nahi dugu, murgiltze eredua sare guztietan zabaltzea nahi dugu, eta hezkuntzan soilik ez euskararen presentzia nahi dugu eremu guztietan, baita kirol, kultura edo aisialdi jardueretan ere, hedatu. Eskubide horiek bermatuak ez diren bitartean, euskaraz ikasteko eta bizitzeko dugun nahikeria eramanen dugu karrikara.