Elkarrizketa
Eneritz Zabaleta
Zuzenbide irakaslea

«Seaska antikonstituzionaltzat jo du Kontseilu Konstituzionalak »

Molac Legearen kontra Kontseilu Konstituzionalean ezarritako helegitearen ondorioz eskola pribatu eta publikoetan murgiltze eredua antikonsituzionaltzat hartua izan da. Eneritz Zabaleta Zuzenbide irakasleak «gerla deklaraziotzat» jo du deliberoa.

Eneritz Zabaleta Zuzenbide irakaslea. (JAGOBA MANTEROLA)
Eneritz Zabaleta Zuzenbide irakaslea. (JAGOBA MANTEROLA)

Eneritz Zabaleta Zuzenbide irakasleak ‘Eskualde hizkuntzen patrimonio babeserako eta promoziorako’ Legearen kontra Kontseilu Konstituzionalean 61 diputatu macronistek helegitearen deliberoaren interpretazioa eman dio NAIZi.

Erabakian garrantzitsuena murgiltze ereduari dagokiona da, murgiltze eredua eskola publikoetan ezarri nahi zuen legeak, eta Kontseiluak eskola publikoetan, eta pribatuetan ere jo du antikonstituzionaltzat, hau da Seaska bezalako eskoletan. «Gerla deklaraziotzat» definitu du Zabaletak.

Kontseilu Konstituzionalak murgiltze ereduaren kontrako erabaki oso gogorra hartu du.

Bai, erabaki gogor bat espero zitekeen, baina murgiltze ereduarekiko Kontseilu Konstituzionalak erabaki duenaren arabera, gauzak oso egoera larrian uzten ditu, murgiltzen sistemaren disposizioa bere baitarik kontrolatzea erabaki du, eta ebatsi du murgiltze sistema Konstituzioaren kontrakoa dela.

Orain arte polemika zen murgiltze sistema eskola publikoan ezartzea bai ala ez aipu, baina Kontseilu Konstituzionalak erabaki duena da izan eskola publikoan edo Estatuarekin kontratupean asoziatuak diren eskola pribatuetan, hau da Seaska, Diwan… eta horrelako sareetako ikastetxeetan Konstituzioaren kontrakoa dela ere.

Erran nahi du, Seaska eta bertako pedagogia Konstituzioaren kontrakotzat bezala hartu dutela epaileek, eta horrek zinez gauzak eztabaidan jartzen ditu, erraiten ahal da gerla deklarazio bat egin diola Kontseiluak murgiltzen sistemari orokorrean, Seaskari, Diwani, Calandretari... Kontseilu Konstituzionalak Seaska antikonstituzionaltzat jo du. Murgiltze sistema osoa antikonstituzionaltzat jo du.

Horrek zein eragin izan ditzake?

Sekulako eragina izan dezake, nik ikusten dudan eragin nagusia da, orain Estatuak hori ikusiz kontratupeko eskolen finantziazioa eteten ahal duela, eta erraten ahal diela Seaskako eskolei esan, nahi baduzue murgiltze sistema segitu, ezin izango dituzue gehiago kontratupeko baldintza horiek sinatu, Kontseilu Konstituzionalak horrela deliberatu duelako. Finantziazio gabe egin beharko dutela esan nahiko luke horrek.

Askoz egoera okerragoan uzten gaitu lehen geundena baino.

Bai, horrela da. Ez dakit praktikoki konturatu diren egin dutenaz, baina dena zalantzan ematen du, oso gogorki. Formalki gaurko egunean Seaskaren kontrakoa.

Legeak bilatzen zuen babesaren justu kontrako eragina izan du.

Legearen helburua zen publikora zabaltzea, eta hor Konstituzio Kontseiluak denei eragin die, jakinda 2001ean onartu zuela Diwanekin kontratuak sinatzea, baina orain bere baitarik zehazten du murgiltzea Konsitutzioaren kontrakoa dela. 18. paragrafoan erraten dut hori. Horregatik erraten dut ea zinez konturatzen diren zer sinatu duten: zinez gerla deklarazio bat da.

Orain arte ikusi genuen erasorik handiena da...

Bai, erabat, oso erabaki gogorra. Konstituzioaren 75. artikuluari aipamena egiten dio, Estatuko hizkuntzak ondarea direla, baina ez dio inolako ondorio juridikorik ematen. Zehaztu bere testuan kontratoena, berak espresuki nahi ditu kontratupean dauden eskolak.

Egoera honetan zein aukera gelditzen dira Kontseilu Konstituzionalaren erabakiaren ondoren?

Konstiuzioa aldatu beharko litzateke. Konstituzioa aldatzeko bi era dira, bata Gobernuak berak proposatzea da, eta orduan bada prozedura konplikatu bat lege normalena baino zailagoa dena, bi parlamentuetatik bozkatu behar da, eta gero Versaillesn elkartu behar dira parlamentuko bi ganbarak eta Kongresua deitzen den instantzia batek behar du onetsi.

Bestela, parlamentariek ere ezartzen ahal dute proposizio bat Konstituzioa aldatzeko, baina Gobernutik heltzen ez delarik proposamena gero erreferendum bat egin behar da nahita nahi ez prozesuaren bukaeran. Zailtasuna hori izanik, Gobernutik heldu den proposamena izan behar da.

Orain Kontseilu Konstituzionalak eman duen erabakiarekin zerbait egin daiteke murgiltze eredu pribatuaren alde?

Ez, erabaki horrekin ezin da, orain erabakia fermua da. Ziurgabetasuna da gero, zer egingo duen Ministerioak erabaki horrekin, Seaskarekin eta besteekin. Berez juridikoki ezin du kontratu bat sinatu antikonstituzionala den pedagogia bat onartzeko, baina beharbada begiak itxiko ditu, hori da zalantza. Juridikoki beste lege bat ateratzen bada ere, murgiltzea Konstituzioaren kontrakoa dela esan duenez aldatzea besterik ez da egiten ahal.

Momentu honetan orduan zein da gelditzen den aukera bakarra?

Orain ikusi behar da terrenoan konkretuki nola traduzituko den hori, Hezkuntza Ministeritzak kontratuei eutsiko dien edo ez. Gobernuak erabiliko duen esateko Konstituzioaren arrazoia, edo begiak itxiko dituen edo ez. Hor ikusi behar da Ministerioak zein jarrera izango duen, baina juridikoki ezin da kontraturik izan murgiltze eredua duten eragileekin.

Berriak zalaparta handia sortu du...

Bai, baina beti gauza bera da. Pariseko hedabidek esaten ari dira bi artikulu ezeztatu direla, besterik ez, ez dira konturatzen honek zer suposatzen duen. Berria, aldiz, Bretainan ere zalaparta handia sortzen ari da.