Murgiltze eredua publikoan eta pribatuan antikonstituzionaltzat jo du Kontseiluak

Kontseilu Konstituzionalak Seaska eta bera bezala murgiltze eredua eskaintzen duten eskola pribatuak antikonstituzionaltzat jo ditu. Molac legeak murgiltze eredua publikoan baimendu nahi zuen artikuluari kontra egin, eta eredu horretan ari diren zentro pribatuak ere antikonstituzionaltzat jo ditu.

Kontseilu Konstituzionalak hizkuntza gutxituen babeserako legearen kontra ezarri helegiteari buruz erabaki du. (NAIZ)
Kontseilu Konstituzionalak hizkuntza gutxituen babeserako legearen kontra ezarri helegiteari buruz erabaki du. (NAIZ)

Kontseilu Konstituzionalaren aitzinean 61 diputatuk Asanblea Nazionalean onartu zen ‘Eskualde hizkuntzen patrimonio babeserako eta promoziorako’ legearen kontra ezarritako helegitea aztertzean bi artikulu izendatu ditu antikonstituzionaltzat. Larriena, murgiltze ereduari dagokiona da, antikonstituzionaltzat jotzen duelako, eredu horretan ari diren eskola guztiak, baita Ikastolen Federazioa, eta bera bezala beste eskualdeetan bertako hizkuntza irakasten duten elkarteak: Diwan, Calandreta, Bressola...

Legearen 4. artikuluak murgiltze eredua eskola publikoetan ahalbidetzea zuen helburu, eta lege hori gehiengo argiz onartua izan zen Asanblea Nazionalean 247 boz alde eta 76 kontra bozkatu. Baina orain Kontseilu Konstituzionalak murgiltze ereduaren kontra egitea deliberatu du.

Horrela, ezingo litzateke eskola publikoetan eredu hori ezarri, ezta azken 60 urteetan Ipar Euskal Herrian euskaraz murgiltzen ereduan irakasten duen Ikastolen Federazioa ere, gaur egun Gobernuarekin duen kontratua atxiki nahi badu. Kontratupean egoteak, ikastoletako irakasle postuan finantziatzen dituela ekartzen du.

Kontseiluaren erabakia fermua da eta juridikoki Gobernuak ezin izango luke kontra egin, baina orain Hezkuntza Ministerioak hartuko duen posizioa dago ikusteke.

Eneritz Zabaleta zuzenbide publikoko irakasleak, Seaskako Peio Jorajuriak eta Euskal Elkargoko presidente Jean-Rene Etchegaray hizkuntza gutxituetan irakasten duten zentro asoziatiboei «gerra deklarazio» bat dela adierazi dute.

Macronen taldeko 61 diputatuek Molac legearen 6. artikuluari ezarri zioten helegitea, baina errekurtsoak legeari bere osotasunean begiratzea ahalbidetzen zion Kontseiluari, eta horrela egitean finantziazioari buruzkoa zen 6. artikulua konstituzionaltzat jo badu, beste biren kontra egin du: murgiltze eredua eta seinu diakritikoak izenentan erabili ahal izatearena.

‘Ñ’

Lega bozkatzeko momentuan gatazka gehien sortu dituzten artikuluak hezkuntzari loturikoak izan dira, baina Kontseiluak espero ez zen bete artikulu bat ere atzeman du antikosntituzionaltzat. Eskualde ezberdinetako izen propioetan keinu diakritikoak erabiltzerena adibidez ‘ñ’ letra euskaraz eta bretoiez.

Paul Molac diputatu bretoiak aurkeztutako legean hezkuntzari loturik dauden artikuluen kontra agertu da beti Jean Michel Blanquer Hezkuntza ministroa, eta bera egon da errekurtsoaren gibelean.

Errekurtsoaren ibilbidea

Apirilaren 8an bozkatu zuen Asanblea Nazionalak legea gehiengo handiarekin, eta Gobernuak 15 eguneko epea zuen legea promulgatzeko, baina ez zuen egin, eta 14. egunean 61 diputatu macronistek helegitea ezarri zuten Kontseilu Konstituzionalean.

Errekurtsoa ezartzeko desmartxa ezohikoa izan zen, azken momentuan izan zelako, baina bereziki Jean Michel Blanquer hezkuntza ministroaren kabinetetik atera zelako helegitearen testua. Bestalde, sinatzaileen gehiengoak ez zuen bere burua ezagutzera eman, eta batzuk publikoki sinatzeko momentuan ez zitzaiela egia osoa eman eta bere haserrea erakutsi zuten.

Blanquer hastapenetik murgiltze ereduari eta finantziaketari buruzko artikuluen kontra agertu zen, eta ahal zuen guztia egin zuen atera ez zitezen, baina bere nahiaren kontra legea Asanblea Nazionalean bozkatua izan zen. Legeak dituen sei artikuluetatik hiru dira hezkuntzari lotuak, eta horiek izan dira hasieratik Gobernuaren aldetik kontrakotasuna agertu dutenak.

Ibilbide parlamentarioan, horiek izan dira gatazka iturri, izan ere otsailean Molacek frantses Asanblean legea aurkeztu zuenean, lehen irakurraldian hiru artikulu horiek kendu zituzten diputatuek, ondoren abenduan Senatuan berriz ezarri zituzten, eta berriz Asanbleara heldu zenean senatariek egindako testuaren alde bozkatu zuten diputatuek, espero zenaren kontra.

Hizkuntza gutxituen aldeko ahotsak

Errekurtsoaren berri izan eta gero ahots anitz altxatu dira, Estatuko hizkuntza gutxituen alde, eta Gobernuak erakutsi duen jokabidearen kontra, eta ez da bakarrik hizkuntza gutxituak dituzten eskualdeetan izan soilik. Azken hauen artean, aipa daiteke aste honetan Le Monde egunkarian agertu den tribuna, non 200 pertsonek sinatu duten Akademia frantseseko Erik Orsena kideak bultzatuta, non Emmanuel Macron presidentearen jokabidea jartzen den zuzenean ezbaian.

Ipar Euskal Herrian, helegitearen berri izan eta berehala joera politikoetako hautetsiek bat egin zuten bere haserrea agertzeko, baita erakunde publikoetako ordezakariek ere. Euskararen Erakunde Publikoak, bretoi, okzitandar eta katalan Erakundeekin batera horren kontra agertuz agiri amankomun bat agertu zuten. Eta euskalgintzako eragile guztiek ere horren kontra agertu dira.

Haserre eta kontrakotasun hori, beste eskualdeetan ere ikusi da, bai hautetsi bai eragile sozialen aldetik.

[INFORMAZIO GEHIAGO IZANGO DA]