NAIZ

Sonakay talde flamenkoa izanen da Berriobeitiko Euskara Zikloaren izarra

Flamenkoa eta euskara uztartzen dituen Sonakay talde donostiarra izanen da Berriobeitiko Euskara Zikloaren izarra. ‘Zubiak eraikitzen’ leloarekin antolatu da ekimena, euskaldunei eta euskara ez dakitenei zuzenduta. Udalerriko herri desberdinetan izanen dira ekitaldiak.

Berriobeitiko Euskara Zikloaren aurkezpena. (BERRIOBEITIKO EUSKARA ZERBITZUA)
Berriobeitiko Euskara Zikloaren aurkezpena. (BERRIOBEITIKO EUSKARA ZERBITZUA)

Sonakay talde donostiarra izan da Berriobeitiko Udalak aurkeztu duen Euskara Zikloaren izarra. Udal Kultura eta Euskara Batzordeko zinegotziek ‘Zubiak eraikitzen’ leloa duen zikloaren berri eman dute. Titulu horrek euskaldunei zein euskara ez dakitenei zuzendutako zikloaren espiritua sinbolizatzen du.

Sonakay taldearen kontzertua da ziklo honetako plater nagusia, hain zuzen ere, flamenkoa euskaraz kantatzeagatik ospetsu egin dena. Talde honek duen kalitateagatik gaur egungo musikaren panoraman erreferentzialtasun handia lortu dute musikariek. Hain zuzen ere, Sonakayk agerian uzten du musikak ez duela muga idiomatikorik, musika kulturen eta hizkuntzen arteko zubia bihurtze delako. Sonakayren kontzertua ekainaren 5ean izanen da Artikako Kultur Etxean.

Honetaz gain, eta bereziki publiko ez-euskaldunari zuzendua, ‘Euskara maitatzen hasteko hitzak’ izeneko erakusketa antolatu da. Erakusketa honen helburua hizkuntza ezagutzen ez duten pertsonak euskarara hurbiltzea da, hitz berezien esanahian oinarrituruko ibilbide poetiko baten bidez. Erakusketa maiatazaren 24tik ekainaren 6ra bitartean ikusgai izanen da Artikako Kuktur Etxean.

Aurrekoarekin batera, euskarazko jarduera ugari ere eskaintzen dira. Horien artean nabarmentzekoa da Oskar Estanga artistaren bertsolaritza musikatuan oinarritutako ‘Gurerara” ikuskizuna. Ekainaren 3an izanen da Berriobeitiko Erabilera Anitzeko Eraikinean.

Halaber, bi ikus-entzunezko saio eskainiko dira. Lehenengoa, Iñaki Alforja zuzendariaren Euskaraldiari buruzko ‘Biziprest’ dokumentalaren aurkezpena da, ekainaren 2an. Bigarrena, euskarazko film laburren ‘Laburbira’ gala, ekainaren 4an. Bi ekitaldiak Artikaberri Artigune I aretoan eginen dira.

Haurrei zuzenduta, alde batetik jolasen bi saio izanen dira kalean. Lehena Artikaberrin ekainaren 1ean eta bigarrena Berriogoitin ekainaren 2an.

Zikloari amaiera emateko Zirika Zirkus konpainiaren ‘Hemendikara’ ikuskizunaren estreianaldia izanen da, ekainaren 6an Artikako Kultur Etxean.

Jarduera guztiak doakoak dira eta informazio guztia udalaren webgunen ikus daiteke.