NAIZ

Euskararen aurkako erasoen aurrean estrategia bateratua eratzea proposatu du Kontseiluak

Irungo Udatzaingoaren aferari lotutako mobilizazioa bazen ere, Estatu frantseseko Kontseilu Konstituzionalaren erabakia oso presente egon da Kontseiluak Bilbon egin duen elkarretaratzean. Euskararen aurkako erasoen aurrean estrategia bateratua eratzea proposatu dute.

Bilbon, EAEko Auzitegi Nagusiaren aurrean egin dute elkarretaratzea. (FOKU)
Bilbon, EAEko Auzitegi Nagusiaren aurrean egin dute elkarretaratzea. (FOKU)

«Ozen jarri nahi dugu agerian atzo Frantziako Konstituzio Kontseiluak argitaratutako erabakiaren larritasuna; ozen salatu Asanblea Nazionaleko askotariko gehiengo batek onartutako legea atzera botatzeko Jean-Michel Blanquerrek azpikeriaz eta mendekuz jokatu izana. Ozen esan behar dugu komunitateak aurrera egingo duela». Hitz horiekin eman dio hasiera Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok larunbat honetan Bilbon, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren aurrean egin duten elkarretaratzeari. Ekitaldian Irungo Udaltzaingoen hautaketa deialdian euskara balioan jartzen zuen araua atzera bota izana salatu dute, eta oso presente egon da baita ere Estatu frantseseko Kontseilu Konstituzionalak hartutako erabakia.

Goizeko hamaiketan EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren aurrean bildu dira eragile askotariko ordezkariak, besteak beste AEK, Euskal  Herriko  Ikastolak, Elkar, Euskaltzaleen  Topagunea, Sortzen, Elhuyar, EMUN, Karmel, UEU, OEE, UEMA, Gerriko Kultura Elkartea... Baita beste zenbait eragile ere, tartean, Gure Esku Dago eta Oneka. Deialdiarekin bat egin duten  sindikatuetako ordezkariak ere bertan izan dira: ELA, LAB, EHNE, Steilas eta ESK. Bai eta zenbait alderditako ordezkariak ere: EH Bildu, Sortu eta Ahal Dugu.

Bilbaok azpimarratu du euskaldunek ez dutela bigarren mailako herritar gisa hartuak izan behar. «Guk euskaraz bizi nahi dugu, eta bizi diogunean, nahi beste aditzarekin ordezkatzeko eskatzen dugu: harremanak izan, zerbitzuak jaso, erosi, saldu, maitatu, lan egin, jolastu...», adierazi du. Eta herritarren eskubideei erreferentzia eginez, azken asteetako erabakiak jarri ditu adibidetzat: «Eta, bai, euskaraz ikasi ere bai, baita gure izenak gure hizkuntzaren grafiaz idatzi ere. Eta nola ez udaltzainekin ere euskarazko harremana nahi dugu, besteak beste, eskubidezkoa dugulako; eskubidea delako».

Kontseiluko eledunak EAEko Auzitegi Nagusiaren epaia «politikoa» izan dela berretsi du, bere hitzetan epaiak «oso argi» esaten baitu «hemen badela edozeren gainean dagoen printzipio bat: edozein eskubideren gainetik, herritarroi gaztelania ezagutzeko   ezarri zaigun derrigortasuna».

Ez da kasu isolatua

Horrekin batera, gogoratu du epaia ezin dela kontu isolatutzat hartu eta botere juridikoak hartu duen joera azpimarratu nahi  izan du: «Epai horien atzean badago botere juridikoak hizkuntza-politika egiteko hartu duen inertzia, gure eskubideak are gehiago murrizteko».

Erabaki hauek «kezka eta ezinegona» sortzen dutela nabarmendu eta horiei «berehalako erantzun soziala» ematean ezinbestekoa dela iritzi du. Hala, estrategia bateratu bat eraikitzeko beharra nabarmendu du, bestek beste, «hizkuntza-eskubideak murriztuz, euskaraz bizitzeko eskubidea galgatu nahi duen inertzia gelditzeko». Hartara, dei zuzena egin die bertan izan diren eragile politikoei, sindikalei eta sozialei: «Goazen guztion artean horrelakoei aurre egiteko estrategia zehaztera». Ildo horretan, Kontseiluak lehen proposamena egiteko konpromisoa agertu du, «ezin baikara hurrengo epaiaren zain egon; iniziatiba hartu behar dugu».

Hala, hurrengo larunbatean Baionan izango direla ziurtatu du, Kontseilu Konstituzionalaren epaia salatzeko manifestazioan.