Maider Iantzi
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad

Gazte Orkestra gorantz doa desira, maila zein proiektuetan

Jada osatu dute 2021eko Euskal Herriko Gazte Orkestra. Guztira 79 musikari dira, horietatik 34 berriak. Iaz bezala, telematikoki egin dituzte entzunaldiak eta berriz ere hautsi dituzte markak, 223 lagunek eman baitute izena. Orkestraren 24 urteetako kopururik handiena da.

Martin Zulaika oboe jotzailea, Nafarroako Goi Mailako Eskolan. (Jagoba MANTEROLA / FOKU)
Martin Zulaika oboe jotzailea, Nafarroako Goi Mailako Eskolan. (Jagoba MANTEROLA / FOKU)

Euskal Herriko Gazte Orkestrak (EGO) musikari gazteentzako zubi izan nahi du mundu profesionalean sartu aurreko azken puntu horretan. Musikaz harago, orkestra baten bizitzan barneratzeko aukera ematen die. Esperientzia hori probatuko dute, besteak beste, aurrerago ezagutuko ditugun June Iturriaga Salazar biolinistak eta Martin Zulaika Diarte oboe jotzaileak.

Aurten ohi baino topaketa bat gehiago izanen dute, udan bi eta neguan bat, elkarrekin bizitzeko. Jaialdi garrantzitsuetan ere joko dute, Donostiako Musika Hamabostaldian, Errenteriako Musikasten eta Festival Otoño Sorianon, besteak beste. «Kualitatibo zein kuantitatiboki aurrerapauso handia eman dugu», nabarmendu du German Ormazabal Artolazabal koordinatzaile nagusiak. «Ruben Gimeno gure zuzendari artistikoaz gain, goi mailako zuzendari gonbidatu bat izango dugu, eta nazioarteko puntako irakasleak».

24 urtean ia 1.600 gazte pasatu dira EGOtik. «Poz handia ematen du bertatik pasatutako askok orkestra profesionaletan postua lortu dutela ikusteak. Batzuk zuzendariak dira. Kontatuxeago, baina aipatzeko moduan, badira Europako goi mailako orkestretan jotzen ari direnak ere».

Ormazabalek «orkestraren indarra» azpimarratuko luke. «EGO izan daiteke ikusten dena, baina balioan jarri behar da urte hauetan guztietan hainbat irakaslek herrietako musika eskoletan egin duen lan isila. Egoera asko aldatu da, eta hobera. Musikeneren sorrerak bultzada izugarria eman dio».

1966an Tolosan jaioa, hamar urtez Euskadiko Orkestra Sinfonikoko zuzendari izana da Ormazabal. Urtebete inguru darama EGOren koordinatzaile nagusi bezala eta ilusio handia du. «Hain zaila den lanbide honetan gure ekarpena orkestra munduan jarraitzen duenari begiak irekitzea da. Talentu handia dugu, eta hori zaindu eta lagundu behar dugu».

Orkestra desiratua dira inondik ere: 223 gazte aurkeztu dira entzunaldietara. Ruben Gimeno epaimahaiburua kontent azaldu da: «Instrumentu bakoitzean erakutsitako maila oso interesgarria izan da, iazkoa baino hobea, adinaren batez bestekoa baxuagoa izan arren». 25 urtetan ezarri dute gehienezko adina eta gutxienekoa kendu egin dute. Horregatik jaitsi da batez bestekoa 19-20 urtera.

«Ez nuen sinesten»

June Iturriaga Salazar 19 urteko durangarra da aukeratutako 34 musikarietako bat. Biolinista da eta Gaztela eta Leongo Goi Mailako Eskolan ikasten ari da. «Txikitatik jo izan dut Euskadiko Ikasleen Orkestran (EIO) eta beti izan dut helburu EGOra sartzea. Iaz saiatu nintzen eta ez zen posible izan, baina ‘noizbait lortuko dut’ pentsatzen nuen, eta sartu nintzenean ez nuen sinesten», adierazi du Salamancatik.

Oraindik ez du ezagutzen, baina aurki kide izanen du Martin Zulaika Diarte iruindarra. Berak ere 19 urte ditu eta bigarrengoan lortu du sartzea. Oboea jotzen du eta Nafarroako Goi Mailako Eskolako ikaslea da. «Ikaragarria da. Gogo handia dut. Lagunak ditut eta esperientzia oso ona dela esan didate. Jendeak oso ondo jotzen du, oso jatorrak dira. Gainera, Kursaalen eta Euskaldunan kontzertuak emateak ilusio handia egiten dit», erran digu azterketa artean harrapatu dugun gazteak.

Agertu duenez, entzunaldia telematikoki egitea errazagoa da behin baino gehiagotan grabatu ahal duzulako, baina egindakoak «perfektua izan behar du. Gainera, niretzat errazagoa da, baina besteentzat ere bai. Exijentzia maila denentzat handitzen da».

«Orkestrako hiru solo jotzea eskatu ziguten, eta Mozarten kontzertuaren zatitxo bat, pianistarekin batera. Ez da musika asko, baina lan handia dauka. Pianistarekin hiruzpalau grabazio egin nituen, ez niolako denbora asko kendu nahi, baina soloak egun bakoitzean bospasei aldiz grabatzen nituen. Betikoa da: ‘Grabatzen duzu eta ondo dago, baina hobetu daiteke’».

Iturriagari Mendelssohn eta Beethovenen sinfonietako pasarteak prestatzea tokatu zitzaion. «Oso zorrotza izan behar duzu eta detaile guztiekin ahal duzun eta hoberen jo. Probaren bigarren zatian, biolinei Mozarten kontzertu bat tokatu zitzaigun. Hor musikalitate apur bat gehiago erakutsi ahal duzu, askeago zara. Bi parte horiek bideo banatan bidali behar ziren, baina pasarteen bideoa dena toma batean eta hori zen zailena, biak perfekto ateratzea ez delako erraza. Tomak eta tomak egiten dituzu batekin gustura geratu arte. 15 grabatu nituen eta azkenean lehena bidali nuen! Bideoak Youtubera igo behar ziren, eta itxaron».

Gogoan du aurreko urtean ia bost minututik bost minutura sartzen zela korreoan emaitzak atera ziren begiratzera; aurten ez hainbeste, ez zuelako esperantza handirik.

Zerrendak agertu zirenean lagunen izenak ikusi zituzten Junek eta Martinek. Gogo handia dute haiekin jotzeko. Eta, noski, jende berria ezagutzeko. «Zure berdina egiten ari dira, frustrazio eta helburu berak dituzte eta indarra ematen du oso ondo ulertzen zaituen zure adineko jendearekin egoteak», azpimarratu du durangarrak. «Musikariok denbora asko ematen dugu ikasten, nerbioak izaten ditugu agertokian, eta kuadrillakoekin gaitza da horri buruz luze aritzea. Audizioa dagoenean errepertorioa menderatuta ez eramateak kezkatzen gaitu. Jotzen dugun bakoitzean epaituko gaituzten sentsazioa dugu, ikasteko dela jakin arren, gauza txarrak bakarrik esaten dizkigutelako, onak esatea kosta egiten zaie irakasleei».

«Ondo aukeratu nuen»

Osabak bateria jotzen du eta etxean beti izan du musika presente. 5 urterekin musika eskolan apuntatu zuten, baina saskibaloian egiten den moduan. «Apurka serioago hartzen joan nintzen eta biolina aukeratu nuenean ‘aurrera’ esan nuen. 6-7 urterekin astero musika tresna ezberdin bat probatzen duzu. Amak beti esaten zidan: ‘Zeharkako txirula’. Eta nik, ‘ez dakit’. Biolinaren eguna tokatu zenean etxera bueltan seguru esan nuen: ‘Ama, biolina’».

«Lehenengo biolinak eta bigarrenak daude. Lehenek melodiak egiten dituzte eta bigarrenen papera gehiago dira armoniak edo koltxoi hori, orkestraren barruko soinua. Biak uztartzen ditugu. Bigarrenetan jotzea asko gustatzen zait, gehiago egon ahal zarelako orkestra entzuten. Lehengoa gaitza izaten da eta urduriago zaude, ardura gehiago daukazu, baina melodia jotzeak plazer handia ematen du».

Zulaika 6 urte zituelarik hasi zen oboea jotzen, Iruñeko Joaquin Maya musika eskolan. «Egia esan, ez nuen tresna ezagutzen, baina gogoan dut errondatxo bat egiten zutela klase guztietan eta instrumentuak entzuten genituela. Nire zerrendan lehenengoa zen oboea… eta ondo aukeratu nuela uste dut».

«Oso tinbre berezia dauka eta oso ondo entzuten da. Ez da arina, gora eta behera ezin da oso azkar joan, baina oso tinbre polita daukanez batez ere melodiak eta soloak egiten ditu. Ardura handia da, baita presioa ere», adierazi du.

June «oso gustura» dabil Salamancako Goi Mailako Eskolan. «Lehenengo urtea dut eta nahiko gogorra da herri txiki batetik etorri eta aldaketa guztietara ohitzea». Martini kurtso hau bukatu eta beste bat gelditzen zaio Iruñeko Goi Mailako Eskolan. Egunean bizi dira biak, ez dute argi etorkizunean zer bide hartu nahi duten. EGOk pistaren bat emanen die, seguru.