Leioa Waterpolo taldea Ohorezko Mailatik jaitsi da aurtengo denboraldian gorengo mailan estreinatu ostean. Aurreikusi zitekeen emaitza honen ostean, Virginia Cobos kapitainaren agurra ere iritsi da. Santutxuarrak waterpoloa utziko duela iragarri berri du Leioako lehen taldean 12 denboraldi eman eta gero.
2009-2010 denboraldian iritsi zen talde leioaztarrera Bilboko Maristasen bi urte eman ostean. 11 urte geroago, Sakonetako taldearen bilakaeraren protagonista nagusietako bat izan da kapitaina.
Izan ere, klubak gogorarazi duen moduan, 12 denboraldiko ibilbide horretan, Leioak hamaika mugarri bizi izan ditu: Euskal Herria Ligara jaitsi du, Lehen Mailara itzuli da, eta 2020an Ohorezko Mailara igo da eta ondoren Lehen Mailara jaitsi da.
Virginia Cobosen kirol ibilbidearen amaiera denboraldi zail baten ondoren iritsi dela azaldu du klubak. Amaitu berri den denboraldi honetan, goi-mailako kirol jarduera eta bere lana uztartu behar izan ditu, eta, gainera, min hartuta egon zen ia hilabete batez. Lagunarteko partida batean eskuko hatz bat hautsi zuen eta Ohorezko Mailako azken neurketan parte-hartu ahal izan zuen, taldeak eskuratu zuen lehen puntua erdietsiz.
Santutxuarrak iritzi du «kirolari eta taldeari eman ahal nion guztia eman diodala uste dut, eta era berean, kirolak ere eman ahal zidan guztia eman didala». Ziklo aldaketa batez mintzo da eta onartu du Ohorezko Mailan jokatzea «itzela» izan dela.
Era horretan, kapitaina ziur da taldea berriro Ohorezko Mailara itzuliko dela, «ez dakit noiz» baina «konfiantza handia» duela azpimarratu du: «Talde gaztea da eta oraindik sorpresa asko ditu emateko! Bueltatuko garelaren dudarik ez daukat, indartsuago eta konfiantza handiagoarekin egingo dugu, ziur nago».