NAIZ

Sindikatuek sektore publikoko behin-behineko lanpostuak sendotzeko eskatu diote Lakuari

Sindikatuek deitutako manifestazio jendetsua izan da astearte honetan Gasteizko kaleetan, EAEko sektore publikoaren behin-behinekotasun tasa handiei «konponbide erreal eta berehalakoak eskatzeko eta zerbitzu publikoen pribatizazioaren» amaiera eskatzeko.

Sindikatuek mobilizazioa deitu dute Gasteizen. (Raul BOGAJO/FOKU)
Sindikatuek mobilizazioa deitu dute Gasteizen. (Raul BOGAJO/FOKU)

ELA, LAB, CCOO, SATSE, ESK eta STEILAK sindikatuek deituta, sektore publiko osoan burututako mobilizazioen eta apirilak 22ko greba-egunaren ostean, Lakuako Gobernuak, instituzioek eta alderdi politikoek ez dietela erantzunik eman greba eta mobilizazio horietan modu aktiboan parte hartu zuten euskal sektore publikoko milaka langileek egindako eskaerei salatu dute sindikatuek.

Egoera horren aurrean, greba deitu zuten sindikatuok bilerak eskatu dituzte astearte honetan Lakuarekin, EUDELekin eta euskal alderdi politikoekin, «haien esku dagoelako, eta ez beste inoren esku, zerbitzu publikoak indartzeko enplegu publikoa sortzea eta behin-behinekotasunaren gaitza pairatzen duten 60.000 langile baino gehiagori beraien enplegua kontsolidatzea».

Bilera eskaera horiek direla eta, manifestazio jendetsua izan da Gasteizko kaleetan, «sektore publikoaren behin-behinekotasun tasa handiei konponbidea eskatzeko eta baita zerbitzu publikoen pribatizazioaren amaiera eskatzeko». Sindikatuen ustez, «premiazkoa da behin-behinekotasunaren gaitza pairatzen duten 60.000 langile publiko baino gehiagoren enplegua kontsolidatzea, baita agintariek aitortzen ez dituzten milaka lanpostu azalaraztea ere».

Lakuaren paperari buruz, antolatzileek salatu dute «propaganda-adierazpenak alde batera utzita, langile horiek kontsolidatzeko benetako urratsik eman gabe jarraitzen duela», eta, Europako behin-behinekotasun ranking altuenaren lehen tokian dagoen bitartean, pribatizazioaren aldeko apustuarekin jarraitzen duela.

«Gainerako erakundeei eta euskal alderdi politikoei dagokienez, egun ez dugu proposamenik ikusten hemen, gure herrian, zein zerbitzu publiko nahi eta behar ditugun erabakitzeko eta euskal enplegu publikoa kontsolidatzeko», adierazi dute.

Azkenean, ELA, LAB, CCOO, SATSE, ESK eta STEILAS sindikatuek «helburu hori lortzeko beharrezkoak diren mobilizazioak eta greba-egunak bultzatzen» jarraituko dutela jakinarazi dute eta astearte honetako manifestazioaren ostean, ekainaren 1ean elkarretaratzeak deituko dituztela EAEko sektore publikoko lan egoitza guztietan, eta ekainaren 5ean manifestazioak deituko dituztela EAEko hiru hiriburuetan.