NAIZ

Sormenaren Kabia egonaldiak eskainiko ditu udan Alkizako Ur Mara Museoak

Alkizako Ur Mara Museoak, Sormenaren Kabia proiektuaren baitan, artea, zientzia eta natura uztartuko dituen egonaldiak eskainiko ditu lehen aldiz aurtengo udan.

 

Maria Jose Telleria, Iñaki Irazabalbeitia eta Koldobika Jauregi gaurko aurkezpenean. (NAIZ)
Maria Jose Telleria, Iñaki Irazabalbeitia eta Koldobika Jauregi gaurko aurkezpenean. (NAIZ)

Zientzia eta naturari lotutako esperimentazio eta prestakunta artistikorako egoitzak burutuko dira Alkizako Ur Mara Museoan. Artea, zientzia eta natura ardatz hartuta, Koldobika Jauregi eta Elena Cajarabille, museoaren sortzaileak izango dituzte bidelagun partehartzaileek.

Astebetez luzatuko diren hiru egonaldi izango dira denera, eta gai zehatz bat landuko dute. «Hausnarketa eta sorkuntza prozesuetan sakontzeko, hainbat zientzia alorretako adituen saio teoriko eta praktikak jasoko dituzte partehartzaileek», adierazi dute astearte honetan eginiko aurkezpenean. 

Egitasmoa hedabideen aurrean aurkeztu dute Koldobika Jauregik, Ur Mara Museoko zuzendariak, Gipuzkoako Diputazioko Kultura zuzendari Maria Jose Telleriak, eta Iñaki Irazabalbeitia, Alkizako alkateak. Sormenaren Kabia egonaldia erakunde pribatu eta publikoen elkarlanari esker jarri da martxan. Ur Mara Museoa eta Alkizako Udala elkarrekin aritu dira eta Diputazioaren babesa izango du proiektuak.

«Gipuzkoako Foru Aldundiarentzat pozgarria da pandemia garai hauetan kultur proiektu berri bat martxan jartzeko aukera izatea. Kulturak inoiz baino beharrezkoagoa du erakundeon laguntza eta uste dugu sorkuntza artistikoa gizarteratu nahi duten ekimenak babestea garrantzitsua dela», adierazi du Telleriak.

Irazabalbeitiak, bere aldetik, egitasmoari emandako babesa eskartu nahi izan dio Diputazioari. «Aldundiak Sormenaren Kabia egonaldien aldeko apustua egin du eta hori benetan eskertzekoa da», esan du.

Alkizako Udalak, herritarren eta herriko eragileekin batera, gogoeta prozesu luzea gauzatu zuen herriaren etorkizunak nondik norako izan behar duen definitzeko. Prozesu hartatik sortu zen Fagus Alkiza Herri Proiektua. Hiru zutabe ditu: natura, gizakia eta bi horien harremanetik sortzen den kultura. Azken honi lotuta sortu ziren, hain zuzen ere, gaur aurkeztu diren egonaldiak.

Jauregik lehen edizio honetan landuko diren gaien berri eman du. Materia, paisaia eta espazioa izango dira, hain zuzen ere. «Jakinmina eta esperimentatu nahia duten pertsonentzako laborategi modukoa izango da», nabarmendu du.

Sormenaren Kabia egonaldietan hainbat zientzia esparrutako adituek ere parte hartuko dute. Lehenengo ekitaldian Ana Galarraga zientzia dibulgatzailea, Itziar Garate astrofisikaria eta Arantza Aranburu geologoa izango dira gonbidatuak. «Beraien laguntzaz aukeratutako gaiaren inguruan, hausnarketa eta sorkuntza prozesuan sakontzeko aukera izango dute partehartzaileek», adierazi dute.

Jauregik jakinazi du, bestalde, Juan Barbé papergile artisauak ere egonaldietan saio teoriko eta praktikoak eskainiko dituela.

Unai Sorarrain bideogile alkizarraren lana ikusteko aukera eskainiko zaie museora bertaratzen direnei. «Sormenaren Kabia egonaldien esentzia zein izango den argi adierazten du musika eta irudi bidez», azaldu dute. Eskulturgileak azpimarratu nahi izan du pandemiak eragindako garai trumoitsu hauetan «aire zabalean lan egiteko aukera paregabea izango dutela ikasleek».

Egonaldietan parte hartu nahi dutenek irekita daukate izena emateko epea. Plaza denak agortu arte zabalik egongo da aukera eta epea ekainaren 25ean amaituko da. Partehartzaileei herrian bertan ostatu hartzeko hainbat aukera eskainiko zaizkie. Xehetasunak web orrian aurkituko dituzte.