NAIZ
Donostia

Ategorrietako sarraskiaren 90. urteurrenean lore eskaintza egin die EH Bilduk langileei

Koalizio abertzaleak Donostiako Udal Gobernuaren jarrera gaitzetsi du, zeinak 1931ko maiatzaren 27an Guardia Zibilak hil zituen zazpi langileei «aitortza instituzionalerako ekimenik ez egitea» erabaki duen.

Ategorrietako sarraskiaren 90. urteurrenean lore eskaintza egin du EH Bilduk. (EH BILDU)
Ategorrietako sarraskiaren 90. urteurrenean lore eskaintza egin du EH Bilduk. (EH BILDU)

Donostiako eta Pasaiako EH Bilduko zinegotziek lore-eskaintza egin dute gaur, Ategorrietako sarraskiaren 90. urteurrena oroitzeko. 1931ko maiatzaren 27an portuko zazpi langile hil zituen Guardia Zibilak, Ategorrietako erlojuaren parean, Donostiako erdigunera manifestazioan zihoazela, lan baldintzengatik protesta egiteko.

Koalizio abertzaleak Donostiako Udal Gobernuaren jarrera gaitzetsi du, zeinak «aitortza instituzionalerako ekimenik ez egitea» erabaki duen. EH Bilduk urteurrenaren inguruan antolatutako hitzaldi batean biktimen senideek parte hartu zuten, tartean Galizatik iritsi berri zen langile baten familiak. «Gaurko ekitaldi xume honek balio dezala, halaber, euren herrialdea utzi behar izan zutenen eta, 1931ko maiatzaren 27an bezala, gaurko Euskal Herria eraikitzen lagundu zuten guztien oroimena aldarrikatzeko».

Bide horretatik, Euskal Herriko historiaren borroka sindikal eta sozialak txalotu nahi izan dituzte. «Greba, manifestazio eta pikete horiek gabe, ezin izango genuke gaur egungo gizarte-babesaren eta lan eskubideen mailaz hitz egin».

Eta hau gogoratzeko beharra nabarmendu dute. «Gure hiriaren historiaren zati bat da hori guztia. Baina jakin badakigu Ategorrietako sarraskia eta, orokorrean, langile mugimenduaren borroka, hiri honen kontakizunetik baztertu nahi dela sektore zehatz batzuen aldetik. Sektore horiek dira, hain zuzen, hiri zentralista eta elitistaren ereduaren defendatzaile nagusiak. Horien arabera, Donostiako aberastasun iturri nagusia estatus altuko turismo eredua eta espekulazio urbanistikoa izan dira, eta dira».

Koalizioarentzat «ez zen kausalitatea izan», duela 90 urteko langile borroka haiek Donostiako ekialdetik ateratzea. Portuaren inguru guztia, Pasaiaren kasuan, eta Altza, Intxaurrondo eta Bidebieta, Donostiaren kasuan, errenta baxuenekoak izan dira historikoki, askoz langabezia handiagoarekin eta prestakuntza txikiagorekin, Donostiako gainerako auzoekin alderatua. «Hiriko ekialdearekin duen zor historikoa kitatzea» da EH Bilduren jomuga. Horretarako, «lan ildo iraunkor bat» jarri dute abian eta baita, maiatzaren 30ean, Herri Martxa bat antolatuko dute, Herreratik Udaletxeraino.