NAIZ

Euskalteka, euskarazko ikus-entzunezko edukien plataforma «berri eta aitzindaria»

Euskaltelek eta EiTBk Euskalteka sustatu dute, euskarazko ikus-entzunezko edukien plataforma «berri eta aitzindaria». Euskaraz sortutako edukiei eskuragarritasun eta irismen handiagoa ematea da Euskaltelen integratutako zerbitzu berriaren helburu nagusia.

Euskaltekaren aurkezpena Bibon. (Marisol RAMIREZ/FOKU)
Euskaltekaren aurkezpena Bibon. (Marisol RAMIREZ/FOKU)

Euskaltelek eta EiTBk Euskalteka aurkeztu dute ostegun honetan Bilbon, euskarazko ikus-entzunezkoen plataforma «berri eta aitzindaria». Plataforma berri honek aukera eskainiko die Euskalteleko telebistako bezeroei mota guztietako euskarazko saioak eskura izateko, modu errazean. Lehen fase honetan, ETB1, ETB3 eta eitb.eus-en eduki nagusienak egongo dira Euskaltekan. 300 orduko eskaintza programa arrakastatsuenekin.

Zerbitzu berriaren aurkezpenean parte hartu dute Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak, Xabier Iturbe Euskalteleko presidenteak, Isabel Octavio EiTBko Estrategia eta Komunikazio zuzendariak, Mikel Agirre EiTBko Esplotazio eta Ingeniaritzako eta Net-eko zuzendariak, eta Koldo Unanue Euskalteleko Marketin zuzendariak.

Zupiriak adierazi duenez, «euskarak urrats erraldoiak egin ditu 1982an Euskaren Legea onartua izan zenetik, eta EiTBko lehen hedabideak martxan jartzen hasi zirenetik gaur arte».

«Ibilbide oparo horretan mundu analogikotik digitalerako iraultza ere erabatekoa izan da eta erabakigarria, besteak beste, ikus-entzunezko kulturgintzaren zabalkunderako. Entzule, ikusle eta erabiltzaileen kontsumo ohiturak errotik aldatu dira eta aldatzen ari dira, pandemia garai honetan bertan ere ikusi ahal izan dugunez. Horregatik, ongietorria ematen diogu eta txalotzen dugu EITB eta Euskaltelen arteko lankidetza estrategiko hau, euskara ezagutzera eman eta erabilera sustatzen, Jaurlaritzaren helburuarekin bete-betean lerrokatzen delako», gaineratu du.

Iturbe, bestalde, harro agertu da euskarazko ekoizpenekin soilik osatutako lehen bideoteka aurkezteaz, «plataforma aitzindari bat, Euskadiko kultur panoraman mugarri». «Euskatelen lanak mamitzen duen guztiaren laburpena da Euskalteka: gizartearekiko konpromisoa, euskara, kultura, teknologia, berrikuntza eta bezeroarekiko gertutasuna», esan du.

Horrez gain, azpimarratu du zerbitzu berri hau «erreferentzia diren bi euskal enpresaren lankidetzatik» jaio dela, «nor bere esparruan erreferentzia diren Euskaltel eta EITB, biak ala biak helburu berarekin: Euskadiren garapen teknologiko, kultural eta sozialean protagonista eta sustatzaile izatea».

Mikel Agirre EiTBko Esplotazio eta Ingeniaritzako eta Net-eko zuzendariak, berriz, urtetan EiTBk eta Euskaltelek jorratu izan duten aliantzaren garrantzia azpimarratu du. Nabarmendu du euskaraz sortutako edukiei eskuragarritasun eta irismen handiagoa emateko aukera paregabea dela hau. «300 orduko lehen eskaintza bat dago jada martxan, euskarazkoa eta lehiakorra, nahieran kontsumitu ahal izango dena. Bere kanaletako edukiei difusio handiagoa emateko eta ikus-entzunezkoen kontsumo berrietara egokitzeko EITBren estrategiari erantzuten dio ekimen honek», azaldu du.