Oihane Irazu
Elkarrizketa
Maitane Salvador
Abeslaria

«Denon artean elkarri lagunduz atera dugu kanta aurrera»

Xabi Payak eta Xabi Aburruzagak osatutako letra eta musika Ander Deuna eta Betiko ikastoletako ikasleen eta lau abeslariren ahotik iritsi zaigu: Aiora Renteria, Itziar Ituño, Iholdi Beristain eta Maitane Salvador. Azken horrekin, abestiaren eta Ibilaldiaren inguruko inpresioak partekatu ditugu.

Maitane Salvador
Maitane Salvador

Zergatik uste duzu jarraitu behar dugula euskarari bultzada ematen?

Euskara beti bultzatu behar dugu; maitatu eta mintzatu. Ez dago Euskal Herririk euskararik gabe, hizkuntza gure sustraia da eta. Gure kultura da, eta denon parte da. Guk ere, Kantukolore proiektua ildo beretik daramagu, musika euskaldunaren eta euskararen bitartez gure haurrak heztea nahi dugulako.

Zelako esperientzia izan da pandemia egoeran grabaketa bat egitea?

Ez zait oso desberdina iruditu, pandemia garaian bideoklipak grabatzera egokitu garelako. Ibilaldiaren grabaketan oso eroso sentitu ginen. Unai Mimenza soinu teknikariarekin egin dugu; ezaguna dugu gure diskoan ere izan zelako, eta horregatik etxeko giroan sentitu nintzen. Egia da, hori bai, oso adi egon ginela segurtasun neurriak betetzeko: gela, distantziak… Azkenean, denon artean elkarri lagunduz eta barre handiak bota ondoren, kanta aurrera atera dugu pandemian egonda ere. Esperientzia polita izan da zalantzarik gabe.

Aurten Ibilaldiko kantua lau emakumek osatu duzue: Iholdi Beristain, Aiora Renteria, Itziar Ituño eta zu zeu. Nolakoa izan da artista horiekin lan egiteko aukera izatea?

Zoragarria, ederto pasa genuen  gainera. Iholdi eta Itziar Ituño bertan ezagutu nituen, eta egia esan oso eroso egon ginen lehenengo momentutik, barre handiak eginez grabazioan. Aiora, aldiz, ezagutzen nuen aurretik, azken bideoklipeko kantuan parte hartu genuelako elkarrekin. Horregatik aspaldi ezagutuko bagina bezala egon nintzen, oso pozik benetan artista horiekin Ibilaldiaren kanta elkarlanean egiteagatik.