NAIZ

Espetxe politikaren aldaketaren 1. fasea baloratu dute Foro Sozialak eta EPPK-k Logroñon

Logroñoko espetxean bilera egin dute asteburu honen EPPK-ko ordezkari diren Jon Olarrak eta Ainhoa Mujikak, batetik, eta Foro Sozial Iraunkorraren koordinatzaile Agus Hernanek, bestetik. Espetxe politikaren aldaketaren lehenengo fasearen balantzeaz jardun dute.

Agus Hernan, Logroñoko espetxearen atarian. (Foro Sozial Iraunkorra)
Agus Hernan, Logroñoko espetxearen atarian. (Foro Sozial Iraunkorra)

EPPK eta Foro Sozialaren arteko azken bilera iazko urriaren 30ean izan zen, orduan Granadako Alboloteko espetxean. Geroztik EPPKren ordezkari diren Ainhoa Mujika Goñi eta Jon Olarra Guridi hurbildu dituzte, bigarren gradua onartzeaz gain, eta ondorioz asteburu honetako bilera Euskal Herritik gertu egin ahal izan da, Logroñoko espetxean hain zuzen ere.

Datu honek agerian uzten duenez, nabarmen aldatu da espainiar espetxe politika azken hilabete hauetan, eta hain zuzen ere «lehen fase» horri buruzko azterketa egiteko eseri dira Mujika eta Olarra Foro Sozial Iraunkorreko koordinatzaile den Agus Hernanekin. Lorpenak eta zailtasunak biltzen dituen txostena osatu du Foroak eta EPPKren ordezkariei helarazi die. [Hemen txosten osoa pdf formatuan irakurgai, euskaraz zein gazteleraz]

Foroak ohar baten bidez laburbildu duenez, hasteko, «iruditzen zaigunez, datorren udarako ia preso guztiak (ez badira preso guztiak) Euskal Herriaren inguruko espetxeetan egongo dira zigorra betetzen, gehienak bigarren graduan, eta espetxeen transferentzia abian egongo da». Aurrerapen hauek «testingugu zail batean» eman dira, batetik covid-19ak jarritako oztopoak jakinak direlako eta bestetik «ETAren biktima-elkarteak osatzen duten oposizioa –lobbya– aurrez aurre edukita».

«Indarkeria zikloaren konponbidearen beste alderdi batean erabiltzen den metafora bera erabiliz, esan dezakegu espetxe-politikaren transatlantikoa behin betiko biratzen hastea lortu dela; 32 urtez sakon ainguratuta egon den ‘transatlantikoa’, hain zuzen», ondorioztatu du Foroak.

Agus Hernanek ordezkatzen duen eragileak nabarmentzen duenez, prozesu honetan  «esan beharra dago presoek beraiek, EPPK osatzen duten eta Espainiako Estatuan espetxeratuta dauden 184 pertsonetako gehienek (dauden graduan daudela) motu proprio idatziak egin dituztela beren bizi-ibilbideetatik eta bizipen pertsonaletatik abiatuta. Idatzi horietan, eragindako kaltea berariaz aitortzen dute, biktimen oinazea aitortzen dute eta biktimen sufrimenduarekiko enpatia erakusten dute».

«Gaur egun, ikusten dugu presoen senide eta hurbilekoek poztasun eta arinduz bizi dutela egoera berri hori eta, gainera, itxaropena dutela egoerak auzia konpontzeko leihoa behin betiko irekitzeko aukera emango duela», erantsi du Foroak.

Aldeketarako aldagaiak

Gobernu espainola zein presoen jarrera aipatu ondoren, zera gogoratzen du Foro Sozial Iraunkorrak: «Espetxe-politikan aldaketa horiek egitea posible izan da, funtsean, inplikatutako aldeen borondate politikoari esker, baina urtetan zehar esparru instituzional, politiko, sindikal eta sozialean eraikitako adostasunak aurretiko bultzada emana zuen»

«Aipamen berezia merezi du, bestalde (lehen aipatu dugunez, Espainiako Estatuan eztabaidaren testuinguruak duen balioagatik), ‘Atzera egiterik gabeko bide berri baten alde’ manifestuak (2021/01/21), idazle, kazetari, aktore, zinema-zuzendari, giza eskubideen aldeko ekintzaile, ETAren biktima eta abarrek sinatuak».

Bere aldetik, txostenean ondorio gisa beren poza ez du izkutatzen Foroak, temati defendatu dituen bi ideia egun oso onartuak direlako: «Presoen auzia konpontzea elkarbizitza demokratikorako ekarpena izango litzateke» eta «kontua ez da ‘biktimak ala presoak’, baizik eta ‘biktimak eta presoak’».

Azken kontu bat erantsi du Foroak, bilera osteko komunikazio honetan, ongi etorriei buruzkoa: «2021eko urtarrileko txostenean adierazi genuen ‘alderdi honek eragin zuzena du lantzen ari garen gaian’. Gaur egun, esan dezakegu gai horrek dagoeneko ez duela zuzeneko eraginik espetxe-politika aldatzeari buruzko eztabaidan».