Uste baino beranduago, baina abian da dagoeneko El Salvadorreko Munduko Surf Txapelketa, eta bertan bost euskaldun ditugu lehian. Horietako hiruk, gainera, bigarren kanporaketarako txartela eskuratu zuten igandean: Ariane Ochoa, Leticia Canales eta Aritz Aranburu.
Emakumeek Sunzaleko podiumean surfeatu zuten. Ariane Ochoa izan zen Basque Teameko surflarien artean lehena uretara sartzen, eguneko zazpigarren txandan. Bilbotarra buru izan zen bere txandan, eta 9.73rekin (5.00eko olatuak eta 4.73ko olatuak osatua) Noa Lelior israeldarra, Lucile Jarrad argentinarra eta Sauma Hörvallius suediarra gainditu zituen.
Leticia Canalesek Anat Lelior israeldarra, Deva Perez suediarra eta Urzala Weis afganiarra izan zituen aurkari hamargarren txandan. Itsasoak aukera gutxi eman zizkien kirolariei, olatuak bereziki eskasak izan baitziren euren seriean.
Lehen posturako lehia Canales eta Leliorren artean geratu zen, baina azkenean sopeloztarrak eraman zuen txandako garaipena, Tokioko Jokoetarako sailkatuta dagoen aurkari baten aurrean. Leticiak bi olatu zamalkatu zituen, bata 6.00ekoa eta bestea 5.60koa, eta horiekin lortu zuen azken emaitza.
Gizonezkoek, ordea, La Bocanako podiumean lehiatu ziren. Aritz Aranburuk ez zuen arazorik izan bigarren kanporaketara igarotzeko. Hasiera batean zailtasun handirik ez zuen txanda batean, aurreikuspenak bete zituen eta puntuaziorik onenak eskuratu.
Guztira 10.10 punturekin gainditu zituen Stanley Norman britainiarra, Lucas Bay daniarra eta Jackson Obando nikaraguarra. Norman gazteak bakarrik egin zion aurre Zarauzko surflari beteranoari, 3.17ko olatu batekin eta 4.13ko beste batekin.
Criere, aurrera; Erostarbe, berraukerara
Astelehen honetan, Nadia Erostarbek ez du lehen kanporaketa gainditu eta berraukerako fasea jokatu beharko du. Andy Crierek, aldiz, bigarren kanporaketara igaro da bere txandan bigarren izanda.
El Salvadorreko txapelketa honek Tokioko 2021eko Joko Olinpikoetarako 12 plaza ditu jokoan, zazpi emakumeentzat eta bost gizonentzat. El Salvadorren Tokio 2020rako sailkatuko diren hamabi surflariak surfaren debut olinpikoan lehiatuko diren 20 gizon eta 20 emakumeen taldera batuko dira. World Surf Leaguearen bitartez (WSL, CT) 2019ko Munduko txapelketaren bitartez eta 2019ko Panamerikar Jokoen bitartez jada sailkatuta dauden beste 28 kirolariei batuko zaizkie beste 12 hauek.