NAIZ

Ochoa, Canales eta Aranburu, hirugarren kanporaketara Munduko Surf Txapelketan

Nadia Erostarbe izan zen asteleheneko ezusteko nagusia, ez baitzuen El Salvadorreko Munduko Txapelketako lehen kanporaketa pasa. Andy Crierek bai, ordea, baina bigarrenean ez eta biek bigarren aukerako kanporaketa jokatu beharko dute.

Era guztietako albisteak datoz El Salvadorreko Munduko surf txapelketatatik. Albiste onekin hasita, Ariane Ochoa, Leticia Canales eta Aritz Aranburu hirugarren kanporaketara sailkatu direla azpimarratu behar da.

Ariane Ochoak surf sendoa erakutsi zuen astelehenean, azken aldian izan dituen txapelketa guztietan bezala. Txanda-buruan jarri zen eta ez zuen lidergoa galdu 20 minutuetan. Bere bi olatu onenek 9.93 eman zioten, eta hirugarren kanporaketarako txartela eskuratu zuen, Alyssa Spencer estatubatuarraren 5.33koaren, Havanna Cabrero portugaldarraren 5.23koaren eta Lucy Campbell britainiarraren 3.63koaren aurretik bukatuta.

Leticia Canalesek ere ez zuen arazorik izan txapelketan aurrera egiteko. 3.83ko olatu batek eta 4.83ko beste batek txandaren gorengo tokian jarri zuten, eta lehiakideek ez zuten postu hori inoiz mehatxatu. Sopelako surflariak nagusitasunez irabazi zien Nilbie Blancada filipinarrari, Paige Alms kanadarrari eta Rheanna Rosenbaum belgikarrari. Are gehiago, txandaren amaieran 4.50eko olatu bat hartu zuenean, 9.33ko emaitzarekin amaitzeko.

Aritz Aranbururen txanda oso zirraragarria izan da. Zarauzko surflariaren aurkariak Gearoid Mcdaid irlandarra, Ryan Callinan australiarra eta Jose Lopez venezuelarra izan ziren. Gipuzkoarra hirugarren izan zen denbora askoan eta emaitza amaieran bideratu behar izan zuen. Azken olatuak hirugarren kanporaketarako sarbidea eman zion azken hasperenean.

Erostarbe eta Criere, lana betetzera

Albiste txarren artean, Nadia Erostarbek eta Andy Crierrek bigarren aukerako kanporaketa jokatu beharko dute. Estatistikek eta WQS zirkuituko zerrendan zuen hamabosgarren postuak surflari zarauztarra bere txandako faborito bezala jartzen zuten, baina Marcela Machado uruguaitarraren eta Advah Bar Sade israeldarraren artean geratu zen lehen bi postuak lortzeko lehia. Txanda amaitzeko 6 minutu falta zirenean Erostarbek 4.40ko olatu bat behar zuen, baina ez zuen lortu. Bigarren aukerako kanporaketetan lehiatu beharko du hemendik aurrera.

Andy Crierek zorte hobea izan zuen lehen jardunaldian La Bocanako podiumean. Donostiarra bigarren postuan igaro zen hurrengo kanporaketara. Txanda amaitzeko sei minutu falta zirenean Andyk 4.48ko olatua behar zuen kanporatua ez izateko eta minutu bat geroago 5.37koa erdietsi du, horri esker txartela lortuz.

Bigarren kanporaketan, ordea, Owen Wright, Filipe Toledo eta Santiago Muñiz argentinarrarekin lehiatu behar izan zuen. Txandako zati handi bat lehen eta bigarren postuetan egin bazuen ere, Muñizi ondo puntuatutako azken olatu batek pasea kendu zion euskaldunari. Bigarren aukerako kanporaketa jokatu beharko du Crierrek.