NAIZ

Pauline Ado eta Aritz Aranburu laugarren kanporaketara igaro dira

Pauline Ado eta Aritz Aranburu laugarren kanporaketara igaro dira El Salvadorren jokatzen ari den ISA Munduko Txapelketan. Tokioko Olinpiar Jokoetarako txartela lortzeko borrokan murgilduta daude. Nadia Erostarbek aurrera egin du bigarren aukerako fasean eta Criere txapelketatik at geratu da. 

El Salvadorren jokatzen ari den Munduko Txapelketa aurrera doa. Tokioko Olinpiar Jokoetarako txartelak banatuko dira eta erronka horretan bizi-bizirik jarraitzen dute Pauline Ado eta Aritz Aranburu euskaldunek. 

Hirugarren kanporaketa gainditu –txandako onenak izanik– eta ostegun honetan laugarrena jokatuko dute. Alegia, hamasei onenen artean daude biak ala biak. 

Hirugarren fase horretatik kanpo geratu ziren, hain zuzen ere, Leticia Canales eta Ariane Ochoa. Ez zuten beraien egunik onena izan eta txandako azkenak izan ziren –Canalesek Adorekin batera lehiatu zuen–.

Haatik, hauek oraindik ere bide luzeago eta korapilatsuagoa jorratu beharko dute Tokiorako txartela eskuratu nahi izanez gero, bigarren aukera lehiatu beharko baitute, Nadia Erostarbek egin legez. Nolanahi ere, Ochoa eta Canales bigarren aukerako 4. kanporaketan sartuko dira lehian. 

Erostarbe eta Crierek bigarren aukerako bigarren aukeraketan aurrera egin dute baina hirugarrenean kaleratua izan da hendaiarra. 

Nadia Erostarbek irabazi egin zuen eguneko lehen txanda. 5.83ko olatu batek eta 4.33ko beste batek 10.16 puntu eman zizkioten, aurrealdean jartzeko. Advah Bar Sade israeldarrarekin batera sailkatu zen errepeskako hirugarren faserako. Bertan, Nadia ere taldeko lehena izan zen. Etengabe olatuak hartzen aritu zen pasea ziurtatzeko, eta guztira 6.16 puntu eskuratu zituen.

Nadiak egin zuen bezala, Andy Crierek ere eguneko lehen oztopoa gainditu zuen. Dwight Pastrana gazte portugaldarra izan zen txandako onena eta 9.37rekin Criereren aurretik bukatu zuen. Basque Teameko surflariak 4.33 eta 4.03ko olatuak pilatu zituen, eta horiek aukera eman zioten errepeskako hirugarren fasera joateko.

Hala ere, hirugarren kanporaketa horretan kostatu egin zitzaion olatuak aurkitzea aurkari gogorrak izan zituen txanda batean: Owen Wrigt australiarrak eta Alonso Correa peruarrak ez zieten aukerarik eman Criere eta Marco Giorgiri. Itsasoak behera egin zuen eta Crierek ezin izan zuen behar zuen 7.90a lortu.