Jon Ormazabal

Zabaletari irabazi ostean, Beñat Rezusta prest da etor dakiokeen edozertarako (8-22)

Sake errestoan berriz ere huts egin duen Zabaletak baino dohain ugariagoak dituela erakutsi du bergararrak eta erraz nagusitu zaio atzelarien arteko deman. 

Beñat Rezusta nagusitasunez gailendu zaio Zabaletari atzelarien arteko deman. (Jon URBE/FOKU)
Beñat Rezusta nagusitasunez gailendu zaio Zabaletari atzelarien arteko deman. (Jon URBE/FOKU)

Nahiz eta oraintxe nahiagoko lukeen Iñaki Artola osatu eta alegiarrak jokatzea kantxan irabazi zuen finala, Beñat Rezustak Irunen erakutsi du etor dakiokeen edozertarako prest dagoela Jose Javier Zabaletari atzelarien arteko dema nagusitasunez irabazi eta hirugarren postua eskuratuta. Parte hartu duten bi atzelariek emandako maila bikaina izan da txapelketako ezustekorik handienetako bat, baina bergararrak buruz buruko lehiatan askoz trebatuagoa dagoela erakutsi du gaurko partidan.

Izan ere, Altunaren aurkako finalerdietan bezala, oinarrizkoen diren gauza horietako batean egin du huts Zabaletak, sake-errestoan eta, hortik aurrera, bere konfort eremutik at ibili du Beñat Rezustak etxarrendarra. Aurreko astean bezala, epailearen txapak aurkariari eman dio lehen sakea eta deseroso aritu da partida guztian zehar nafarra, denera zortzi tanto egin dizkio gipuzkoarrak lehen pilotakadarekin, baina horietako sei gutxienez, denak ezkerrarekin, eraman gabe utzi ditu Zabaletak eta horrek ez dio partidan behar bezala sartzen utzi.

Desoroso

Baina Beñat Rezustak ere izan du «erruaren» parte handi bat, zuzen eta piloteoan nor nagusitzen zen ikustera jokatu ordez, aurkaria mugitzen eta deseroso aritzen saiatu baita etengabe, aurrera pausu bat eman eta sotamanoz ere sarri sartuz. Frontisetik gertu beste aisetasun eta arintasun bat erakutsi du Rezustak, makurtu eta gerria sartzerakoan ohituagoa dagoela ikusi zaio bergararrari eta partida hasiera berdindu baten ostean, launakoa izan da lehiako bigarren eta azken berdinketa, erraz egin du ihes markagailuan.

Bazen bi jotzaile hauen arteko partida ikusteko ikusminik, Artolaren lesioak ere hasiera batean ez zuen gatza eman dio, baina lehiak ez zuen espero zenik eman. Zabaletak partida amaieran aitortu duenez, hasieran jokatutako tanto gogor baten ostean ondoezik sentitu da, zorabioren bat izan omen du, eta gorputzari buelta eman ezinik aritu da, gorputzak, denboraldi oso luze baten ostean «nahikoa da» esan izan balio bezala. Gainera, Darioren partidaren ostean eskuina minduta izan duela aitortu du lehen aldiz eta horrek ere izan du zeresanik bere azken bi porrot mingarrietan. Gaur, partida erabat hautsita zegoela egindako bi sake zital izan dira egin dituen gauzarik onenak eta hori oso gutxi da Rezusta on baten aurka.

FITXA TEKNIKOA:

Zabaleta: 8

Rezusta: 22

Pilotakadak: 160. Iraupena: 40,28 minutu. Markagailua: 0-2, 1-2, 1-4, 4-4, 4-10, 5-10, 5-18, 8-18, 8-22. Sakeak: 2 Zabaletak eta 8 (2 falta) Rezustak. Tantoak: 2 Zabaletak eta 9 RezustakHutsak: 4 Zabaletak eta 3 Rezustak. Gorabeherak: Buruz burukoaren hirugarren posturako lehia Irungo Uranzu pilotalekuan jokatu da. Jose Javier Zabaletak Fermin Escudero izan du botilero eta Beñat Rezustak Xabi Erostarbe.