Bilboko Alde Zaharrean izandako manifestazio batek Txabi Etxebarrietaren inguruko ekitaldiekin aurreko astean gertatu zena salatu eta Etxebarrieta anaiak oroitu ditu astelehen honetan. Izan ere, Egiari Zor fundazioak eta Etxebarrieta Memoria elkarteak bertan behera utzi zituen ostiralean Bilbon eta igandean Bizkaiko hiriburuan eta Derion Txabi Etxebarrieta ETAko kidearen omenez antolatutako ekitaldiak, hainbat talderen salaketak jaso ondoren.
Gaurko manifestazioa 19.30ean atera da Etxebarrieta Anaien Plazatik eta San Anton elizaren kanpoaldean bukatu da, bertan izan baitzen Txabi Etxebarrietaren hileta 1968an. «3.000 pertsonatik gora batu ziren egun hartan, baita poliziaren 50 Land Rover ere. Polizia bertaratutakoen kontra oldartu zen, hauek ‘Gu gira Euskadiko gazteri berria’ abesten zuten bitartean», gogoratu dute manifestazio bukaerako ekitaldian.
Bilboko Udalak Etxebarrietaren heriotzean gertatutakoaren bertsio berri bat azaltzera eta argitzera zihoazen bi memoria elkarteei Burtsako eraikineko espazio bat ukatu izana salatu dute mobilizazioan. Era berean, gogoratu dute egun horretan bertan, Iñigo Urkullurekin batera, espainiar erregeak «memoria lerratuaren museoa» inauguratu zuela Gasteizen, «inposatutako kontakizunarena».
«Gu egia osoa jakin nahi duen herria gara. Askatasunean eta errespetuan eraikiko dugun herria», nabarmendu dute.
Izan ere, Txabi Etxebarrietaren bizitza gogoratu dute. Janis Joplin-en ‘Piece of my heart’ abestiarekin hasi da ekitaldia, 1968ra bidaiatxo bat eginez. Modu horretan, garai horretako testuinguru politiko «berezia» ekarri dute gogora: Gerra hotza, Kubako Iraultza, Aljeriako independentzia, Estatu Batuen porrota Vietnamen, Parisen hasitako 68ko Maiatza...
Gogoratu dutenez, Bilbon jaio ziren Etxebarrieta anaiak: Joxean 1940an eta Txabi 1944an. Joxean EGIko militantea izan zen, eta EAJko zuzendaritzarekin izandako tirabira batzuen ondoren, ETAra hurbildu zen. Burgosko prozesuan abokatu lanetan aritu zen, eta gaixotasun baten ondorioz 33 urterekin hil zen.
Txabi Etxebarrietak ekonomia ikasi zuen eta gaztetatik ibili zen ETAn, nazioa eta klase zapalkuntza bateratzen zituen begirada estrategikoa marraztuz erakundeko V. asanbladan. 1968ko ekainaren 7an, 23 urte zituela, Guardia Zibilak kontrol batean gelditu, identifikatu eta tiroz hil zuela Benta Haundin (Tolosa) gogoratu dute gaurko ekitaldian.