Marcel Pena
Aktualitateko erredaktorea / Redactor de actualidad

Lehen aldiz lau arbitro emakume protagonistak izan ziren Libertadoresen

Libertadores Koparen historian lehen aldiz, lau emakumek osatu zuten partida ofizial bateko arbitro taldea pasa den maiatzaren 27an. Edina Alves, Neuza Back, Cindy Nahuelcoy eta Maria Belen Carvajal arduratu ziren Defensa y Justicia eta Independiente del Valle taldeen arteko berdinketa arbitratzeaz.

Emakumez osatutako arbitro taldea, Defensa y Justicia eta Independiente del Valle taldeen arteko partidan. (Juan MABROMATA/AFP)
Emakumez osatutako arbitro taldea, Defensa y Justicia eta Independiente del Valle taldeen arteko partidan. (Juan MABROMATA/AFP)

Hego Amerikako Libertadores Kopan, maiatzaren 27ko jardunaldian, Argentinako Defensa y Justicia eta Ekuadorreko Independiente del Valle taldeen artekoa izan zen txapelketaren historian emakumez soilik osatutako arbitro talde batekin jokatu zen lehen partida. Edina Alves brasildarra izan zen arbitro nagusia, bere herrikide Neuza Back eta Cindy Nahuelcoy txiletarra marrazainak, eta Maria Belen Carvajal laugarren arbitroa. Gainera, Sabrina Lois argentinarra izan zen arbitroen aholkularia eta Ana Paula de Oliveira brasildarra bideo aholkularia.

2021eko edizioko A Taldearen azken jardunaldian, dena erabakita zegoela, Alvesek oso arbitraje ona izan zuen partidaren kroniken arabera, eta ez zuen zalantzarik izan Independiente del Valleren penaltia seinalatzeko. Argentinarrek eta ekuadortarrek 1-1 berdindu zuten Norberto Tomaghello estadioan, Buenos Aires probintzian (Argentina). Partida dinamiko baina garbia izan zen, talka gogor gutxirekin, eta Alves brasildarrak arazorik gabe zuzendu zuen; zenbait erreklamazio epeli entzungor egin eta Independienteko Christian Ortiz aurrelariari bakarrik kargu hartu zion, txartel horia aterata.

Emakumeen erreferentea

Libertadores Kopako partida jokatu aurretik, Edina Alves arbitro nagusiak gizonezkoen futbol maila goreneko zenbait partida zuzenduak zituen. Portugalgo “Dibradoras” hedabideak egindako elkarrizketa batean, Alvesek azaldu zuen umetan areto futbolean jokatzen zuela. «Hamaikako futbolean zailagoa zen, garai hartan ez baitzegoen neskarik talde bat osatzeko, baina talde mistoak egiten genituen», erantsi zuen epaileak. Hala ere, laster ohartu zen bere bokazioa arbitro izatea zela, nahiz eta historiak eta tradizioak bidea zailtzen zioten. Paranako Estatuko Ligan, jaio zen herrian, arbitratzeko eta laguntzaile izateko gaitasuna zuen, baina emakumezkoen eta oinarriko mailetako gizonezkoen partidetan bakarrik aritzen zen titular; helduetan, berriz, marrazain. «Estatuko arbitraje zuzendariak deitu zidan, eta esan zidan Brasilgo Futbol Konfederazioko (CBF) gaitasun fisikoaren azterketa egiteko hautatu nindutela. Oso hunkituta nengoen. Emakumeen gaitasun fisikoaren azterketa ez ezik, gizonena ere gainditzeko moduan jarri nintzen; beraz, banekien gaindituko nuela. Baina gero azaldu zidaten arbitro laguntzailea izateko zela. Estatu bakoitzak hiru lagun bidal zitzakeen proba egitera, bat arbitro nagusi gisa eta bi arbitro parte-hartzaile gisa», adierazi zuen brasildarrak FIFAk egindako beste elkarrizketa batean.

Alvesek bigarren mailako eginkizun horretan aritzea erabaki zuen federazio nazionaleko kide egin zenean. Dena den, 2014an ideia aldatu zuen eta bere hasierako ametsari heldu zion: «FIFAko epaile laguntzaile izateko hautagai nintzen, baina hutsetik hastea erabaki nuen: arbitro nagusia izateko ikasi eta entrenatu. Gogogabetuko nintzela pentsatu zuten, baina ez nuen bi aldiz pentsatu». Bost urte geroago, 2019ko maiatzean, Brasilgo Serie A goi mailako gizonezkoen partida bat arbitratu zuen lehen emakumea izan zen Edina eta hilabete horretan bertan, Frantziara bidaiatu zuen, Neuza Backekin batera, FIFAren 2019ko Emakumezkoen Munduko Kopan arbitro lanak egiteko. Hain zuzen ere, AEBen eta Ingalaterraren arteko finalerdia arbitratu zuen. Gainera, lehen emakumea izan zen FIFAk antolatutako gizonezkoen txapelketako partida ofizial batean laugarren arbitro gisa epaile lanak egiten, joan den otsailean, Qatarren jokatutako Kluben Munduko Txapelketan. Otsailaren 4an laugarren arbitroa izan zen Mexikoko Tigres eta Hego Koreako Ulsan Hyundai taldeen arteko partidan. Bertan parte hartu zuten beste bi emakume arbitroak dira Neuza Back brasildarra –Libertadores Kopako partidan ere egon zen– eta Mariana de Almeida argentinarra.

Orain arte lortutakoarekin aseta egotetik urrun, Alvesek azaldu zuen bere hurrengo helburua 2022ko Qatarreko Munduko Txapelketan egotea dela. «Dei diezadaten lan egiten saiatzen naiz, nire helburua da. 2022ko Mundu Txapelketa amets bat izango litzateke niretzat, baina hori ez dago nire esku. Nire esku dago lan egitea, ahalegina egitea eta deitzen badidate prest egotea. Nire eta emakume guztien ametsa eta ohorea litzateke».

Aitzindariak

Alvesek gizonezkoen lehiaketetan debuta egin aurretik, Esther Staubli suitzarrak eta Claudia Umpierrez uruguaitarrak FIFAko gizonezkoen txapelketak arbitratuak zituzten, baina gazteen kategorietan (17 urtetik beherakoen munduko txapelketa). Europan, Stephanie Frappart izan zen Txapeldunen Ligako partida bat arbitratu zuen lehen emakumea, zehazki, Juventus-Dynamo Kiev artekoa, 2020ko abenduaren 2an. Frantsesak aldez aurretik arbitro lanak egin zituen gizonezkoen Europako Superkopan: Liverpool eta Chelsea aurrez aurre, 2019an. Lehenago, Nicole Petignat suitzarra izan zen gizonezkoen Europako Kopan arbitratu zuen lehen emakumea, UEFA Kopan (gaur egun Europako Liga), 2003ko abuztuan.