«Denbora badoa! Orain Presoak!» goiburupean antolatu dituzten mobilizazioen baitan ,Jakes Esnal, Jon Parot eta Unai Paroten askatasuna aldarrikatzeko Baiona eta Donibane Lohizune lotuko dituen martxa antolatu du Bake Bideak. Aldi berean, testuinguru orokorraren inguruko irakurketa egin dute Anaiz Funosas eta Jean-Daniel Elichiry bozeramaileek, eta «arrunt kezkatuak» direla jakinarazi dute.
Jakes Esnal, Unai eta Jon Parot, eta iazko azaroan baldintzapean aske atera zen Frederic "Xistor" Haranburu 1990eko apirila hastapenean atxilotu zituzten, beraz jada 31 urte bete dituzte espetxean eta 32. urtean sartu dira. Gauzak honela, oraindik espetxean diren hiru presoen asktasauna eskatzeko eta haien baldintzapeko askatasun eskaerei trabarik jarri ez diezaieten eskatzeko, 31 kilometroko ibilaldia antolatu dute uztailaren 10erako, hau da, «preso pasa duten urte bakoitzeko kilometro bat».
Unai Parot Baionan bizi zela eta Jakes Esnal Donibane Lohizunekoa dela kontuan hartuta, 8.00etan abiatuko da martxa Lapurdiko hiriburutik eta, Biarritz, Bidarte eta Getariatik pasa ostean, 17:00etan amaituko da Donibane Lozhiunen, amaiera ekitaldi eta hitzartze batekin.
«Iraganaren irakurketak sor ditzakeen ezberdintasunetaz haratago, militante hauen asktasuna ezinbestekoa den zerbait bilakatu da lurralde mailan, hau da, ezinbeste gainditu beharreko etapa bat», eman du aditzera Anaiz Funosasek Baionan eskaini duten prentsaurrekoan.
Testuinguru kezkagarria
Bake Bidea mugimenduko ordezkariek oroitarazi dutenez «kasik 10 urte pasa dira 2011ko urriaren 17an Donostian bake prozesua abiatu zenetik», baina haien iritziz, gaur egun, «testuinguru juridikoa, gizarte mailakoa eta politikoa kontrakoak dira». Horregatik, kezka azaldu dute eta egoera honen aurrean mobilizatzeko deia egin dute.
Anaiz Funosasek azaldu duenez, «urteak dira, zinezko lerratze baten lekuko garela terrorismoaren kontrako ildoan, eta lerratze horrek, Euskal Herriaren erralitate politiko eta sozialaren irakurketa, eta euskal presoengan duen erabilera juridikoa itxuragabetu du denboran».
Bake Bideako ordezkariek epaile frantsesen artean bilakaera bat izan dela eta haietako batzuek Euskal Herriko egoera kontuan hartzen hasiak direla aitortu dute, baina aitzitik, fiskaltzaren jarrera salatu dute. Funosasen esanetan, «Terrorismoaren Kontrako Ministerio Publikoak edo PNAT-k, desordena publikoa eta arriskua aipatuz, harresi bat irekitzen dio bake prozesuarentzat beharrezkoa eta logika den bideari».
Adibide moduan, Fiskaltza antiterroristaren jarrerk okerrera egin duela azaltzeko bi kasu aipatu ditu Funosasek: «Mikel Barriosen lehen etapa gaindiutu den arren luzatzen ari da fiskaltza antiterroristak espetxean sartu nahi duelako bai ala bai, eta zer esan Fernadez Aspurzen kasuan, saiatu dira kondena ostean ere pertsona kondentzan eta baldintzak ezartzen».
«2019ko uztailean sortu zenetik, Terrorismoaren Kontrako Ministerio Publikoak konfrontazio logikoa erabiltzea nahiago» duela nabarmendu dute Bake Bideako bozeremaileek, eta 31 urte baino gehiago espetxean daramaten presoei dagokienean honakoa ohartarazi dute: «Ez dugu, Xistor Haranburuk izan duen beste irtenbiderik onartuko!».
Bestalde, Madrilen mugimenduak atzeman daitezkeen arren Parisen jarrerak «okerrera» egin duela adierazi dute Bake Bideako ordezkariek. Haien aburuz, «Euskal Herriko jendarteak bilakaera erradikal bat espero du euskal presoen gaiaren inguruan, euskal jendartea prest da urrats guztiak laguntzeko eztabaidaren bidean, eta ondotik gatazkaren biktima guztien inguruan eta justizia trantsizionalaren inguruan».
Mixel Berhokoirigoin gogoan
Baionan eskaini duten prentsaurrekoan lehen hitzak pasa den maiatzean zendu zen Mixel Berhokoirigoin bakegileari eskaini dizkiote hizlariek. Berhorokoirigoin hil zenetik jendartean aurkeztu diren lehen aldia izaki, lehen hitzak beretzat eskaini nahi izan dituzte Bake Bideako kideek. «Gure ekintzetan parte izaten jarraituko du eta determinazioz arituko gara», azaldu du Funosasek.
Jean-Daniel Elichiryk bere aldetik, honako ausnarketa egin du: «Bake prozesuan izanzuen engaiamendua historikoak eragina izango du gure determinazioan eta berak definitu zituen helburuak lortzeko bidean».
Mixel Berhokoirigoin parte zen euskal delegazioa eta Parisko ordezkaritza baten artean harreman bidea irekia dela baieztatu du Funosasek, baina «ez du ekarri guk eskatutako aldaketa eta horregatik jarraituko dugu behar den mobilizazio maila mantentzen, Parisek uler dezan zer den herri honek nahi duen garapena».