UEMAk agerraldia egin du gaur goizean Gasteizko Parlamentuan, udalerri euskaldunetako osasun zerbitzuetako hizkuntza eskubideei buruzko datuak aurkezteko. Iraitz Lazkano UEMAko lehendakariak eta Garikoitz Goikoetxea azterketaren arduradunak aurkeztu dituzte datuak Osasun Batzordean.
UEMAk bi urtetik behin egin ohi du behaketa eta, dioenez, ez du eboluziorik sumatu aurrekotik hona. Aurkeztutako datuen arabera, bost langiletik batek ez daki euskaraz; eta pediatren kasua larriagoa da, herenak ez baitira euskaldunak.
Mankomunitateko kide diren 90 udalerrietako osasun zerbitzu publikoetako datuak behatu, aztertu eta herritarren hizkuntza eskubideak zenbateraino bermatzen diren neurtu du UEMAk, eta egindako lanaren emaitza gaur goizean aurkeztu du Parlamentuan.
Hasieran, UEMAko lehendakari Iraitz Lazkanok mankomunitatearen nondik norakoak, helburuak eta egitekoak azaldu dizkie legebiltzarkideei. Gogoratu du UEMAk beti aldarrikatu duela administrazio publikoek «eredugarri» izan behar dutela euskararen biziberritze prozesuan: «Horretatik abiatuta, lan egiten dugu gure udalen euskalduntzean, beste administrazioek gurean ematen dituzten zerbitzuen euskalduntzean, eta udalerrietan euskaraz bizitzeko dauden oztopoak gainditzen, herritarren ahalduntzearekin batera».
Gaurko agerraldia beste administrazioek UEMAko kide diren herrietan ematen dituzten zerbitzuen baitan kokatu du, eta horiek hobetzeko Osakidetzarekin azken urteotan elkarlanean egindako bidea ere aipatu du.
Azterketaren ardura izan duen Garikoitz Goikoetxea UEMAko teknikariak, berriz, behaketaren irizpideak, metodologia eta emaitzak aurkeztu ditu. Abiapuntua argia da: «Osasun zerbitzua euskaraz jasotzea herritarren eskubidea da eta, beraz, erakunde publikoen obligazioa. Eskubide horiek bermatzeko pauso handiak eman dira azken hamarkadotan, baina egunero urratzen dira eskubideak oraindik».
Aurkeztutako txostenak UEMAko kide diren herri guztien azterketa biltzen duen arren, Parlamentuan egindako agerraldian Osakidetzari dagozkion datuak soilik aletu eta aurkeztu dituzte gaur.
Arabari, Bizkaiari eta Gipuzkoari dagokionez, zehazki, osasun etxeetan Osakidetzak 559 lanpostu dauzka UEMAko kide diren 90 herrietan, eta ia guztietan zehaztuta dago hizkuntza eskakizuna betetzeko derrigortasun data: 548 postutan (%98). Eguneroko errealitatea, ordea, bestelakoa da, bost langiletik batek ez baitu lortu bere postuari dagokion hizkuntza eskakizuna, eta gaur egun Osakidetzako 106 langile ari dira udalerri euskaldunetan euskara gaitasuna egiaztatu gabe. Zenbait arlotan, ehunekoak aldatu egiten dira. Pediatren kasuan, esaterako, datua makurragoa da, hirutik batek ez baitaki euskaraz.