NAIZ

Koronabirusaren aurkako txertoen patenteak askatzeko eskatu dute Bilbon

Right2Cure Euskadi plataformak, hainbat kolektibo sozial eta sindikalekin batera, covid-19aren aurkako txertoen patenteak eta horiek fabrikatzeko teknologia askatzeko eskatu du Bilbon.

Right2curek antolaturiko elkarretaratzea, koronabirusaren txertoen patenteak askatzeko eskatuz. (Monika DEL VALLE/FOKU)
Right2curek antolaturiko elkarretaratzea, koronabirusaren txertoen patenteak askatzeko eskatuz. (Monika DEL VALLE/FOKU)

«Txertoak guztiontzat» lelopean, hamarnaka lagunek bat egin dute Right2cure Euskadiren eta hainbat kolektibo sozial eta sindikalen deialdiarekin, covid-19aren aurkako txertoen patenteak eta horien fabrikazio-teknologia askatzeko eskatzeko.

Elkarretaratzea Europako beste leku batzuetan egindako mobilizazioen baitan egin da. Mobilizazio horien bidez, Rigth2cure ekimen europarrak Munduko Merkataritza Elkartea (MME) eta Europako Batzordea presionatu nahi ditu, txertoaren patenteak kendu ahal izateko.

Rigth2cure-rentzat ez dago irtenbide partzialik edo lokalik, «erantzun globala behar baita inor atzean gera ez dadin». «Herrialde guztiak salbu egon arte ez da herrialde bat ere salbu egongo», nabarmendu dute.

Medicus Mundi, Osalde, Munduko Medikuak, Amnesty International, Ongi Etorri Errefuxiatuak, CCOO Euskadi, ESK, Sodepaz EH, Feministalde, Mugarik Gabe eta Gorripidea bezalako hainbat kolektibo eta eragile sozialek bat egin dute mobilizazioarekin, eta joan den asteartetik Genevan bildu diren MMEko adituen batzordeari presio egin nahi diote, Indiaren eta Hegoafrikaren eskaerak eztabaidatzeko.

Covid-19aren aurkako txertoen patenteak askatzearen aldeko herri plataformak eta atxikitako kolektiboek «osasuna eskubidea» dela aldarrikatu dute,«jabetza intelektualeko eskubideak, patenteek barne, covid-19rako etorkizuneko edozein txerto edo tratamenduren eskuragarritasuna eragotzi», eta «datuen eta merkataritza-esklusibotasunaren gaineko EBko legeriak estatu kideek emandako nahitaezko lizentzien berehalako eraginkortasuna muga ez dezaten» eskatuz.

Era berean, EBko funtsen onuradunek osasun-teknologiaren, jabetza intelektualaren edo teknologia partzuergo edo patente baten datuen gaineko ezagutzak partekatzeko betebehar juridikoa ezartzea eskatzen dute, «covid-19ari dagokionez, eta betebehar juridikoak gobernu horientzat, ekarpen publikoen eta ekoizpen kostuen gardentasunaren arloan, bai eta irisgarritasun eta eskuragarritasun klausulak esklusiboak ez diren lizentziekin konbinatuta ere».

Azkenik, Right2cure-tik adierazi dute oraindik asko dagoela egiteko, eta iragarri dute ekintza eta mobilizazio gehiago egongo direla Europa osoan milioi bat sinadura lortu arte, Europako Batzordeak aintzat har dezan Europako Herritarren Ekimena. Ekimen horrek 200.000 sinadura ditu dagoeneko.