Maite Ubiria
Aktualitateko erredaktorea, Ipar Euskal Herrian espezializatua / redactora de actualidad, especializada en Ipar Euskal Herria

Normaltasunerako zubi-burua irudikatuz, Normandiako lehorreratzea oroituz

Normandiako Lehorreratzea ekainaren 6an gertatu zen, duela 77 urte. Neptuno operazioak nazismoaren aurkako garaipen militarra azkartzeko balio zuen. Ñabarduraz ñabardura mundua ilundu duen pandemia mendean hartzeko bidean zubi-buru irudikatu nahi du gaurko Deskalatze Egunak frantziar Estatuan.

Bezeroak, berriz ere taberna barruan Ipar Euskal Herrian. (Guillaume FAUVEAU)
Bezeroak, berriz ere taberna barruan Ipar Euskal Herrian. (Guillaume FAUVEAU)

Pandemiak horrela aginduta Normandiako Lehorreratzearen 77. urtemuga oso modu apalean behar izan dute ospatu aurten ere. Britaniarrek eratutako memorialaren inaugurazioa izan da 1944ko ekainaren 6an gertatu zen gerla operazio erraldoia oroitarazteko antolaturiko ekimenik esanguratsuena.

Alta, osasun neurriek aginduta beteranoek ezin izan zuten, joan zen asteburuan, pasarte historiko hori nabarmentzeko antolaturiko ekimenean parte hartu. Ondorioz, ez zuten aukerarik izan ingelezko izenekin -Utah, Sword, Omaha…- birbatailatu zituzten hondartzak zapaldu Normandian abiatu zen operazioan hil ziren 225.000tik gora burkideen sakrifizioan memorian atxikitzeko xede.

Aliatuek Normandian galdu zituzten soldadu baino hiru bider herritar gehiago, zehazki 611.600, ekainaren 4an emandako datuen arabera, hil dira Estatu Batuetan covid-19ren ondorioz.

US Armyren ondoan jardun zuten bertze herrialde aliatuak aintzat hartu ezkero pandemiak eragindako sarraskiak oraindik ere dimentsio handiagoa hartuko luke. Gerla ekimen handi hurak utzitako bilana abantzu txiki uzteraino.

127.812 britainiar eta 25.644 kanadiar hil ditu pandemiak, eta soldaduen lehorreratzeari sostengua eman zioten frantziar nortasuneko herritarrak ekuaziora gehitu ezkero bertze 109.857 hildakoen izenak beharko lituzkete idatzi balizko pandemiaren memorialean. 

II. Mundu Gerran 9,3 milio herritarren heriotza jazo zuen «ekialdeko aliatua» ahantzi ez nahian, covid-19ak 122.000 errusiar hil dituela gogoratzea ez da soberan.

Batailaren osteko ospakizun giroa

Iraganak sortzen duen zama soilik ez, oraindik ere oso presente dauden pandemiaren ondorio kaltegarri guztiak atzean uzteko esperantzaz desakalatzaren hirigarren faseari ekinen dio gaur asteazkenean, ekainaren 9an, frantziar Estatuak bezala baita Ipar Euskal Herriak ere.

Gaur arte covid-19ren aurkako kanpainan milioi bat herritar baino gehiago galdu dituen Europan bata bestearen atzean Estatu guztiek antzeko planak aurreratu dituzte.

2021ko ekainaren 9ri eskainitako kronikek iragan astunari baino dagoeneko gertu sumatzen den udako usainari helduko diote deskalatze fase berriak zabalduko dituen gozamenerako aurkera berriak aletuz. Emmanuel Macronek iragarritako berrirekitzearen planak zehazturiko hirigarren data esanguratsu honetan Ipar Euskal Herriko kale eta hirien taupadek berriz ere gora eginen dutelako.

Iragan maiatzaren 19an bi orduz gibelatu zuten etxeratze-agindua. Asteazken honetan bertze bi oren luzatuko da egunaren iraupena, 23.00ak arte etxetik kanpo izateko aukera irabazita.

Edukieraren %50arekin bada ere jatetxe eta ostatuen jabeek bezeroak hartu ahalko dituzte beraien lokaletan. Terrazetan, berriz, maiatzaren 19ko berrirekiera kari ezarri ziren mugak altxatuko dituzte.

Eguraldi iragarpenei so eginez, kanpokaldea bezeroekin betetzeko aukera ospatuko dute gaur bereziki terrazak dituzten ostalariek. Bestalde, ordutegiaren luzapenak lasaitasuna emanen die afariak eskaintzeko, ekainaren 30an etxeratze-agindua bertan behera geratuko den esperoan.

Eguna handia izanen da gaurkoa, zalantzarik gabe, kirol azpiegituren kudeatzaile zein bezeroentzat, osasun neurrien errespetuan berriro ere beraien jarduerak berrabiatu ahalko dituztelako.

Finean, ekainaren 9ak beste aldaketa handia ekarriko du. Iazko konfinamendu kari orokortu zen telelanaren moldeari, neurri apalago batean bada ere, segida eman zion frantziar gobernuak bai iazko azaroan baita ondoko otsailean gertatu zen olatu berriari eutsi egin nahian.

Ekainaren 9. honetatik, ordea, agindua bertan behera geratu ostean enpresek zein langileek pandemia aurretik zituzten errutina ahalko dituzte berreskuratu.

Pandemiaren bilakaera aldakorrak, alde batetik, eta azken urte eta erdian metaturiko eskarmentuak, bestetik, mailkaturiko prozesua antolatzea eskatuko luke arlo horretan zein toki itxitan gertatzen diren jarduera guztiak baldintza egokietan berreskuratzeko orduan.

Horren ordez lehorreratze azkarra agindu dute agintariek.