Marcel Pena

«Ikergazten lotzen gaituena hizkuntza eta komunitate berdinaren parte izatea da»

Aurtengo Ikergazte kongresuan parte hartu duten gazte askoren artean dago Eider Urkola, 2019ko Baionan egindako topaketan Gizarte Zientziak saria jaso zuen ikerlaria. Urkola MAC ikerketa taldearen kidea da eta azken urteetan Andrei Zvyagintseven obra aztertu du.

Eider Urkola, 2021ko Ikergazte kongresuan. (UEU)
Eider Urkola, 2021ko Ikergazte kongresuan. (UEU)

Ikergazte saria irabazi zenuen 2019an, Gizarte Zientzien arloan. Nola bizi zenuen momentu hori?

Sorpresa handia izan zen, maila oso altua ikusten bainuen eta inondik inora ez nuen espero. Plazer handia izan zen saria jasotzea.

Bi urte eta gero, Andrei Zvyagintsev-en filmak aztertzen jarraitzen duzu. Zeintzuk dira ondorio nagusiak?

Justu ondorioak idazten ari naiz oraintxe. Bi ondorio nagusi atera ditut: batetik, bere lan guztietan koherentzi narratibo formal ikaragarria duela, eta gero, bere lanak gizartearen isla direla, Errusiako gizartearen isla, zehatzago esateko.

Zailena izan da errusiar gizartea ulertzea. Irakurri behar izan dut bere historia politikoaz, soziologiaz... Oso zaila izan da, gizarte hori urruti gelditzen baitzaigu. Batez ere, testuingurua aurkitzea izan da ikaragarria. Orokorrean hartuta, denbora gehien eraman didana hori izan da, Zvyagintsev-ek pelikuletan erakusten duena ulertu ahal izatea.

Posible da Euskal Herrian gaztea izatea eta ikerketa lanetan aritzea?

Ni tesia egiten ari naiz eta MAC (Mutaciones Audiovisuales Contemporáneas) ikerketa taldeko kidea naiz, baina egia da zailtasun handiarekin lan egin dezakegula. Modu prekario batean egiten dugu lan eta, gainera, prekarietate hau lortzea ez da erreza. Arlo batzuetan oso zaila da, eta ni baino okerrago daudenak badaude. Nire kontratua ez da ona, baina beste batzuk inongo kontraturik gabe lan egiten ari dira.

Ikergazten arlo askotako ikertzaileak biltzen zarete: giza zientziak, zientzia zehatzak, ingenieritzak... Zer da lotzen zaituztena eta zein ekarpen egin diezaiokezue elkarri?

Hizkuntza eta komunitate berdinaren parte izatea da lotzen gaituena. Nahiz eta zientziak arloka banatu, egunerokotasunaren aplikazioan antzekotasunak daude. Nire kasuan, berez ikusentzunezkoan kokatutako tesi bat da, baina nik azkenean ikertu behar izan dut politika, historia... aspektu asko. Eta agian soziologiako tesi baterako baliogarria da. Halako kongresu batera etortzeak elkar aberasten laguntzen digu.

Aipatu duzu hizkuntzak sortzen duen lotura. Guztiz normalizatuta dago euskararen presentzia ikerkuntzan gaur egun?

Ez. Ezetz iruditzen zait. Kongresu honek frogatzen du ez dagoela normalizatuta, ezta unibertsitate barruan ere. Adibidez, tesiaren defentsaren tribunala osatzeko orduan, euskara arazo bat da, azkenean ez baitu hainbeste jendek ikertu proportzioan.