«2020an, batez ere, txerri eta hegazti azienden pentsuak izan ziren igoerak izan zituztenak, baina azken sei hilabeteetan ikusi dugu igoera behi eta ardi azienden pentsuetan ere gertatu dela, bai haragitakoek, bai esnetakoek erabiltzen dituztenetan», salatu dute EHNE eta ENBA sindikatuek Donostian egindako agerraldi batean.
«Igoera %20koa izan da, gutxi gorabehera, eta hazkunde horrek are gehiago areagotu du sektorearen egoera delikatua. Esnearen eta haragiaren prezioa ere jaitsi egin da, eta arazoak daude pasteroak eta errapeko txahalak kentzeko», azaldu dute.
Beren esanetan, «mundu mailako pandemiaren egungo testuinguruan, mugikortasun mugek, ostalaritza eta jantoki kolektiboen itxierak eta abarrek ekarri dute elikagaien eskaria nabarmen handitzea distribuzioan eta, horren ondorioz, kate horiek gorakada handia izan dute, bai fakturazioari dagokionez, bai etekinei dagokienez ere».
EHNE eta ENBAren ustez, «paradoxa bat gertatzen da: fenomeno hori bera ez zaie ekoizleei helarazi, eta horiek ez dute isla positiborik izan emaitzen kontuan, inoiz baino elikagai gehiago saldu den arren. Distribuzioak industria eraldatzailea estutzen badu, horrek gauza bera egiten du abeltzainekin eta nekazariekin, ez baitute beren produktuen prezioa hobetu. Hori dela eta, abeltzaintza sektoretik industriari eta banaketari eskatzen diegu gure produktuengatik ordaintzen diguten prezioak eguneratzeko eta salmenta prezioak eguneratzeko (produktu erakargarri gisa erabiltzen diren kasuan), abeltzaintza sektorearen errentagarritasuna bermatuz horrela».
Bi sindukatek apustua egiten dute, «inoiz baino gehiago, Elikagai Katearen Legea behin betiko onar dadin, gardentasun handiagoa emateko, orekatzeko, katebegi guztiei errentagarritasuna emateko, gehiegizko jardunbideak galarazteko, ekoizpen-kostuak ezartzeko eta gure produktuak entregatzeko orduan kontratuak eskatzeko».
Azkenik, adierazi dute badakitela sektorea «ezin dela koiunturazko laguntzen bidez mantendu eta, beraz, arazoaren sustraietara doazen beste egiturazko neurri batzuk behar direla, besteak beste, mundu mailako espekulazio jardunbideak debekatzea».