Astelehen honetan Gasteizko Legebiltzarrean egindako agerraldian, UPV/EHUko aurredoktoreek beraien egoera prekarioa salatu dute. Izan ere, UPV/EHUn 3819 ikertzaile daude doktoretza egiten. Horietatik, 400 inguru Lakuako Gobernuaren PREDOC bekaren onardunak dira. Dirulaguntza hau onartzen duten profesionalek, bere doktoretzaren lehen bi urteetan 1.175euro gordin kobratzen dituztela salatu dute. Bitartean, irakasle laguntzaileek, pareko lan karga, ardurak eta helburu berdinetara bideratutako lana izanik, 1.935 euro gordin kobratzen dituzte hilean.
Hortaz, aurredoktoreek beraien soldatak irakasle laguntzaileenekin parekatzeko eskatu dute. Izan ere, aurredoktoreen asanbladak salatu du lan bertsua egin arren, lanpostua beka bidez lortzen dutenek irakasle laguntzaileek pasatzen ez dituzten hautaketa prozesu gogorrak gainditu behar dituztela, ikasketa-espediente bikainak eta proiektu lehiakorrak aurkeztuz.
Hortaz gain, lan egiten hasteko ordaindu behar dituzten tasak erakunde kontratatzaileek bere gain hartzea ere eskatu dute ikertzaileek, dituzten prezio altuengatik: «Lau urtean egiten bada tesia, 1.582 euro dira. Alegia, ikertzaile batek hilabete eta erdiko soldata tasa horiek ordaintzera bideratu behar du». Nabarmentzekoa da, gainera, erakunde kontratatzaileak diru laguntzak jasotzen dituela ikertzaileak kontratatzeagatik. UPV/EHUren kasuan, doktoregaiak urtean 16.450 euro jasotzen baditu, unibertsitateak 21.000. Hori horrela, ikertzaileek eskatzen dutena da unibertsitateak jasotzen dituen 4.450 euro extra horien zati bat tasak ordaintzeko inbertitzea.
Espainiar estatuko beste erkidego batzuetan egoera bestelakoa da. Izan ere, Espainiako Hezkuntza eta Lanbide Heziketa Ministerioak, bai FPU bai FPI deialdietan, tasak ordaintzeko espresuki diru-kantitate bat eskaintzen du. Eusko Jaurlaritzako edota EHUko bekadunen kasuan, ordea, ez da hori gertatzen.
Bestelako eskaerak
Gaur gaurkoz, auzi ekonomikoaren inguruko arazoak dira larrienak edo konponbide bizkorrena behar dutenak. Hala ere, UPV/EHUko aurredoktoreen asanbladak bestelako arazoak ere badaudela salatu du: irakaskuntza eta ikerkuntza prozesuko hutsuneak, argitalpen-tasen auzia, doktoreondorengoen zihurgabetasuna edota kontraturik gabe lanean dihardutenen egoera esaterako.