Iñaki Artolaren lesioak eta honen inguruko erabakiak asko apaldu dute normalean pilotako urteko asterik bereziena izaten dena. Dena izan da zalantza, zurrumurru eta kezka, baina dagoeneko igandeko zita handirako pilotariak eta hauek erabiliko dituzten pilotak aukeratuta daude, betiko topikoei tiraka izan bada ere: faboritoak, estrategiak, urduritasunak... Buruz Buruko finalak ere behar du «normaltasun» pixka bat eta gaurko material aukeraketak finalari kolorea ematen hasteko balio izan du.
Eta ez preseski piloten inguruan batere kexurik izan delako, ze bi finalistak oso gustura irten dira saskian aurkitutakoarekin. Beñat Rezustaren arabera berak eta Altunak aukeratutakoen artean ez dago apenas desberdintasunik eta amezketarrak azaldu duenez, txapelketa osoan oso material ona ikusten ari da eta horrexegatik ardura hori duen Martin Alustiza zoriondu nahi izan du.
Egoera berezi honen barruan, Beñat Rezusta izan da egoerarik ezohikoena bizi behar izan duena, atzora arte ez baitzuen ofizialki jakin finala berak jokatuko duenik. Hala ere, berdin berdin berdin entrenatzen aritu da eta itxaronaldia apur bat luzea egin den arren, ilusioz gainezka dago bere lehen banakako finalaren aurrean. Are gehiago, egoera hau guztia onerako ere izan daitekeela uste du «buruari bueltak emateko denborarik ere ez dudalako izango».
Gainera, hirugarren posturako lehia irabazi ostean finala berak jokatu beharko balu aritu da prestatzen, «denbora izan dut nire lanak egiteko, eskuetatik ondo nago eta ondo sentitzen naiz», azaldu du.
Bergararrak bere aurkariaren bizkar gainean jarri du halakoetan horren ohikoa izaten den faborito izatearen zama. «Esan liteke baietz, azken urteetan emandako mailarengatik, beti aritu da txapelen lehian, beti eman izan du bere maila eta argi dago oso zaila izango dudala, baina niretzat jokatzeko oso polita da, final bat izanda zer esanik ez eta ea nirea egiteko gai naizen».
Jokin, bere buruari begira
Jokin Altunarentzat azkenak ere ez dira ohiko egunak izan, baina onartu duenez, azken egunetan nahikoa barneratuta zeukan azkenean Beñat Rezustaren aurka jokatu beharko zuela. Eta horrek nahiko baldintzatzen du finala, ez baita gauza bera aurrelari baten aurka aritu edo atzelari baten aurka, ezker baten edo eskuin baten aurka aritu, errestoan airera edo botera jarriko zaion baten aurka aritu.
Baina hasieratik argi izan du ezin zuela minutu bakarra galdu gauza hauetan pentsatzen. «Gainera, azken urteetan ikasi dut benetan garrantzitsua nik nire maila ematea dela. Egin dudanetan garaipenetik gertu ibili naiz, baina nire maila ematen ez badut edonork irabazi ahal dit». Horregatik, argi dauka «ez dudala erotu behar bere eskuina bilatuz, orain arte bezala aritu behar dut», azaldu du.
Iazko finaleko irakasgaia ondo ikasia duela dirudi eta finalaren atariko egun hauetaz ahalik eta gehien gozatzen saiatzen ari da, «baita halako prentsaurrekoez ere». Finalaren atarian lasaitasun eta konfiantza handia transmititu ditu eta horrek bereziki arriskutsua egiten du.