Aroztak ekimenak gaur arratsaldean Lekarozen egin duen agerraldian jakitera eman duenez, Aroztegiko makroproiektuaren aurkako protestetan parte hartu duten herritarretatik hamar inputatu egin dituzte, eta beste 25ek isun administratiboak jaso dituzte. Guztira, 20.000 euro eskatzen dizkiete isun eta kalte-ordainetan. Horien artean Ahotsa.info eta Ekinklik-eko kamerak daude, mobilizazioak grabatzeagatik.
Azaldu dutenez, salaketa eta isunez gain, «gure lurra etengabe erasotzen eta herri lurrak herriari kentzen dabiltzan horiek kalte material eta psikologikoak eragitea leporatzen digute».
«Jokabide hau ez da berria eta ez gaitu harritzen, Palacio de Arozteguia S.L bezalako espekulatzaileen zein beren zerbitzura dauden instituzioen errepresio mota guztiak ezagutzen baititugu», salatu eta beraiei gertatutakoa «mundu zabalean lurra eta jatorrizko herrien aldeko ekintzaileek pairatzen duten errepresioaren bertze adibide bat» besterik ez dela erantsi dute, «errepresio ekonomikoarekin» gauzatu dena.
Makroproiektua geldiarazteko ekimenetan indarkeria erabiltzea leporatzen dietela eta, zera erantzun diete: «Zer da indarkeria? Lurra defenditzea edo herriko nekazariei beren lurrak ebastea? Edo 400 urteko haritzak moztea? Edo herriak eta kulturak suntsitzea? Edo metrailetak eskuetan dituzten Guardia Zibilekin herria okupatzea?».
Isun eta salakeek izen eta abizen zehatzak dituzten arren, argi dute «herri oso baten kontrako erasoa» direla, eta horregatik «herri gisa» erantzungo dutela ohartarazi dute eta Aroztegiko «proiektu espekulatzailea» gelditzeko lanetan jarraituko dutela adierazi dute. «Ez gaituzte isilduko eta ez gaituzte geldiaraziko».