«Bilboko mugimendu eta auzo ezberdinetako gazteon borrokak batzera gatoz»
Ekainaren 19an Bilboko Gazte Topaketak ospatuko dira. Gazteek dituzten erronkei konponbidea aurkitzeko eta auzo eta mugimendu ezberdinetan ari diren gazteak biltzeko helburua dute. Unai Gonzalez Gu Ere Bagara Bilboko kideak topaketen nondik norakoak azaldu dizkio NAIZi.
2008ko krisia eta orain covid-19ak eragindakoa… Zein egoeran daude gazteak eta zein da haien etorkizuna?
Gaur egungo gazte belaunaldia 2008ko krisiaz geroztik hartutako neurrien ondorioz prekarizazioa jasaten hasi den belaunaldia gara. Eta horrek sortzen digu gure bizi proiektua garatzeko ezintasuna: lan duina lortzeko edo emantzipatzeko zailtasunak, besteak beste. Orain badator beste krisi bat, berez badena kapitalismoan ziklikoki gertatzen den krisialdietako beste bat, baina pandemiak bizkortu egin du eta arinago etorri zaigu. Horrek gure prekariezazioa sakontzeaz gain, orain, epe laburrean, aisialdirako zailtasunak ekarri dizkigu, gazteak kriminalizatzera helduz. Egoera nahiko kaskar batean gaude, eta etorkizun laburrean gutxienez norabide beretik doa gauza.
Nola erantzuten diozue «Es lo que hay» esaldia esaten dutenei?
Egoera ez dela gustatuko litzaigukeena eta gure bizitzan ez daude nahi genukeena egiteko baldintza egokiak, baina horren aurrean ezin gara konformismoan erori, eta beharrezkoa da guk jasaten dugun egoera hori aldatzeko antolatzea eta borrokatzea.
Zergatik ekin diozue Gazte Topaketak antolatzeari? Nola sortu zen egitasmoa?
2020ko urtarrilaren 30eko greba orokorraren harira Gu Ere Bagara Bilbo sortu genuen. Egun horretan aldarri zabal batzuen inguruan gazte asko mobilizatu ginen baina, era berean, egun horrek zailtasunak izan zituen gazte geruza jakin batzuetara heltzeko. Gu Ere Bagara Bilbo sortu genuenetik, dinamika ezberdinak proposatzen gabiltza eta aurten Bilboko Gazte Topaketak egitea bururatu zitzaigun mugimendu eta auzo ezberdinetako gazteak batzeko espazio bat eskaintzeko, iritziak trukatzeko eta etorkizunera begira lan egiteko oinarri bat fijatzeko.
Zeintzuk dira Bilboko gazteen problematikak?
Asko daude. Gu topaketak prestatzeko prozesuan problematika ezberdinen inguruan egon gara hausnartzen eta asko eta asko identifikatu ditugu. Marginalitatea, gizarte ezberdintasunak, aisialdia, espazioa, gaitasun ekonomikoak... Orokorrean, uste dugu Bilboko gazteok jasaten ditugun problematikak Bilbon indarrean dagoen hiri ereduaren ondorio direla. Kapitalismoaren isla.
Zeintzuk dira Topaketen helburuak?
Borroka sektorial ezberdinetan edo auzo ezberdinetan dabiltzan gazteak batzeko topaketa batzuk planteatzen ditugu; bizi dugun egoeraz eta ditugun problematiketaz hausnartzeko eta elkar ezagutzeko. Helburua, aurrera begira era natural eta positibo batean lanean jarraitu ahal izateko oinarri bat jartzea ere bada.
Mugimendu ezberdinen arteko zubiak eta aliantzak eraikitzearen garrantzia nabarmendu duzue.
Batera jarduten eragiteko gaitasun handiagoa dugula uste dugu. Badago gazteen eta langileen aurkako oldarraldi bat, eta horri erantzun bat eman behar zaio, eta uste dugu batera jarduten indar korrelazioak hobetuko ditugula eta eragiteko gaitasun handiagoa izango dugula inor atzean utziko ez duen mugimendu bat sortuz.
Zer motatako hiria aldarrikatzen duzue?
Bizi gara herri batean non egiten diren gauzak kapitalaren mesedetan dauden, horren adibide dira makrojaialdiak edota ekarri nahi zuten Eurocopa. Guk horren ordez, hiri eredu anitza eta inklusiboa defendatzen dugu, arrazakeriarik gabekoa, balore feministetan oinarrituta, ingurumenarekiko jasangarria eta batez ere gazteen beharrak kontuan izango dituena. Gaur egun, gazteon iritzia sokoratuta dago eta ez da kontuan hartzen.
Zer garrantzia izango du Bilboko gazteriak prozesu eraldatzailean?
Prozesu eraldatzaileetan gazteria beti izan da agente aktibo bat eta izan beharko litzateke, azkenean eraldaketa prozesu horren ondorio nagusiak guk biziko ditugulako. Horrez gain, uste dugu Bilbo Euskal Herriko metropoli nagusia izanik, oso garrantzitsua dela, eta horregatik Bilboko gazteria politikoki aktibo den gazteria izan behar da.
Nola izan da Topaketak antolatzeko prozesua?
Lau edo bost hilabete daramatzagu antolatzen eta prozesua oso aberasgarria izan da. Asanblada irekien bidez funtzionatu dugu, eta bertako parte-hartzea nahiko positiboki baloratzen dugu, jende anitza hurbildu delako. Iritziak trukatzeko oso baliogarriak izan dira asanbladak. Prozesuan zehar, herri mugimenduko beste mobilizazioetara batu gara, adibidez Gestampeko langileekin, pentsionistekin, Bolintxuren aldeko borrokan...
Topaketen ondoren zer?
Ez daukagu guztiz argi, baina agerikoa da hurrengo urteetan biziko dugun egoera ez dela erraza izango eta espero dugu topaketak balio izatea minimo komun bat sortzeko eta aurrera begira lankidetzarako oinarriak jartzeko. Etorriko denaren aurrean hori da gure eskubideak eta bizi baldintzak defendatzeko daukagun aukerarik onena.