Ofizialki martxan da, nolabait esatearren, traineruen "bigarren mailako" denboraldia. Pasaiko urek hartu dituzte larunbat arratsalde honetan aurtengo lehen jardunaldiak ETE Ligan eta baita KAE1 eta KAE2 Ligetan ere.
Lehen irabazleak, eta liderrak euren Ligetan, Tolosaldea (ETE), San Pedro (KAE1) eta Hondarribia (KAE2) izan dira.
ETE Ligan, Tolosaldea indartsuena
Nesken ETE Liga izan da aurrena jokatzen, Tolosaldeko II. Ikurrinarekin. Bertan, Tolosaldeak iaz lortutako nagusitasuna aurten ere izan dezakeela erakutsi du. Azkarrena izan da San Pedron, bost segundoko aldea ateraz Deusturi.
Tolosarrek eta deustuarrek berdindu egin dute estropadako ziaboga bakarrean, 6:05.00 denborarekin, baina iazko txapeldunek beste martxa bat ipini dute bigarren luzean lehen garaipena eta lehen 11 puntuak eskuratzeko.
Etxean arraun egin duen San Juanek hirugarren postua lortu du eta ondoren honakoak sailkatu dira: Hibaika, Zumaia, Ondarroa, Isuntza, Zarautz, Lutxana, Lapurdi eta Castro.
ETE - Tolosaldeko II. Ikurrina
1. Tolosaldea (11 puntu) 11:26:80
2. Deustu (10 puntu) 11:31.46
3. San Juan (9 puntu) 11:40.00
4. Hibaika (8 puntu) 11:43.40
5. Zumaia (7 puntu) 11:45.76
6. Ondarroa (6 puntu) 11:58.40
7. Isuntza (5 puntu) 12:01.64
8. Zarautz (4 puntu) 12:16.82
9. Lutxana (3 puntu) 12:19.04
10. Lapurdi (2 puntu) 12:43.04
11. Castro (1 puntu) 12:52.68
KAE1, San Pedro lehen liderra
Etxean lortu du lehen garaipena San Pedroko ontziak. Sufrituta egin du gainera. Bazirudien lehen paladatik nabarmen lortuko zuela irabaztea, baina egia esan asko sufritu behar izan dute etxekoek.
Egia da lehen eta bigarren ziabogetan denborarik onenak egin dituztela (5:05.00 eta 9:59.00), baina hirugarrenean Pedreñak eta Arkotek hiru eta bi segundoko aldea atera diote “Libiari”. Honek ez du amore eman eta faboritoen artean egoteko deitua dagoen traineruak azken luzean lortu du garaipena, Arkote eta Pedrñerane aurretik. San Juanek, etxeko beste ontziak, laugarren postua lortu du.
KAE1 - Pasaiako XXXVI. Ikurrina
1. San Pedro (13 puntu) 20:17.52
2. Arkote (12 puntu) 20:21.62
3. Pedreña (11 puntu) 20:21.86
4. San Juan (10 puntu) 20:29.46
5. Kaiku (9 puntu) 20:37.78
6. Getaria (8 puntu) 20:38.20
7. Deustu (7 puntu) 20:39.46
8. Camargo (6 puntu) 20:40.86
9. Zumaia (5 puntu) 20:43.04
10. Astillero (4 puntu) 20:56.70
11. Orio (3 puntu) 21:09.02
12. Lapurdi (2 puntu) 21:15.26
13. Castro (1 puntu) 21:25.24
KAE2, Hondarribia nagusi
KAE2 Ligan iragarpenak bete dira. Hondarribiako bigarren ontziak nagusitasuna erakutsi du, baina azken emaitzak erakutsitakoak ez du estropadan gertatutakoa guztiz isladatzen. Hau da, "Ama Guadalupekoak" sufritu behar izan du lehen garaipena erdiesteko.
Izan ere, lehen ziabogan, Zarautzekin berdindu du denbora (5:31.00), eta bigarrenean zarauztarrek segundo bat hobe egin dute. Hirugarren ziabogan, aldiz, Donostiarra izan da azkarrena (16:32.00), Hondarribiari hiru segundo ateraz, hamaika segundo goitik behera etorri den Zarautzi, eta hamahiru Portugaleteri.
Baina azken luzean hortzak estutu eta Hondarribiak garaipena lortu du denboraldiko lehen liderra izateko. Portugaletek ere beste martxa bat ipini du eta Donostiarra beherantz egin du.
KAE2 - Pasaiako XXXVI. Ikurrina
1. Hondarribia (10 puntu) 21:39.66
2. Portugalete (9 puntu) 21:52.22
3. Donostiarra (8 puntu) 21:54.58
4. Zarautz (7 puntu) 21:57.32
5. Busturialdea (6 puntu) 22:03.36
6. Mutriku (5 puntu) 22:08.32
7. Deustu (4 puntu) 22:10.12
8. Hibaika (3 puntu) 22:26.74
9. Santoña (2 puntu) 23:29.32
10. Illunbe (1 puntu) 23:38.04