M.A.

Bi gune eta milaka aukera

Aurtengo Araba Euskaraz ekitaldia bi gune handitan banatuko da eta bertan egingo diren ekimenetan parte hartzeko, eta segurtasun neurriak zaindu asmoz, izena eman behar izan da aldez aurretik. Adin guztietarako pentsatutako egitaraua da, noski, baina bereziki familian gozatzeko.

Bi guneez gain, Araba Euskarazeko denda, bertako ekoizleen azoka eta tonbola egongo dira zabalik. Jaizki FONTANEDA | FOKU
Bi guneez gain, Araba Euskarazeko denda, bertako ekoizleen azoka eta tonbola egongo dira zabalik. Jaizki FONTANEDA | FOKU

Lehen gunea, Euskararen plaza izenekoa, Herriko eta Aldai plazetan kokaturik egongo da, eta gehienez 114 eta 120 lagun egon ahal izango dira bertan, hurrenez hurren. Irekiera ekitaldiak emango dio hasiera festari eta ohikoa den legez, hainbat instituzio eta gizarte eragiletako ordezkariak bilduko dira herriko plazan. Goizeko 10:00etan. 11:00etan eta 13:00ean, aldiz, Eidabe taldearen Gora Kasete emanaldia ikusi ahal izango da. Arratsaldean jarraituko dute ekitaldiek.

Euskararen basoa izango da bigarren gunea. Kultura etxeko lorategian tailerrak eta jolasak egingo dituzte; Kasinoan, bestetik, ihes gela erakargarria eta karaokea izango dira protagonista; eta Pergola eremuan bertso saioa eta musika emanaldiak izango dira. Lamuza frontoia, azkenik, kirol ekitaldien eszenatoki izango da.

Ekitaldi eta ikuskizun horiek gutxi ez eta Laudioko institutuko jolastokian 41 postuz osatutako azoka ezarriko dute herrian bertako ekoizleen produktu anitzekin. Modu horretan, herriko merkataritza sustatu nahi dute.

Abendutik zabalik dagoen dendak ere protagonismo berezia hartuko du ekainaren 20 honetan. Bertaratutakoek eskuragarri izango dituzte Araba Euskaraz kanpainarako diseinatu eta ekoiztu diren kamiseta, botila, izerditako, kirol kamiseta, motxila eta abarrak. Era berean, tonbola bat egongo da Lamuza plazan, ikastolako familiek zein langileek egindako ekarpenekin; herriko merkatari zein ostalariek eskainitako laguntzarekin sortutako tonbola, hain zuzen ere. Hara gerturatzen den orok, gainera, sari bat jasoko du euskara babestearen truke.