gara-2021-06-11-Reportaje
Argazkia: Juan Carlos Ruiz | Foku

Eutanasia legea: eskubidea bermatzeko osasun sistemak duen erronka

Gaixotasunaren aurrean edo arnasten jarraitze hutsa den bizitzaren aurrean, hiltzeko laguntza medikoa legeztatzea euskal gizartearen aldarrikapen zaharra da. Eskubidea Eutanasia Legearekin helduko da, hilaren 25etik aurrera. Hiru medikuren hausnarketek agertoki berria marrazten dute.

Hiltzeko laguntza jasotzeko eskubidea legeztatuta egongo da, ekainaren 25etik aurrera, Hego Euskal Herriko lurraldeetan. Egun horretan sartuko da indarrean Eutanasia Legea, azken hamarkadetan gizarteko sektore ugariren aldarrikapenari erantzunez. Aurrerapauso handia da, ezbairik gabe, egoera eta formulazio ezberdinekin ‘sufritzeari’ lotutako bizitzarekin amaitzeko, edo heriotza duina izateko eskubidea eskatzen duen edonorentzat. Hala ere, ez da prozedura arina Estatu espainolean onartu den legeak ezartzen duena. Legearen aplikazioaren lehen lerroan egongo diren osasun sistemako profesionalak zabalduko den agertokiari begira jarri dira, eta zerbitzu edo laguntza berri honek ekarriko duenaren aurrean, zenbait kezka azaldu dituzte ikuspegi etiko eta praktikotik, zerbitzu berria behar bezalako trebetasunez eta samurtasunez eskaintzeko.

Jaio baino ez da egin Eutanasia Arautzeko Lege Organikoa eta, izan ditzakeen mugak gainditzeko eta errealitate ezberdinetara egokitzeko, zuzenketak egiteko tartea beharko du bere ibilbidean. Testua onartu berritan, Iñaki Ruiz de Pinedo EH Bilduko ordezkariak adierazi zuenez, «hemen ez da ezer bukatzen, hasten baizik».

Egun batzuen buruan, beraz, eutanasia edo lagundutako suizidioa aplikatzeko lehen eskaerak hel daitezke kontsultetara. Dudarik gabe, legea berandu heldu da eskubide honen beharra gordinki erakutsi duten bizipen latz askorentzat. Gurean, berandu heldu da Maribel Tellaetxe eta bere hurbilekoentzat, baina familia oso baten mezu irmo eta hunkigarria funtsezkoa izan da kontzientziazioa areagotzeko. Sufrimendu hura publikoki biluztea ez zen erraza izango, baina honaino heltzeko bere alea jarri zuen. Azken bultzada bat izan zen oztopo artean aurrera egin ezinik zegoen legediarentzat. Sufrimendu haren berri ematen duen ‘La promesa’ lanak ez du indarrik galdu.

Duintasunez Hiltzeko Eskubidea-DMD elkartearen (gaztelerazko siglak) elkarretaratze bat, Bilbon, 2020an, lege proiektua Kongresuan eztabaidatzen ari zen unean. Argazkia: Marisol Ramirez | Foku

Lege medikuzentrista. Fokua orain eskubidearen aplikazioak marrazten duen agertokian dago. Bete beharreko pausoak begiratze hutsarekin bistakoa da prozesua konplexua izango dela. Eskakizuna aurrera eramateko, hainbat ebaluazio eta estamentu ezberdinen arteko adostasun maila handia eskatzen duen ibilbidea planteatzen du. Horregatik, legea indarrean ikusi aurretik jada askok diote «lege medikuzentrista» dela, eta pazientearen ikuspegitik baino berme juridikoei begira pentsatuta dagoela.

Herbehereetan, Kanadan, Luxenburgon, Belgikan, Zeelanda Berrian eta Kolonbian, esaterako, eutanasia legeztatzen duen legea badute, baina ezberdintasun handiak daude batzuen eta besteen artean. Horietako batzuek hemengo legearen antzeko bidea planteatzen dute, baina badaude prozesu azkarragoak, sendagilearen esku hartze zentrala ez dutenak eta haien balorazioarengan ‘konfiantza’ handiagoa erakusten dutenak.

Beste legedi batzuen aldean, urrats eta txosten ugari eskatzen du Estatu espainoleko legeak, eta horrek beste ondorio bat du, osagileen behar handiagoa.

Egungo saturazio egoeraren erdian. Izatez, sendagilearen parte hartzea da prozesuaren ardatz nagusietako bat. Hala ere, urrats bakoitza arrazoitzeaz gain prozedurak kanpoko estamentuen kontrolerako diseinatutako ibilbidea zehazten du. Hasieratik bukaeraraino, pauso guztietan adostasuna izanez gero ere, 30 eta 40 egun arteko epea kalkulatzen da eskubidea gauzatzeko.

Ez da soilik nork eska dezakeen eta zein baldintzatan. Legearekin medikuak eta ondoan dauden osasun sistemako beste langileek funtsezko papera jokatzera deituta badaude, lehen mailako arretaren egoerari ere begiratu behar zaio, eta hor kezka handi bat sortzen da, lehen mailako arretaren egungo egoera kontuan hartuta. Horren gaineko hausnarketa bat: «Lehen arreta duinik ez dagoen bitartean ez dago heriotza duinik».

Adierazpena Marta Barandiaran mediku erretiratuak eta DMD Heriotza Duinerako Eskubidea elkarteko kideak egin zuen berriki, Osatzen familia eta komunitateko medikuen elkarteak eutanasia legea ikuspuntu etikotik eta praktikotik aztertzeko antolatutako jardunaldi batean. Bistakoa da lehen arretak egun duen saturazio egoera eta ezaguna da profesionalak baliabide gehiago eskatzen ari direla. Denbora luzea daramate jendea behar bezala artatzeko denbora gehiago behar dutela esanez, profesional gehiago behar direla, bete-beteta dituzten agendak arintzeko.

Barandiaranen ustez, lehen arreta duin bat izateko baliabide gehiago eta ekipoen autonomia handiagoa behar dira. «Gauzak errazagoak lirateke, agian, hain marko zorrotz eta uniformizatzailea izan beharrean, talde bakoitzak bere antolakuntza egiteko aukera izango balu», azaldu du.

Legeak ez du soilik lan karga handiagoa ekarriko; hain gai konplexu eta delikatua tratatzeko formakuntza berezia behar dela uste dute medikuek.

Gehienetan, sufrimendu handia eragiten duen une delikatu batean erabakia hartzeko trantzeetan, arreta psikosozial egoki bat ere behar izaten da. Legea aplikatzeko, gainera, hausnarketa baten ondotik hartutako erabakia izan behar da, eta hor beste hausnarketa bat egiten dute osasungintzako langileek: «Herritarrek bizitzaren bukaerako espazio horiek argituko lituzkeen informazioa behar dute».

Maribel Tellaetxeren senideak, Marcos Ariel Hourmann medikuarekin, prentsaurreko batean. Argazkia: Luis Jauregialtzo | Foku

Hiru fase nagusi. Legeak dioenaren gainean lupa jarrita, kezkak ulergarriagoak dira. Eskubidea espainiar nazionalitatea edo Estatuan gutxienez 12 hilabetean legezko bizilekua edo erroldatze ziurtagiria duen edonork erabil dezake, betiere adinez nagusi izanda. Eskatzeko unean, gaixoa gai eta kontziente izan behar da, baina ezinezkoa den kasuetan eskaera aintzat hartuko da, aurretiazko borondateen dokumentuan (ABD) hiltzeko laguntzarako eskubidea espresuki jasoa bada. Nahi hori behar bezala islatuta uztea da, beraz, prozesua erraz dezakeen gakoetako bat. Lagundutako heriotza eskatzeko bete beharreko baldintzen atalean, legeak «gaixotasun larri eta sendaezin bat» edo «sufrimendu larri, kroniko eta eragozlea izatea» aipatzen du. Puntu horretan hausnartzeko beste elementu batzuk agertzen dira, medikuaren esku geratzen delako sufrimendu horren inguruko balorazioa eta horrek kasu bakoitzaren azterketa sakon bat eskatzen duelako.

Prozeduran sartuta, arauak dio hiltzen laguntzeko lehen eskaera erreferentziazko medikuak jaso behar duela. Familia medikua izan daiteke edo gaixoa tratatzen duen espezialista. Lehen eskaera horren aurrean, kontzientzia-objekziorik ba ote duen azaldu beharko du eta gaixoari jakinarazi, beste profesional baten laguntza bila dezan.

Zazpi eguneko epea. Objeziorik ez badago, medikuak lehen eskaera hori kontsultara heltzean, uneko egoera, dauden tratamendu ezberdinak edota laguntzen inguruko hausnarketa bultzatu beharko luke, pazienteak izan ditzakeen zalantzak argitzeko eta behar duen informazio guztiarekin hartutako erabakia ahalbidetzeko. Informazio hori guztia idatziz jaso eta gaixoari eman behar zaio. Lehen fase hori zazpi egunetan burutu behar da.

Aldi berean, sendagileak gaixo horrek eskubidea aplikatzeko baldintzak betetzen dituen baloratu eta eskaera aintzat hartzearen edo ezeztatzearen aldekoa den adierazi beharko du arrazoitutako txosten batean. Baldintzak betetzen ez dituela uste badu, gaixoari horren berri eman eta autonomia erkidego bakoitzean izango den Berme eta Ebaluazio Batzordera jotzeko aukera daukala jakinarazi behar dio.

Batzorde hori medikuntza eta erizaintzako profesionalez gain, juristaz osatuta egongo da, eta bere zereginen artean prozedura osoa aztertzea dago. Horrenbestez, eskaerak baldintzak betetzen dituen aztertu beharko du. Betetzen ez direla esaten badu, pazienteak eskubidearen aplikazioarekin aurrera jarraitzeko auzi administratibora jo beharko luke.

Zer gertatzen da medikuak baldintzak betetzen ez direla uste badu eta batzordeak kontrako iritzia badu? Kasu horretan, batzordeak erreferentziazko beste mediku bat bilatu behar du osasun zentroan.

Lehenengo eskaeraren unera itzulita, medikuaren balorazioa prozesuarekin aurrera jarraitzearen aldekoa bada, hamabost eguneko epean gaixoak bigarren eskaera bat egin behar du. Salbuespen gisa, epea alda daiteke pazientearen egoera kontuan hartuta, autonomia galtzeko arrisku argia badago. Hala ere, bigarren eskaera hori beharrezkoa da, eta horrekin bigarrenez ebaluatzeko prozesu berri bat zabaldu behar du medikuak, gaixoak aurrera joan nahi duen galdetuta eta erabakia berriz ere hausnartuta.

Prozedurarekin jarraitu nahi izanez gero, mediku aholkulari batek berrebaluatu behar du kasua, gaixoaren aurrekariak, egoera… berriz aztertuz, eta legeak dioenarekin bat datorren berrikusi. Baldintzak bete ala ez, txostena egin behar du. Izan ere, gerta liteke aholkulariaren ebaluazio hori aplikazioa jarraitzearen kontrakoa izatea, eta auzia orduan batzordera bideratuko litzateke eta administrazioarekiko auzi-errekurtsoaren aukera ere badago.

Mediku aholkulariaren ebaluazioa aldekoa izanez gero, hirugarren fase bat zabaltzen da. Gaixoari prozesua aurrera doala jakinarazi eta batzordeari komunikatu behar zaio. Bi eguneko epean batzordeak bi kide izendatu behar ditu kasua baloratzeko eta adostutako txosten bat egiteko. Ados ez badaude, kasua batzorde osoak aztertu beharko luke.

Beharrezko baimen guztiak lortuta, erreferentziazko medikua laguntza emateko baimenduta legoke. Azken une horretan, gaixoak honakoa erabaki behar du: eutanasia edo lagundutako suizidioa aplikatu behar zaion eta osasun zentro batean edo etxean izatea nahi duen. Eutanasiaren kasuan, osasun langileak aplikatuko du zain barneko farmakoa. Laguntza medikoa duen suizidioan, gaixoak berak hartzen du medikamentua profesionalen aurrean, Angela Fuentes familia medikuak zehaztu duenez. Prozesua bukatutakoan ere sistemak hainbat txosten eskatzen ditu egindako guztiaren inguruko datuak biltzeko.

Osatzen elkarteak osasungintzako langileekin eutanasia legea aztertzeko egin zuen jardunaldiko une bat, Marta Barandiaran mediku erretiratua, eta Gizane Martinez medikuarekin. Argazkia: Endika Portillo | Foku

Bukaera hausnartzea, planifikatzea. Hala ere, bada prozesua erraz dezakeen elementu bat: eutanasia aplikatzeko nahia zehazki jasotzen duen dokumentu bat izatea. Gizane Martinez Rodriguez familia medikua eta Bizkaiko Lehen Mailako Arretako Laguntza Etikoko Batzordeko kidea da. Balizko kasuen arrazoi nagusiak dementziarekin, gaixotasun neurodegeneratiboekin eta ezgaitasunarekin lotutakoak izango direla azaldu du. Horregatik, eritasun horiek izaten duten bilakaerari erreparatuta, diagnostikoaren ondoren egokien ikusten den unean osagileak berak azken borondateen dokumentua edo dokumentu baliokide bat egitea planteatzea garrantzitsua dela uste du, «horrela askoz errazagoa izango baita bi aldeentzat erabakiak egoki den unean hartzea». Nabarmendu duenez, gaixoaren borondatea adierazten duten agiriak lagungarriak izan daitezke prozesua arintzeko, eta interpretazio oker bati ateak ixteko, batzuetan pazientearen nahi eta balio horiek interpretatu behar dituelako medikuak. Horregatik, lagundutako heriotzaren nahia agertzeaz gain, azpimarratu du gaixoak idatzita utzi beharko lukeela prozesua zein unetan eta zer baldintzatan aktibatu behar den.

«Erabakiak harreman-egoera batean hartzen dira, hiltzeko laguntza eskatzeko eskubidea duen paziente baten eta eginbeharra duen mediku arduradun baten artean, betiere ados badago eta kontzientzia-eragozpenik ez badu hori egiteko, eta deliberazio-prozesu horretan guztian laguntzeko betebeharra ere badu», azaldu du. Horregatik, aurretiazko borondateen dokumentu hori pertsonaren balioei buruzko hausnarketa izan beharko litzatekeela dio, eta hausnarketa horrek familiarekin eta langile soziosanitarioekin partekatua izan beharko lukeela. Horrek argituko luke «bizitzaren bukaeran nola zain gaitzaten nahi dugun».

Osasungintzako langileen beste erronka bat, beraz, hausnarketa hori bultzatzea da. «Pertsonaren balioak jaso eta eutanasia noiz aplikatu azaltzen duten argibideak jasotzen dituen aurretiazko borondateen dokumentu baten aldeko apustua egin beharko genuke». Ez da eskaera olde bat espero, baina agertoki horretan bistakoa da helduko diren kasu gutxi horiek lan eskerga ekarriko dietela jada gainezka dauden medikuei.

Ondorioz, egoera horrek ‘sasi-kontzientzia-objekzioak’ eragin ditzakeela ohartarazi du Barandiaranek, lan karga kontuan hartuta eta hori aplikatzeak sendagileengan eragin dezakeen pairamenagatik. Bere esanetan, aintzat hartu behar da prozesu latzak direla eta egoera gogor horien trataerak eraginak ere badituela aurrean dagoen profesionalarengan. Horrekin lotuta, aipatzen du beste legedi batzuetako esperientzia izan duten medikuek onartutakoaren arabera, kasu hauek lanalditik haragoko dedikazioa eskatu dietela.

Agertoki berriaren aurrean, Angela Fuentesek beharrezko izango diren formakuntzan eta antolakuntzan jarri du fokua. Familia medikua eta zainketa aringarrietan trebatua da, eta formakuntzaren ondoan laguntza jarraitu baten beharra ikusten du, «zeren eskaera asko izango ez badira ere, eta formakuntza badago ere, zalantzak izanez gero antolatuta egon beharko litzateke batzordeko kide batekin edo gaian fokalizatuago dagoen profesional batekin kontaktatu ahal izatea».

Denboren gaineko kudeaketak ere kezkatzen du, legeak fase batzuetan ezartzen dituen epeak oso laburrak baitira, Fuentesen iritziz. «Legearen arabera, auzi hauei lehentasuna eman behar bazaie; lana horien arabera antolatzeko aukera» egon behar dela planteatzen du. «Gure agendak dinamikoagoak izan behar dira eguneroko jardunean aldaketak egiteko, eta horrelako eskaera bat heltzen bada kaosean sar ez gaitezen, zeren pertsona horrekin bildu behar duzu eta zazpi eguneko epean deliberazio-prozesu bat egin, eta handik zazpi egunera deliberazio berri bat egin… horrek beharko du gaur egun medikuok ez daukagun denbora». «Baloratu beharko litzateke lehen arretako plantillan ditugun zeregin guztietara egokituta dagoen», erantsi du.

Eskubidea gauzatzeko orduan, gainera, garrantzitsua da, Fuentesen iritziz, farmakoak lortzeko azkartasuna izatea eta pertsonak eskatzen duen lekuan gauzatu ahal izatea, dela ospitalean dela etxean, zeren hori ere bada kontuan hartu beharreko auzia.

Ikusteko dago, bestalde, eutanasia arautzen duen prozedurak baldintzatzaile sozialekin duen interrelazioa. Eskakizuna egitean hasten den bide konplexu eta luzea zailtasun argia izan daiteke baliabide gutxien dituzten sektoreentzat. Fuentesen ustez, arrakala horiek ekidin beharko lirateke, jende guztiak aukera berberak izan ditzan. Martinezen ustez, medikuaren zereginen artean dago beharrizan handiagoak dituztenengana heltzeko ahalegina egitea. Hala ere, beste herrialdeetako esperientziek erakutsi dute heriotza duina izateko eskubidea maila sozioekonomiko handiagoko pertsonek baliatzen dutela gehienbat.