NAIZ

Pandemiaren agerpenak proban jarri ditu erakundeen komunikazio praktikak

Soziolinguistika Klusterrak eta Euskal Herriko Unibertsitateak ‘Covid-19aren eragina erakundeen komunikazio publikoan’ ikerketa garatu dute 2020 eta 2021 artean. Komunikazio publikoan jarduten duten denetariko 18 erakunderen testigantzetan oinarritu dira ikerketaren ondorioak.

Txostenak pandemiaren eragina erakundeen komunikazioan aztertu du. (SOZIOLINGUISTIKA KLUSTERRA)
Txostenak pandemiaren eragina erakundeen komunikazioan aztertu du. (SOZIOLINGUISTIKA KLUSTERRA)

Soziolinguistika Klusterrak eta Euskal Herriko Unibertsitateak elkarlanean garatzen duten ‘Covid-19aren eragina erakundeen komunikazio publikoan’ ikerketa gauzatu dute 2020 eta 2021 artean. Erakundeetan komunikazioan eta euskararen kudeaketan diharduten pertsonen bizipenak bildu dituzte ikerlariek hainbat bidetatik, hala nola memoria-ariketa idatziak, eztabaida saioak edo elkarrizketak.

«2020ko martxotik aurrera pandemiaren agerpenak berebiziko eragina izan du erakunde horietako giro emozionalean, lanaren antolaketan, kanpo komunikazioa eta hizkuntzen erabileran», azaldu dute.

Guztira, hemezortzi erakundek hartu dute parte ikerketan: AEK, Artez Euskara Zerbitzua, Bai euskarari elkartea, Donostia Zinemaldia, Donostiako Udala, ELA sindikatua, Elhuyar aholkularitza, Emun, Euskal Herriko Unibertsitatea, Gasteizko Legebiltzarra, Getxoko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia, Guggenheim Bilbao Museoa, LAB sindikatua, Mondragon Korporazioa, Mondragon Unibertsitatea, Mutualia eta Sakanako Mankomunitateak.
Asko eta oso desberdinak izanik, erakunde guzti hauetan pandemiak izan duen eragina desberdina izan. Ikerketaren arduradunek emaitzen txosten osoan jaso dituzte gaikako ondorioak eta xehetasunak. Baina ikuspegi orokor batetik nabarmendu daitezkeen ondorioak ere atera dituzte.

Adibidez, jakinarazi dutenez, «pandemiaren agerpenak eta bere ondorioek eragin emozional esanguratsua izan dute erakundeen komunikazio arduretan jardun dutenengan». Erronka eta taldetasun sentimenduak indartu diren guneak eta momentuak egon badira ere, orokorrean ziurgabetasunak eta larritasun sentsazioa zama handia izan dira. Pandemiaren agerpenaren lehen hilabeteetan egindako komunikazioaren balorazio tekniko eta profesionaletik haratago, langile eta lantaldeetan higadura «nabarmena» izan da.

Gainera, telelana gure artean geratzeko heldu delako ustea orokorra da. Horretara egokitzeko prozesuak errazagoak edo zailagoak izan dira erakundeen arabera. Gainera, hilabete hauetako esperientziak telelanaren abantailak eta arriskuak azaleratzeko balio izan du. «PK-ko erakundeen esku geratu den aukera bat da eta erakundeek zein langileek horren erabilera egokiena egiteko modua bilatu beharko dute orain».

Beste ondorio batek dioenez, komunikaziorako tresna digitalen «(ezinbesteko) erabilera areagotu da».

Hizkuntzen erabilerari dagokionez, erakunde gehienetan ohiko irizpideei eusten saiatu dira eta «lortu dute». Irizpide horiek zehaztuta, formalki onartuta, erakundean zabalduta eta langileek barneratuta dituzten erakundeetan hala izan da eta ez da atzerapausorik eman euskararen erabileran, ikerketa honen arabera. Irizpideak ohitura informalen eta norbanakoen borondateen menekoago diren beste erakunde batzuetan, «praktika eta erabilera-gune berriak agertzean euskararen erabileran gabeziak edo atzerapenak eman dira».