Municheko Allianz Arena estadioa LGTBI+ banderaren koloreekin argiztatzearen baimen eskaerari ezezkoa erantzun zion UEFAk asteartean, arlo ezberdinetako pertsona, elkarte eta erakundeen harridurarako –Alemaniako zein Estatu frantseseko gobernuek gogor kritikatu zuten, hala nola Madrilgo Kongresuan EH Bilduren diputatu den Bel Pozuetak eta futbol munduko zenbait klub, jokalari eta elkargok–.
Municheko alkateak egindako eskakizuna «politikoa» zela argudiatu zuen futbol erakundeak, Hungariako Gobernuak onartu duen legedi homofoboa gaitzetsi eta herrialde horretako LGTBI+ kolektiboari babesa eskaini nahi izan baitio Alemaniako selekzioak Hungariaren aurka jokatuko duen partida probestuz.
UEFAk, atzo egin bezala, bere «neutraltasuna» agerian utzi nahi izan du auzi honetan eta hori gutxi ez balitz, bere erabakia «politikotzat» jo izana ere kritikatu du. Bere ustetan, eskabidea bera izan zen «politikoa», Hungariako selekzioaren bisitarekin lotuta baitzegoen.
Politika gora, politika behera, erabaki orok du auzi edo aferaren bat barnean eta jende askok kritikatu duen legez, kasu honetan, neutraltasuna «zapaltzailearen» alde lerrokatzeko erabilia izan da.
Hartutako erabakia zuritu eta LGTBI+ kolektiboari babesa eskaini asmoz, bere logoa ostadar kolorez apaindu nahi izan du erakundeak eta publiko egin duen oharrean adierazi du «oso harro dagoela ostadar kolorea eramateaz». «Gure baloreak barnebiltzen dituen ikurra da, guk sinesten dugun guztia sustatzen duena: gizarte justu eta berdintsuago bat; bere aurrekariak, sinesmenak edo generoa dena delakoak direla ere, guztiekin tolerantea dena», adierazi du.
Hori guztia babesten duela erakusteko aukera aparta zen Municheko Allianz Arena argiztatzen baimentzea –eta hala, Hungariako Gobernuaren lege homofoboei gaitzespena adierazteko– eta beraz, logoa «ostadar kolorez» janztearen keinu sinbolikoa ezeresean geratu daiteke.