NAIZ

13/13 epaiketaren eta torturaren aurkako mobilizazioak egingo dituzte larunbatean

13/13 Epaiketari Ez! Herri ekimenak mobilizazioak deitu ditu Euskal Herriko bost udalerri desberdinetan hilaren 26rako. Helburua uztailean hasiko den 13/13 sumarioaren epaiketa salatzea da, baita torturaren biktimak aitortzea ere.

13/13 sumarioko kideen agerraldia Donostia eta Bilboko manifestazioak aurkeztu zituztenean. (Aritz LOIOLA/FOKU)
13/13 sumarioko kideen agerraldia Donostia eta Bilboko manifestazioak aurkeztu zituztenean. (Aritz LOIOLA/FOKU)

Torturaren Biktimei Laguntzeko Nazioarteko Eguna aukeratu du 13/13 Epaiketari Ez! herri ekimenak hainbat tokitan mobilizazioak antolatzeko. Ekimenak Bilbo, Donostia, Villabona, Lekeitio eta Zornotzan izango dira. Donostian eta Villabonan, eserialdiak egingo dituzte 12.00etan; Zornotzan, manifestazioa 13.00etan; Bilbon, Arriaga plazan egongo dira 10.00etatik 13.00etara eta Lekeition ‘8 atxilotu-8 ordu’ ekimena egongo da martxan 12.00etatik 20.00etara.

Talde antolatzailearen izenak iradokitzen duen moduan, mobilizazioek uztailaren 12an Auzitegi Nazionalean hastekoa den 13/13 sumarioaren epaiketa salatzeko xedea izango dute eta horrekin batera auzipetuei elkartasuna adierazteko eta torturaren biktimak aitortzeko izango dira, baita horrelako kasuak berriro gerta ez daitezen beharrezkoak diren erreparazio neurriak eskatzeko ere.

Izan ere, 13/13 Epaiketari Ez! ekimenak salatu du Guardia Zibilak atxilotuetako batzuk «akusazioak berresteko asmo argiarekin» torturatu zituztela eta adierazpen autoinkulpatorioak Guardia Zibilaren «tesiak indartzeko» erabili zirela.

Torturez gain, plataformak salatzen du ezhoiko neurriak aplikatu zitzaizkiela atxilotuei. Auzitegi Nazionaleko guardiako epaileak komisaldegiko egonaldia bideoz grabatu behar zela eta atxilotuak konfiantzazko mediku batek artatuak izateko eskubidea zutela azaldu zuen. Hala ere, biharamunean, orduan epaile zen Fernando Grande-Marlaskak inkomunikazio auto hori «baliogabetu» egin zuela eta atxilotuen «osotasun fisiko eta psikologikoa» bermatzeko beste neurriak kendu zituela azaldu du ohar batean.

13/13 Auzia

13/13 epaiketan fiskaltzak guztira 77 urteko espetxe zigorra eskatzen du zortzi akusatuentzat. 2010ean, Arantza Zulueta, Iker Sarriegi, Jon Enparantza, Julen Zelarain, Naia Zuriarrain, Saioa Agirre, Nerea Redondo eta Juan Mari Jauregi euskal presoen eskubideen alde zebiltzan lanean. Hari horretatik tiraka, fiskaltzak hainbat delitu egozten die auzipetuei: ETAko kide izatea eta talde armatu batekin kolaboratzea, besteak beste.

Polizia operazioa 2010eko apirilean izan zen eta 13 lagun atxilotu zituzten, abokatuak barne. Torturez gain, CNI Espainiako Inteligentzia Zerbitzuak abokatuen telefonoak legez kanpo kontrolatu zituen. Akusatuetako lau jada kondenatuak izan diren delituengatik zigortu nahi dituzte berriro.

Mobilizazioak uztailaren 10ean

Larunbat honetakoez gain, uztailaren 10erako ere manifestazioak deitu dituzte auzipetuek Donostian eta Bilbon. Lehena Saguesetik abiatuko da eta bigarrena Jesusen Bihotza plazatik. 12.00etan hasiko dira.