Ekainaren 28 eta 29an Ipar Euskal Herriko kolegioetako ikasleek Brebetako azterketak eginen dituzte. Aurten sekula baino gehiago, orotara 220 ikasle, zientzia azterketak ere euskaraz pasatzeko prestatzen ari dira.
Seaskak agiri batean azaldu duenez, «eskualdeetako hizkuntzen eta kulturen» irakaskuntzari doakion 2017-04-12ko 2017-072 zirkularrak, tokiko hizkuntzen «babesa» eta «balorapena» egiteko xedea zehazten du.
Seaskaren ustez hizkuntza horien «babesa» hizkuntza horietan irakatsiz bermatzen bada, hizkuntza horiek azterketa hizkuntza gisa erabiltzeak du «balorea» bermatzen.
Aipatutako zirkularrak Brebeta eta Baxoan «eskualdeetako hizkuntzetan» pasatzeko arauak zehazten ditu.
Baina zirkular horrek argitasun eskasa du eta kontraesankorra ere badela ohartarazi du Seaskak.
«Zirkularrak gure ikasleei, frantseseko azterketa idatzia euskaraz egiteko aukera ematen die, zentzugabekeri hutsa dena! Aldiz, Zientzia azterketari buruz ez da deus erraiten, zirkularrak beste gaiak aipatzen dituelarik», agerian jarri du Seaskak.
Ondorioz, legezko hutsune bat badenez, «horrek Zientzia azterketak antolatzeko irizpide askatasun osoa eskaintzen duela» ondorioztatu du Ipar Euskal Herriko ikastoleen konfederazioak.
Seaskaren ustez, «aipatutako testua zentzu hertsian irakurtzen bada, frantsesezko azterketa ere euskaraz egin litezke, aldiz, testua zentzuz irakurtzen bada, azterketa zientifikoetarako euskaraz ere konposatzeko aukera izan behar litzateke».
Diskriminazioa salatu eta desobedientzia babestu
Bestalde, euskaraz idatzitako azterketak beren berezko balioarekin zuzentzeari uko egiteak diskriminazio argia adierazi dezakela uste du Seaska. Hartara, frantziar Zigor Kodeak bere 225-1 artikuluan «diskriminaziotzat jo daitekela, frantsesa ez den beste hizkuntza batean adierazteko gaitasuna duten pertsonafisikoen artean bereizketa egitea» jasotzen duela ekarri du gogora.
«Testuingurua kontutan izanik, osatu gabeko zirkularra eta oinarrizko eskubideen urraketa ikusita, Gobernuari eskatzen diogu zuzentzaile elebidunak segurtatzeko beharrezko neurriak har ditzan», adierazi du Seaskak.
Elkarteak gaineratu duenez, bigarren urrats batean, zirkularra berridazteko unea helduko da, Zientzia azkerketa euskaraz ere aurkezteko ahala izan dadin.
«Baxoari doakion zatia ere berridaztekoa izanen da, Baxoaren erreforma geroztik zirkularra ez baita eguneratua izan, honela azterketak euskaraz ahalbidetzeko gisan» gehitu du.
«Aldaketa horiek heldu bitartean, desobedientzia ekintza oro zilegia iruditzen zaigu» argitu du Seaskak. Preseski ekainaren 17an Filosofia azterketa euskaraz egin zuten Lizeoko 40 ikasle izan diu gogoan. Ikasle horiek «kontrol jarraian lortutako nota hobetzen saiatu ordez keinu sinboliko hori nahiago izan zutela» goraipatuz.
Kolegioko ikasleek ere euskaraz idatziko dute azterketa
Ildo beretik, Zientzietako azterketa euskaraz egitera doazen 220 ikasleak ere sustengatzen ditu Seaskak. «Bereziki gure babesa eta elkartasuna adierazi nahi diegu, ikasleen kopiak (azterketak) zuzentzaile elebidunek zuzenduko ez lituzketen kasuan desobedientziarako bidea hartzeko prest diren gure irakasleei», adierazi du aipaturiko oharrean.
«Zoritxarrez, Hezkuntza Ministeritzak ez digu beste aukerarik uzten bere inposaketei desobedientzia adieraztea baino» gaineratu du.«Seaska eta berarekin batera Euskal Herria erresistentzian sartzeko prest drla, injustiziari eta Euskal Herriko berezko hizkuntzak jasaiten dituen erasoei buru egiteko» gaineratuz.
Hala, uztailaren 1ean, ostegunez, Donapaleun arratsaldeko 18.00etan iraganen den manifestaziora joateko deia egin du Seaskak, hezkuntza komunitateari (familiak, irakasleak, langileak) ez ezik herritar orori protesta horretara bertaratzeko gonbidapena luzatuz.