NAIZ

ELAk eta LABek «historikotzat» jo dute EAEko Merkataritzan eginiko greba eguna

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Merkataritza sektoreko langileen %80 ordezkatzen duten ELA eta LAB sindikatuek ostiral honetan eginiko greba egunaren eta horren harira deitutako mobilizazioen arrakasta azpimarratu dute.

Merkataritza sektoreko langileek Bilbon egin duten manifestazioa. (Monika DEL VALLE/FOKU)
Merkataritza sektoreko langileek Bilbon egin duten manifestazioa. (Monika DEL VALLE/FOKU)

ELA eta LAB sindikatuek deituta, EAE guztiko Merkataritzaren sektore osoak greba eguna izan du ostiral honetakoa, «azpisektore ia denak» aintzat hartu dituena. Horregatik, deialdia «historikoa» izan dela adierazi dute. Sindikatuek era positiboan baloratu dute greba eta hiru herrialdeetako hiriburuetan eginiko mobilizazioak «arrakastatsuak» izan direla nabarmendu dute. 

Deitzaileek adierazi dutenez honako saltokietako langileek, besteak beste, egin dute bat grebarekin: H&M, Media Markt, Fnac, Springfield, Celio, Stradivarius, Tezenis, Cos, Punt Roma, Oysho, Zapateria Courier Gran Via, Douglas, Medical Optica, Max Mara, H&M, Ikks, Zara, Stradivarius, Cortefiel, Women'secret, Merkal Calzados, Body Shop, Massimo Dutti, Sephora, Desigual, Bershka, Purificacion Garcia, Carolina Herrera, Lush, Elkar eta Ayestaran. 

Ane Zelaiak, ELAko Bizkaiko Zerbitzuak federazioko arduradunak, irabazi handiak dituzten bitartean enpresek langileen kaleratze prozesuak martxan dituztela salatu du: «Oso kaleratze prozesu gogorrak bizi izan ditugu enpresa multinazionalek ikaragarrizko irabaziak dituzten bitartean». Kaleratzeez gain, lanaldien murrizketek ere arazo handia suposatzen du beharginentzat. «Partzialitatea, behin-behinekotasuna eta lanaldi murrizketak ezartzen ari zaizkie langileei horrek dakarren soldata murrizketarekin. Azken aldian, ERE kopuru izugarri handia egin da», plazaratu du LABeko Merkataritza sektoreko bozeramailea den Irati Sienrak.

Sektoreak bizi duen egoeraren isla da mobilizazioetan errepikatu den leloetako bat: «Ellos millonarios, nosotras en precario».  

Sindikatuek bi eskaera nagusi egiten dizkiote patronalari. Alde batetik, lanaren prekarizazioarekin amaitzea; bestetik, borondate onarekin eta proposamen duinekin negoziatzeko elkarrekin esertzea. Izan ere, sindikatuek salatzen dute hitzarmen sektorialak duela urte askotatik «blokeatuta» daudela eta hitzarmen horiek «gaur egungo egoerara moldatzeko» klausulak txertatzea behar dituztela.

Erakundeei eta alderdi politikoei dagokienez, 2010, 2011 eta 2012an indarrean sartutako lan erreformak bertan behera uzteko eskatu diete sindikatuek. Zapatero eta Rajoyren gobernuen garaiko erreforma hauek erakunde publikoen esku-hartzerik gabe langileen kaleratze kolektiboak ahalbidetzen dituzte 30 egunetako epean.

Hortaz gain, «eraldaketa digitalak» eragindako lanpostuen suntsiketa salatu dute sindikatuek. «Online salmentek kasu askotan lan karga handiagotu digute, guk prestatu behar ditugulako eskariak», azaldu du Marije Fernandez ELAko bozeramaileak. Fernandezekin bat eginez, digitalizazioa «kostuak murrizteko» erabili nahi dutela salatu du Sienrak.

H&Mren garaipena

Berriki H&Mko langileek EREa geldiaraztea lortu izanak sektorea indarberritu du. Zelaiak adierazi du garaipen honen ondorioz azken 10 egunetan grebaren jarraipena asko hazi dela: «H&M-k giroa sortu du sektorean eta ikusi da posiblea dela horrelako prozesuen aurka eta zure eskubideen defentsan borrokara irtetea eta irabaztea».

Mobilizazio bukaerako manifestuan H&Mkoak gogoan izan dituzte eta beraien borroka eredutzat hartu behar dela esan dute ELAk eta LABek.