Maddi Txintxurreta

50 urteren ostean, polizia indarkeriaren biktima batzuek aitortza jaso dute Lakuaren eskutik

Lakuako Gobernuak ekitaldia egin du Bilboko Euskalduna jauregian larunbatean, Torturaren Biktimei Laguntzeko Nazioarteko Egunean, 1960tik 1978ra poliziaren indarkeria jasan zuten 30 biktimari aitortza emateko.

Bilbon egin den ekitaldiaren irudia. (IREKIA)
Bilbon egin den ekitaldiaren irudia. (IREKIA)

1960tik 1978ra Estatu espainiarreko polizia-indarrek torturatutako edo haien giza eskubideen urraketa larriak jasandako 30 pertsona omendu ditu larunbatean Lakuak, torturatuak izan direla aitortzen duten ebazpen eta erresoluzio bana eman die Beatriz Artolazabal Lakuako Berdintasun, Justizia, eta Gizarte Politiketako sailburuak.

Bilboko Euskalduna jauregian egindako ekitaldian, Artolazabalek gogoan izan ditu Guardia Zibilen torturengatik hildakoak, baita torturak jasan eta biktima gisa aitorpenik jaso gabe hil direnak. Bertaratutako 30 biktimei zuzendu zatzaie gero, azpimarratuz «lehen mailako biktimak» direla: «Zuen bizitzan eragin handia izan duten eskubideen urraketa larriak jasan zenituzten. Torturak eta tratu txarrak jasan zenituzten. Irainak jasan zenituzten, emakumeak are okerragoak, emakume izateagatik. Zuek bakarrik dakizue jasan behar izan zenutena».

Horrekin batera, 50 urtean biktima hauek pairatu duten «denbora igarotzearen mina, ahanztura eta isiltasuna» aipatu ditu Artolazabalek, Lakuak auzi honetan izan zezakeen ardurari erreparatu gabe.

Sailburuak berretsi du EAEn 1978 eta 1999 artean motibazio politikoko indarkeriaren testuinguruan giza eskubideen urraketak jasan zituzten biktimen aitorpenerako eta erreparaziorako Balorazio Batzordeak Legebiltzarrean aurkeztutako txostenak demostratu duela ekitaldian omendutakoek torturak jasan zituztela, eta justiziaren, erreparazioaren eta berriro ez gertatzeko bermearen gainean lan egiteko konpromisoa erakutsi du.

«Zuen egia aldarrikatu nahi dugu, zuen egia ez ezik, guztion egia izan behar duena. Torturatuak izan zineten. Egia horrek gizarte bezala konpromiso bat hartzera eraman behar gaitu: ez da berriro torturatuko», berretsi du.

Juana Balmaseda Balorazio Batzordeko presidenteak, bere aldetik, egindako lana eskertu die biktimei eta oraindik ere egiteko asko dagoela nabarmendu du. Asteazkenean Gasteizko Legebiltzarrean aurkeztutako lehenengo txostena abiapuntua besterik ez da.

Ordezkari instituzionalen hitzartzeen atzetik, ekitaldira deitutako 30 biktimak edo haien senitartekoak Euskalduna jauregian prestatutako oholtzara igo dira, banan-banan, Beatriz Artolazabalen eskutik indarkeria polizialaren testuinguruan giza eskubideen urraketa larriak jasan zituztela akreditatzen duten ebazpena eta erresoluzioa jasotzera.

Hiru testigantza

Noelia Suarezen aita, jatorriz Leonekoa, 1976ko apirilaren 10ean hil zuen Guardia Zibilak. Zestoan egiten zuen lan Felipe Suarezek eta han bizi zen familiarekin, baina lantokiz mugitu behar zuen eta Federico Astilleros lagunarekin zegoen. Bertsio ofizialaren arabera, Guardia Zibilaren kontrola saltatu eta tiroz hil zuten. Baina, egiaz, Noeliak azaldu duenez, ez zegoen kontrolik, eta «makurtuta» zeuden agenteek zuzenean burura egin zioten tiro, nahastu egin zirela konturatu ziren arte. Orduan, anbulantziari deitu eta kontrola jarri zuten errepidean, Suarez eta Astillerosek ihes egin nahi izan zutenaren bertsioa zabaltzeko.

«Eskerrak Federiko besoan zauritu zuten eta bizirik atera zen, gertatutakoa kontatu ahal izateko», esan du biktimaren alabak.

Belen Matabuena militante antifrankista birritan atxilotu zuten, 1973an eta 75ean, eta birritan torturatu. Agur bat eskaini die poliziek hildakoei eta Estatu espainiar faxistaren errepresio krudela, berak bezala, ezagutu dutenei. «Guztiok jasan dugu errepresio frankista ankerra, baina guztion sufrimenduak ez dira berdinak izango. Ez da berdina izango etapa hura duintasunez gainditzeko bakoitzak egin dugun ibilbidea. Nik nola bizi izan dudan baino ezin dut esan: oso gaztetatik oso argi izan nuen zer esan nahi zuen emakume, euskaldun eta langile-klasekoa izateak. Hiru baldintza horiek diktaduraren biktima bihurtzen ninduten. Nik defendatzea erabaki nuen. Eta egin zigutena egin arren, inoiz ez dut borrokatzeari utzi», agertu du.

Ines Baraizarrak errepresio frankista sufritu zuten bakiotarren izenean hitz egin du. «Gerra ez zen 1939an bukatu. Diktaduraren makinariak aurrera jarraitu zuen. 60, 70, eta 80ko hamarkadetan torturak, kartzela eta beste sufritu zuten bakiotar askok. Zer egin zuten hori merezi izateko? Herria maitatu, besterik ez», adierazi du.

Salatu du Euskal Herrian eskubide urraketak «sistematikoki praktikatu dituztenek «askatasun osoa izan dutela, biktimek ez bezala, orain arte «ukazioa jasan baitute bere esanetan. «50 urte ondoren bada ere, batzuei etorri zaigu aitortza. Baina ez gaude denok hemen. Batez ere instituzioei eskatzen diegu: jarrai dezatela aitortza eta erreparazioaren bidetik», aldarrikatu du.

Zentzu berean, Egiari Zor fundazioak ohartarazi du ekitaldi honetan omendutakoak «puzzlearen pieza txiki bat» baino ez direla.