Amaigabea zirudien baina Lehen Mailako denboraldia azken jardunaldira heldu da. Etxetik kanpo jokatuko dute hiru euskal taldeek, laugarren postua berreskuratzeko helburuarekin Realaren kasuan eta oporretara sentsazio onekin joateko Athleticen eta Eibarren kasuan.
Valentzia-Reala
Txuri-urdinen erronka ez da erraza. Valentzia bisitatuko dute igande honetan (18.00, Gol) eta, garaipena lortzeaz gain, Levante hartuko duen Atleticoren porrota behar dute laugarren postua berreskuratu eta Liga bere historiako posturik onenean amaitzeko.
Natalia Arroyok onartu du sailkapenaren motibazioa «oso garrantzitsua» dela baina «ez dugu jokatu behar soilik horretan pentsatzen. Hau prozesu bat da eta gakoa gauzak ondo egitea da. Valentziak berdinketa bat eraman zuen Zubietatik, oso maila altua dauka, baloia duenean asko kostatzen da kentzea eta aurkariak asko sufritzea lortzen du. Gure erronka lehen itzulian etxean egin ez genituen gauzak oraingoan egitea da. Aurkari ona da, gure bertsiorik onena exijituko duena. Ondo amaitu nahi dugu eta ea zertarako balio zaigun ondo amaitzeak».
Badirudi partida onekin hainbat jokalarik kamiseta txuri-urdinari agurra emango diotela. Momentuz, albiste ofizial bakarra Maddi Torreren kontratuaren luzapena izan da eta Arroyok ez du ezer gehiago aurreratu nahi baina aldaketak egongo direla onartu du. «Alde egiten duten jokalariak badaude, emandakoa eskertu beharko diegu eta nik pertsonalki eurekin entrenatzeko aukera izana eskertuko diet ere». Edozein kasutan, «ziur nago Realak talde lehiakorra egingo duela berriro ere, urrats berri bat emango duela bidean. Proiektua lehen taldetik haratago doa, emakumezkoen futbolaren sekzioa handitzea eta hobetzea da helburua. Jokalari desberdinekin izan behar bada, erreseteatu beharko dugu, ikasi eta joan daitezkeenek egindakoarekin ikasi eta disfrutatu eta datozenei konfianza eman».
Iraiak, Nahikarik, Barbarak eta Manuk min hartuta jarraitzen dute eta ezin izango dute azken partida hau jokatu. Bigarren taldeko Izarne, Mirari, Claudia eta Laia sartu ditu Arroyok deialdian.
Deportivo-Athletic
Athleticen ere badaude zalantzak hainbat jokalariren etorkizunaren inguruan. De la Navak kontratua berritu du eta Marta Pereak eta Cirauquik ez dute Bilbon jarraituko baina ekainaren 30ean kontratua amaitzen duten gainontzeko sei futbolarien etorkizuna argitzear dago. Iraia Iturregik ez du larregi argitu honen inguruan eta klubak «astelehenetik aurrera berri guztiak emango» dituela esan du. «Aldaketak egongo dira taldean. Ez da pila bat aldatuko baina aldaketa batzuk egongo dira», aitortu du.
Alde egingo dutenen eta gazteen motibazioak taldeari azken partida honetan lagunduko diola uste du entrenatzaile bizkaitarrak. Eta denen artean Liga sentsazio onekin amaitzea lortuko dutela espero du. «Partida jokatu behar da eta esfortzua berdina da. Irten eta partida on bat egiten ahalegindu edo irten eta denbora pasatzen uztea, esfortzua berdina da. Korrika egin behar da, kolpeak jaso daitezke… Baina oporretara sentsazio onekin edo txarrekin joatea ez da gauza bera eta nik uste dut guztiontzat pozgarria izango litzatekeela hain denboraldi gogorra sentsazio onekin amaitzea».
Motibazioari dagokionez, Iturregik jokalari gazteen aportazioa azpimarratu du. «Freskotasuna eman diote taldeari –esan du–. Hasiera batean, jokalari pare batek parte hartzeko aukera izan zuten eta taldeari une latzenetan laguntzeko. Nik uste dut mentalki bigarren taldekoak hobeto zeudela, ez zutelako "motxila" hori gainean. Eta azken txanpa honetan jokalari berriak etorri dira eta ikusten zaie motibazio bat dela lehen taldearekin entrenatzea ere, nabaritzen da. Eta parte hartu dutenean beren errendimendua ona izan da. Lagundu gaituzte eta lehen taldeko jokalariek oso ondo hartu dituzte gazteak, asko lagundu diete eta oso garrantzitsua da alde bietatik eta norabide bietan laguntza egotea».
Gazteek protagonismoa izango dute igande honetan ere Athleticek Deportivori egingo dion bisitan (12.00), erizaindegia hustu ez eta paziente gehiago baitauzka, Vanesa Gimbertek Bartzelonaren aurkako partidan orkatilan kolpe gogorra jaso ondoren.
Bartzelona - Eibar
Zuri-gorrien helburu berarekin bidaiatuko du Eibarrek. Baina gipuzkoarrentzat zailagoa izango omen da lortzea, Bartzelona bisitatuko baitute (11.00). Txapeldunak markako astearekin amaituko dute denboraldia, zortzi egunetan jokatuko duten laugarren partida izango baita biharkoa baina aurrekoetan egin duena ikusita (Real, Athletic eta Sporting gainditu ditu, guztira 13 gol sartuz), argi dago ez duela oporrak aurreratu nahi. Bartzelonak, gainera, badauka azken motibazio bat, Jenni Hermoso lehia bizian baitago Levanteko Estherrekin denboraldiko golegile nagusiaren saria eskuratzeko.
Baina denboraldiko helburu nagusia lortuz gero, Iker Dorronsorok ez du baztertzen erronka gogor hau gainditzeko aukera. «Badakigu aukera gutxi izango ditugula, badakigu oso ondo defendatu bearko dugula baina gure asmoa partida txukun bat egitea da. Denboraldiko azken partida izanda, itxura ona eman nahi dugu eta, zergatik ez, zerbait lortu», esan du.
Orkatilan izandako lesioaren ondorioz apirilaren 25etik jokatu ezin izan duen Thembi –taldeko golegile nagusia, alegia– deialdira itzuli da eta, seguruenik kamiseta gorri-urdinarekin jokatu ahal izango duen azken partidan parte hartzeko aukera izango du.
34. jardunaldia
Golegile nagusiaren lehiaz gain, ezer gutxi gehiago argitu behar du 34. jardunaldiak. Bartzelona txapelduna da, jaitsiera postuak erabakita daude (EDF, Santa Teresa, Espanyol eta Deportivo joango dira Bigarren Mailara) eta oraindik matematikoki posible bada ere, sekulako karanbola beharko luke Levantek Real Madrili bigarren postua kendu eta Champions Leagueko lehen kanporaketa sahiesteko.
Larunbata
Sevilla - Espanyol (18.00, Gol)
Igandea
Barcelona - Eibar (11.00)
Atlético de Madrid - Levante (11.00, Movistar)
Rayo Vallecano - EDF Logroño (11.00, LaLigaSportsTV)
Real Madrid - UD Granadilla (11.00)
Sporting Huelva - Santa Teresa (11.30)
Deportivo - Athletic (12.00)
Valencia - Real Sociedad (18.00, Gol)
Madrid - Betis (18.00)