NAIZ

Bigarren Mailara igo den Burgos taldearen aurka lagunartekoa jokatuko du Osasunak

Osasuna bere denboraldi aurrea antolatzen dabil eta hala, gutxika-gutxika, iragartzen ari da jokatuko dituen lagunartekoak –oraingoz, bost iragarri ditu–. Uztailaren 24an 11.00etan Burgos taldearen aurka arituko da Taxoaren. Gaztela eta Leongo taldea aurten igo da Bigarren Mailara. 

Osasunako jokalariak entrenamendu batean. (@CAOsasun)
Osasunako jokalariak entrenamendu batean. (@CAOsasun)

Burgos taldearen aurka ariko da Osasuna uztailaren 24ko lagunartekoan. Klub gorritxoa denboraldi aurrea antolatzeko lanetan buru belarri dabil eta asteazkenean Huesca, Mirandes eta Numantziaren aurkako neurketen berri eman bazuen, ostegun honetan adierazi du Bigarren Mailara igo berri den taldea izango duela aurkari Taxoaren. 

Orotara, oraingoz, bost lagunartekoren berri eman du Osasunak eta Burgosen aurkakoa jokatuko duen hirugarrena izango da. Lehendabizi, Osasuna Promesas harrobiko taldearekin neurtuko ditu indarrak, uztailaren 17an jokatuko da. 

Hurrengo aurkaria Huesca izango da, hilaren 21ean Ribaforadan. Ondoren, ostegun honetan iragarritako prestaketa partida jokatuko dute Taxoaren –Burgos aurkari, 11.00etan– eta hilabetea bukatzeko, uztailaren 31n Mirandes jasoko dute. 

Numantziaren aurkako neurketa, bestalde, jada behin Liga denboraldia hasita dagoela jokatuko dute, abuztuaren 30ean, alegia. Talde numantziarraren aurkezpen ekitaldiko gonbidatua izango da talde gorritxoa. 

Jagoba Arrasateren taldea uztailaren 5ean itzuliko da lanera. Lehen hiru egunetan proba medikuak egin beharko dituzte jokalariek. Lehen lan saioa uztailaren 8an egingo dute. Harrobiko jokalari Aimar Oroz, Jorge Herrando, Pablo Ibañez, Iker Benito eta Diego Morenok lehen taldearekin burutuko dute denboraldi aurrea.