NAIZ

Emakumeen eskubideak defendatzen dituen Istanbuleko Hitzarmenetik atera da Turkia

Recep Tayyip Erdogan presidenteak ostegunean egin zuen ofizial duela hiru hilabete iragarritakoa: Istabuleko Hitzarmeneko kide izateari uko egin dio, ustezko «heresia» edo homosexualitatea sustatuko lukeela argudiatuta.

Recep Tayyip Erdogan presidentea, Turkiako Batzar Nazionalean. (Adem ALTAN/AFP)
Recep Tayyip Erdogan presidentea, Turkiako Batzar Nazionalean. (Adem ALTAN/AFP)

Turkia ez da jada Istanbuleko Hitzarmeneko kide ostegun honetatik. Hitzarmena Europako Kontseiluaren esparruan emakumeen aurkako indarkeriari aurre egiteko ondutako testua da eta Recep Tayyip Erdogan presidenteak orain hiru hilabete iragarri zuen hitzarmenetik aterako zela, Giza Eskubideen aldeko erakundeen eta nazioarteko komunitatearen zati handi baten kritikak eraginez.

Hogeita hamar herrialde baino gehiago biltzen ditu hitzarmenak, eta Erdoganek berak sinatu zuen 2011n, lehen ministro zenean. Turkiak argudiatu du, orain, nazio euroasiarraren berezko printzipio eta balioak urratzen dituela, ustezko «heresia» edo homosexualitatea sustatuko lukeela esanez.

Estatu Batuek eta Europako Batasunak, nazioarteko beste aktore batzuen artean, Turkia hitzarmenetik ateratzea deitoratu zuten, nahiz eta haustura horrek eskubide eta askatasunen arloan emakumeentzat inolako atzerapenik ez dakarrela argudiatzen saiatu den Erdogan. Hala, kritikak alde batera utzi ditu eta, lehen aldiz, Europako Kontseiluko kide den Estatu bat Giza Eskubideen nazioarteko hitzarmen batetik bereizi da.

Hori guztia Turkiako etengabeko indarkeria matxistak markatutako testuinguru batean jazo da. Han, gutxienez 300 emakume hil zituen indarkeria matxistak, Amnistia Internazionalak bildutako datuen arabera. Erakunde honek «lotsagarri» ikusten du Erdoganen igarobidea, eta milioika emakumerentzat eta neskentzat «arrisku handiagoa» ekarriko duen beldur da.

Agnes Callamard Amnistia Internazionaleko idazkari nagusia atsekabetuta agertu da: «Turkiak erlojua 10 urte atzeratu du emakumeen eskubideei dagokienez, eta aurrekari beldurgarria ezarri du». «Erretiratzeak mezu ausart eta arriskutsu bat  transmititzen die hiltzen dutenei: zigorgabetasunez egiten jarrai dezaketela», erantsi du komunikatu batean.

Protestak

Turkiako erakunde feminista ugarik protestetarako deia egin dute ostegunean Erdoganen erabakia gaitzesteko, «Ez diegu uko egiten gure eskubideei, ez gure bizitzari, ez Istanbulgo Hitzarmenari» lelopean.

«Uztailaren 1ean matxinatuko gara kaleetan. Berriro ohartarazten dugu beren erabakia berrazter dezatela eta Istanbulgo Hitzarmena ezar dezatela», adierazi zuen atzo Cemile Baklacik, kanpaina feministaren buruetako batek, komunikatu batean.