NAIZ

Plateruenaren hutsunea eta Durangoko beharrak betetzeko xedea duen egitasmoa aurkeztu dute

‘Plateruena ta gero zer?’ dinamikaren ondorioekin osatutako kudeaketa proiektua aurkeztu dute, ‘Plateruena: lantegi eta erakusleiho’ izenekoa. Ekitaldia eraikinaren kanpoaldean egin zen, asteazkenean, eta dozenaka herritarrek parte hartu zuten.

Dozenaka herritar bildu ziren asteazkenean `Plateruena: lantegi eta erakusleiho´ txostenaren aurkezpen ekitaldian.
Dozenaka herritar bildu ziren asteazkenean `Plateruena: lantegi eta erakusleiho´ txostenaren aurkezpen ekitaldian.

Plateruenaren itxierak utzitako hutsunea eta Durangoko beharrizanak betetzeko helburua du aurkeztutako proiektuak. ‘Plateruena: lantegi eta erakusleiho’ txostenean jasota daude egitasmoaren lau ardatzak. «Alde batetik, kultur sorkuntzaren prozesu osoa garatzeko espazioa izan behar du Plateruenak, hau da, erakusleiho izateaz gain, sorkuntza prozesuak sustatuko dituen eta hauei lekua emango dien espazioa izan behar du. Honela, kultur transmisio horizontala sustatu nahi da, kalitatezko programazio kulturala eskaintzeaz gainera», esplikatu zuten.

Euskara sustatzea da beste xedeetako bat, horretarako euskara programatzerakoan edo sortzerakoan lehenetsiz, besteak beste. «Durangoko kultur ekosistema elikatu eta kultur eragileen sarea osatzea beharrezkotzat jotzen dugu, baita kultur egitasmo eta erakundeen arteko elkarlana koordinatzeko eta sustatzeko ere. Azkenik, Plateruenak herritarrak inplikatzeko mekanismoak behar ditu, herritar guztientzako zerbitzua eskaintzeko».

‘Plateruena ta gero zer?’ dinamika

Ondorio hauek 2020ko urrian ‘Plateruena ta gero zer?’ dinamika martxan jarri ostean abiaturiko harreman bira eta parte-hartze prozesutik datoz. 22 elkarte eta erakunderekin eta kultur arloko 34 lagunekin batu dira aurrez aurre iritziak elkartrukatzeko, eta horrez gainera, lau saio ireki egin dituzte. Saio horietan 82 lagunek parte hartu dute. Durangotik kanpoko esperientziak eta gisako proiektuak ere ezagutu dituzte, Elorrioko Arriola, Azpeitiko San Agustin eta Gernikako Astra.

Udalarekin elkarlana egiteko prestutasun osoa

Asteazkenean herritarren aurrean aurkeztu zuten txostena eta ekitaldian ez zen arterik falta izan. Usue Eguiak eta Paula Aranak ilustrazio erraldoi bat egin zuten; Nerea Aizpuruak hainbat musika pieza jo zituen, eta Mariano Estudillorekin batera Joseba Sarrionandiaren poema bat musikatu zuten.

Durangoko Udalean ordezkaritza duten alderdiei ere bidali diete dokumentuaren kopia bana. «Udaleko kideek gure proposamena aintzat hartuko dutelakoan gaude, eta elkarlanerako prestutasun osoa dugula erakutsi dugu», adierazi zuten.

Eskerrak eman zizkieten modu batera edo bestera prozesu honetan parte hartu duten norbanako, kolektibo eta erakunde guztiei.