‘Jzioquitarrek’, EuskarAbenturaren aurtengo edizioan parte hartuko duten 120 lagunetatik erdiak, ostiral honetan hasi dute Euskal Herria euskaraz ezagutzea helburu duen espedizioa. Bilbon elkartu dira lehenengo txanda osatzen duten 16-17 urteetako gazteetako batzuk eta Urruñan besteak, elkar ezagutu eta aurretik dituzten hamar egunetarako indarrak hartzera.
GAUR DA EGUNA! 拾 #HasiDaAbentura
— EuskarAbentura Espedizioa (@euskarAbentura) July 2, 2021
Bilbon Hasi dira Jzioquitarrak elkar ezagutzen.#EuskarAbentura2021#JzioquiDugu #HamarEgunHamaikaAbentura pic.twitter.com/tOnQFOxQPp
Euskal Herriko zazpi lurraldeetako nahiz diasporako 16-17 urte bitarteko 120 neska-mutil euskal geografia, kultura eta historia lagunartean ezagutzera eramango dituen espedizioa berezia izango da aurten, pandemia dela eta.
Hala, EuskarAbentura 2021ek kanpaldi formatua izango du eta bi txandatan banatuko da. Txanda bakoitza bi kanpamentu basetan kokatuko da eta haietako bakoitza, gainera, lurralde ezberdin batean.
Lehen txanda ostiral honetan hasi da eta hilaren hamaikan bukatuko da. Bigarrena, 16an hasi eta hogeita bostean amaituko da.
Ibiltaria izango ez den arren, gazteek Euskal Herriko txoko ezberdinak ezagutzeko aukera izango dute. Lehen txanda Zokoan eta Lekarozen gauzatuko da, eta bigarren txandako gazteek Bidania-Goiatzen eta Aulestin pasako dituzte beraien egunak.