Traineru estropaden bi maila nagusiak, gizonezkoen Eusko Label Liga eta emakumezkoen Euskotren Liga, larunbat honetan hasiko dira Galiziako uretan Cidade da Coruña banderen lehen jardunaldiarekin (17.40, ETB1). Lehiari hasiera Euskotren Ligako lau ontziek emango diote –Orio, Donostiarra, Arraun Lagunak eta Hondarribia–, eta ondoren gizonezkoek egingo dute arraun, aurkezpen egunean egindako txanda zozketari jarraituz: lehen txandan Ondarroa, Hondarribia, Zierbena eta Bermeo irtengo dira; bigarrenean Lekittarra, Ares, Orio eta Santurtzi; eta hirugarrenean Tiran, Cabo, Donostiarra eta Zarautz.
Gizonezkoen egutegia 20 estropadez osatua dago eta Santurtzi izango da iaz lortu zuen garaipena errepikatzeko faborito nagusia. Bizkaitarrek azken urteetan egindako apostu indartsuak bere fruitua jaso zuen iaz, eta badirudi aurten ere punta-puntan ibiliko direla. Taldea ez dute askorik aldatu: arraunlari on batzuk alde egin duten arren (Adrian Gonzalez, Iker Pascual edo Miguel Angel Ruiz, esaterako) fitxaketa esanguratsuak ere egin dituzte, aipagarriena seguruenik Gorka Aranberri patroia Asier Zurinaga ordezkatuz.
Taldearen indarra argi geratu da udaberriko lehiaketetan, izan ere santurtziarrek sekulako lorpena sinatu dute: Bizkaiko, Euskadiko eta Espainiako Txapelketak irabazi dituzte bateletan nahiz trainerilletan. Ikusi egin beharko da nagusitasun hori traineru denboraldian ere errepikatzen den, aldaketak nabarmenak direlako ontzi mota batzuetatik bestera, baina argi dago Iker Zabalaren mutilak goian ibiliko direla.
Sailkapen nagusian santurtziarrei aurre egiten saiatuko diren traineruen artean bost aipatu daitezke, batzuk besteek baino aukera gehiagorekin, eta denen buruan Hondarribia agertzen da. Gipuzkoarrek 2015ean irabazi zuten Liga azkeneko aldiz, baina ondorengo edizio guztietan bigarren amaitu dute, eta azken hiru urteetan Kontxako Bandera ere irabazi dute.
Mikel Orbañanosek iazko blokeari eutsiko dio kasik aldaketarik gabe. Talde utzi duten lau arraunlarien artean Julen Castrillon aipatu behar da, gizon oso garrantzitsua azken urteotan, baina aurpegi berrien artean ere bada bat benetan nabarmentzekoa, Zarautzen entrenatzaile lanetan aritu ostean Hondarribiara itzultzea erabaki duen Gari Uranga. Gainera, urtero legez, oso indartsu iritsiko dira denboraldi hasierara, halaxe erakutsi baitute berriki irabazi dituzten Lekeitioko estropadan eta Gipuzkoako Txapelketan.
Garaipenen eta ohorezko txandaren borrokan egon beharko lukete bi horiekin batera Bermeok, Oriok, Zierbenak eta Donostiarrak –iaz orden horretan amaitu zuten sailkapenean–. Orokorrean, iazko blokeekin alderatuta ez dago aldaketa izugarririk, entrenatzaileak ere berdinak dira, nahiz eta talde bakoitzak bere pausotxoa eman nahi izan duen norabide batean edo bestean.
Iraultza handirik ez taldeetan
Bermeok eta Zierbenak, esaterako, hiruzpalau aldaketa bakarrik egin dituzte. Bermeotarren artean berrikuntza deigarriena Nicolas Yurramendirena da, orain arte bizitza guztian etxean aritua zen donostiarrarena, eta Zierbenan azpimarratzekoa da iaz Santurtzin titular ziren bi arraunlari erakarri dituztela (Adrian Gonzalez eta Iker Pascual), horrek duen esanahi guztiarekin.
Oriok eta Donostiarrak aldaketa gehixeago dituzte, nahiz eta proiektua ez den aldatu. Orion Jon Salsamendik harrobitik tiraka jarraitzen du eta aurten ere beste bizpahiru gazte igoko ditu lehen taldera (patroia ere berria da, Ugaitz Mendizabal). Aitortu du egunotan astero irabazteko ez duela ikusten taldea, baina borrokan ibiltzeko bai. Eta donostiarren kasuan Igor Makazagak talde zabalagoa bildu nahi izan du, iaz jendeari atsedena emateko izan zituen zailtasunak ekidin nahian.
Ligako beste hiru euskal ordezkarien helburu nagusia mailari eustea izango da gutxi edo gehiago. Ondarroak, esaterako, urte on batzuen ostean dezente sufritu zuen iaz eta aurten ere aldaketa dezente egin ditu taldean. Izenak ikusita ez luke arazo handirik izan beharko sailkapenaren erdialdera inguratzeko, baina aldeak oso txikiak izaten dira eta arriskua beti egoten da hor.
Isuntza eta Zarautzen kasuan are argiago dago helburua. Bi taldeek etxeko jendearekin jarraitzen dute lanean eta gorengo mailan egotea ez da gutxi. Lekeitiarrek azken urteetako proiektuari jarraipena ematearen abantaila dute, Osertz Aldayren esanetara; zarauztarrek aldiz entrenatzaile berria, Asier Puertas, eta aldaketa aipagarriak dituzte, eta ikusi egin beharko da blokea garaiz osatzen duten beheko postuetatik ihes egiteko.
Helburu horretan zer esan handia izango du Ligako hiru ontzi galiziarren mailak. Nahiz eta erreferentziarik ez izan, hasiera batean Cabo, Ares eta Tiran beheko borrokan ibiliko dira eta horiei lapurtutako puntuak oso baliotsuak izango dira jaitsiera ekiditeko borrokan, larunbat honetatik hasita.
Parekotasun handia espero dute Euskotren Ligan
Euskotren Ligari dagokionez, egutegia hamabi jardunaldik osatzen dute eta Orio azken bi urteetan lortutako garaipena errepikatzen saiatuko da. Azken asteetan egindako adierazpenetan behin eta berriro errepikatu dute protagonistek lau traineruen arteko parekotasuna iaz baino handiagoa izango dela eta garaipenak gehiago banatuko direla.
Horren erakusgarri izan liteke Gipuzkoako Txapelketan Donostia Arraun Lagunek lortutako garaipena. Iaz gehienetan hirugarren egin zuen ontziak alde ederrak aterata irabazi zuen, sei segundo Oriori, bederatzi Hondarribiari eta hogei bere mailatik behera ibili zen Donostiarrari.
Baina beste aldekoak ere aurki daitezke: Lekeitioko estropadan esaterako Oriok iazko bidetik irabazi zuen, Donostiarrari bederatzi segundo sartuz, Hondarribiari 13 eta Arraun Lagunaki 27.
Aldaketei dagokionez, gora-behera handienak Donostiarrak izan ditu, batez ere Maialen Arrazola entrenatzaile eta arraunlariak taldea utzi zuelako eta Jose Ramon Mendizabalek hartu duelako taldearen gidaritza. Patroi berria dute (Nerea Perez) eta Ane Pescador arraunera itzuli da donostiarren eskutik.
Aneren ahizpa, Eli, da Arraun Lagunaken aurpegi berrietako bat aurten; Oriok bi izen esanguratsu galdu ditu (Nerea Badiola eta Itziar Olasagasti) baina Tayde Gomez de Segura berreskuratu du; eta Hondarribiak Nere Perez galdu du patrontzarako, etxeko neska gazteen aldeko apostuarekin jarraitzen duen bitartean.