Beita bizia: atunak banan-banan arrantzatzeko artea
Hegaluzea arrantzatzeko, sarerik ez. Kanaberak eskuan hartuta, arrainok duela 80 bat urte Kalifornian ikasitako teknika baliatuz arrantzatuko dituzte, beita biziarekin, alegia.
Ortzi-mugara so zelatan zegoen marinelak eman du abisua. Kostata, baina azkenean atun traska edo sarda bertan da. Ez dago denbora galtzerik. Ordura arteko kresal usainari adrenalinarena batu zaio bat-batean. Aginduaren zain, arrantzaleak euren postuetan dira eta orduan, burua leihatilatik atera eta ‘bota, bota!’ oihukatu du patroiak. Seinalea da, arrantza hasi da. Peiteroak salabardoa atxiki eta uretara antxoa biziak (beita bizia) botatzen ditu; kaineroek amuak eskuetan hartu eta beita jartzeari ekin diote; bien bitartean, karelean diren tutuek ur zurrusta etengabeak jaurtitzen dituzte barkua bits artean ezkutatzeko ahaleginean...
Kaotikoa irudi dezakeen arren, hegaluzeak beita biziarekin arrantzatzen direnean guztia dago aurrez erabakita, arrantzale guztien zereginak xeheki neurtuta baitaude. Soilik txikikeria batek ihes egiten dio planifikazio horri guztiari: arrainak. Finean, hegaluzeak erabakitzen du beita bizia jan edo ez jan, amarrua irentsi edo ospa egin, arrantzaleen umore ona (eta poltsikoa) elikatu edota kontrakoa eragin. Horretan datza, hain justu, arrantza arte honen berezitasuna eta balioa. Horregatik, euskal kostaldean praktikatzen den hegaluzearen arrantzak ez du deus ikustekorik gainerako itsasoetan azken hamarkadetan nagusitu den atunaren industriarekin. Lehenak arrantza soila praktikatzen du; bigarrenak, berriz, kate-produkzioaren eta arrantzaren arteko zerbait.
Edozein gisaz, beita biziarena teknika berri samarra da Euskal Herrian, eta arrantza arte hau garaikidea dela frogatzen duen aztarnetako bat hizkuntzan bertan topa dezakegu. Frantsesez ‘appât vivant’, gazteleraz ‘cebo vivo’, eta euskaraz... erdarakada bat. ‘Beita’ hitza 80 urte eskas dituen anglizismo bat da. Zehazki, ingelesezko ‘bait’ hitzetik eratorria da eta 1940ko hamarkadan bi lapurtarrek Kaliforniara egindako bidaia batean du jatorria.
«Made in California»
Hain zuzen, Euskal Herrian teknika honen berri eman zuen lehena Gaston Pommereau Baionako Merkataritza Ganberako lehendakariorde eta armadore donibandarra izan zen. Zehazki, 1935ean Biarritzeko Itsas Museoan eskaini zuen hitzaldian aipatu zuen gaia estreinakoz. Ordurako 250 bat itsasontzi edo clipper ari ziren jada Kaliforniako kostaldean atunak manera horretan arrantzatzen. Antza, XX. mendeko 20ko hamarkadan Azoreetako arrantzale portugaldarrek eraman zuten Kaliforniara aipatu teknika. Itsasoak, jakintzak bezalaxe, ez du mugarik. Euskal Herrira, ordea, hamar urte geroago iritsi zen berrikuntza, Bigarren Mundu Gerra amaitu eta berehala.
Beita biziaren teknika bertatik bertara ezagutzeko San Diegora bidaiatu zuen 1946an Pommereauk berak. Hori bai, Estatu Batuetara joan-etorria ez zuen bakarrik egin; berarekin batera Ziburuko armadore eta kontserbagile Albert Elissalt joan zen. Delirum Tremens talde mutrikuarraren kantak dioen bezala, ‘ikusi eta ikasi’. Hain justu, Estatu Batuetatik bueltan, berrikuntzak begietatik errazago sartzen diren esperantzak bultzatuta edo, Pommereauk eta Elissaltek garaiko Select zinema aretoan beita biziaren gaineko dokumentala ikusarazi zuten 1947ko udaberrian. Jakina, estreinaldira portuko patroi eta arrantzaleak gonbidatu zituzten, baina bikotearen zoritxarrerako ez zuten esperotako emaitzarik lortu. Pantailan ikusi zituzten irudien kontura barrez eta iseka aritu ziren itsasgizonak emanaldi osoan zehar.
Armadore donibandarrak, baina, kaskagogorrak ziren eta lehen pausoa beren itsasontzi batekin ematea erabaki zuten azkenean. Horrenbestez, 1947ko udan Zokoko ‘Marie Elisabeth’ baporea izan zen beita biziarekin arrantzatzen lehena Euskal Herrian. Patroi lanetan, berriz, jaiotzez hondarribiarra izan arren, Ziburun bizi zen Juanito Olaskuaga ‘Zaputza’.
Hastapenak ez ziren batere samurrak izan, beita biziarekin arrantzatzea ez delako batere erraza... ez, behintzat, saiatzen den lehendabizikoa baldin bazara. Batetik, itsasontzian haztegiak jarri behar dira; gero, antxoa, sardina edo dena delakoa arrantzatu eta haztegietan bizirik nola mantendu asmatu; eta, azkenik, atun traskak bistaratzeaz gain, haiengandik metro eskasetara hurbildu beharra dago. Esaera zaharrak dioen modura, baina, ezina ekinez egina, eta bigarren urterako jada Juanito Olaskuaga, Albert Elissalt eta ‘Marie Elisabeth’ itsasontziaren arrakasta erabatekoa zen. Pentsa, urtebete geroago Zokoko, Ziburuko eta Donibane Lohizuneko barku guztiek beita biziarekin arrantzatzen zuten.
Teknika berri honek sekulako iraultza suposatu zuen euskal portuetan. Nicolas Goñi AZTIko langile eta hegaluzeetan adituak nabarmentzen duenez, beita biziarena «aski goiz zabaldu zen Hondarribira, orduan zeuden Ziburu eta Hondarribiko arrantzaleen arteko harreman onei esker. Ziburuko familia frankok senideak zituzten Hondarribian. Gero Hondarribitik mendebaldera zabaldu zen eta 1951n Gipuzkoako nahiz Bizkaiko portu guziek menperatzen zuten».
Hortaz, Juanito Olaskuagak gidatutako ‘Marie Elisabeth’ itsasontziarekin lehen saiakera egin eta lau urtera, beita bizia euskal kostalde osoan nagusitu zen. Halere, ez pentsa garaiko arrantzaleek teknika guztiz menperatzen zutenik. Arian-arian joan ziren beita biziaren eraginkortasuna hobetzen, eta, batez ere, beita (antxoa izan edo sardina izan) bizirik nola mantendu ikasten. Hain justu, haztegietako beita azkarregi hiltzen zela eta, Elissaltek bigarren aldiz bidaiatu zuen Kaliforniara xehetasun teknikoen bila. Armadoreek, patroiek eta arrantzale estatubatuarrek informazio baliotsua eman zioten, Euskal Herrira itzulitakoan praktikan jarriko zuena: haztegietako paretak zuriz margotu behar ziren, eskotilak are zabalagoak izan behar ziren eguzki-izpiak errazago sar zitezen, gauez ere haztegiak argiztatuak mantentzea komenigarria zen...
Dominique Lavillard, erdian, 14 urte besterik ez zituelarik, Senegalgo kostaldean arrantzan «Robert Michel III» itsasontzian. 50eko hamarkadatik aurrera asko izan ziren Euskal Herritik Senegal aldera arrantzara joan ziren itsasontziak eta marinelak. Argazkia: Dominique Lavillard
«Afrikanuak»
Ingurumari honetan, beraz, 60ko hamarkadan hegaluzearen arrantzak, zehazki, eta atunarenak, oro har, loraldia bizi izan zuen Euskal Herrian. Beita bizia hain zen eraginkorra, ezen gure mugetatik kanpo ere arrain bila hasi baitziren armadore eta arrantzale zenbait. Justuki, euskal atunontzien historian mugarria suposatu duen Senegalgo abentura garai horretan hasi zen; 1955. urte inguruan, hain zuzen. Afrika aldeko kanpaina horien aitzindari eta bultzatzaile nagusietako bat Koxe Basurko ezaguna izan zen. Basurko, Donibane-Ziburuko arrantzaleen sindikatuko lehen presidentea izateaz gain, Itsasokoa kooperatibaren sortzailea ere izan zen.
Edonola ere, garai hartan Estatu frantsesaren kolonia zen Senegalgo uretara joatea ez zen itsu-itsuan hartutako erabakia izan. Gerla garaian Afrikako kostaldean ibilitako marinel lapurtarrek aski ongi zekiten Senegal aldean arrainik ez zela falta. Gainera, Dakar aldean neguan zehar arrantza zitezkeen hegaluzeak, urrian hasi eta udaberrira arte. Kontuan hartuta Lapurdi aldean sardina arrantzatu dela historikoki negu partean, baina hainbat arrazoi direla medio 50eko hamarkadatik aurrera espezie hau kasik desagertu zela, neguko geldialdia eta miseria gorria ekiditeko aterabide paregabea zen Dakarrekoa.
Horrenbestez, Basurkoren ekimenez 1955ean Donibane-Ziburutik lehen flota txiki bat Dakarrera abiatu zen atunaren xerka. Tartean ziren, besteak beste, Bixintxo, Izurdia eta Curlinka itsasontziak. Emaitzak, kasu honetan ere, ikusgarriak izan ziren. Urtebete geroago, 1956ko azaroaren 4an, Baionako apezpikuak gidatuta Dakar aldera zihoazen marinelen aldeko meza santua egin zen Donibaneko portuan. Egun historikoa izan zen: 5.000 lagun inguru gerturatu zen ekitaldira ‘afrikanuak’ agurtzera.
Gogoangarriak dira Basurkok berak milaka herrikideren aurrean esan zituenak: «Herritik urrun hilabeteak igaroko dituztela kontuan hartuta, Sindikatuak ezohiko meza berezi batekin agurtu nahi ditu gure herrikideak, eta jakina, meza portuan ospatzea erabaki dugu. Era berean, CGT Marinelen Sindikatuko zuzendaritzako ordezkariak eskertu nahi nituzke, gehientsuenak ezkerreko kideak, interes orokorra lehenetsi eta elkar ulertzea hobetsi dutelako. Lagunarte honen ikur nagusia eskuzabaltasuna, elkartasuna eta anaitasuna dira».
Lapurdi aldean abiatutako abentura baina, luze gabe zabaldu zen Gipuzkoako nahiz Bizkaiko portuetara, eta bereziki Bermeora. 1956ko azaroaren 30ean apenas 20 metroko luzera zuten zortzi itsasontzi abiatu ziren Bermeotik Dakar aldera: ‘Noche vieja’, ‘Gloria Resurrección’, ‘Niño Jesús de Praga’, ‘Madre Macarena’, ‘Monte Azkarate’, ‘Arantzamendi’, ‘Rosa de los Vientos’ eta ‘Glorioso San Fermín’. Kanpaina haien garrantzia ez zen nolanahikoa, eta frankismoak ere propaganda gisa baliatu zuen. Horren erakusgarri da frankisten No-Do famatuak (El Noticiario Cinematográfico Español) Senegalera zihoazen Bermeoko 14 barkuren eta Hondarribiko beste bi barkuren irudiak filmatu zituela 1960ko azaroaren 17an. Arrantzale bizkaitarren eta gipuzkoarren balentria ‘Espainia Berriari’ gorazarre egiteko baliatu nahi izan zuen frankismoak.
50eko hamarkadatik aurrera hegaluzeak nahiz hegalaburrak beita biziarekin arrantzatzeari ekin ziotenetik, susperraldia bizi izan zuen Donibane-Ziburuko portuak. Irudiok garai hartako loraldia islatzen dute. Argazkiak: Daniel Velez
Jakina, propaganda frankistak ez zuen Dakarreko kanpainak arrantzale haien bizitzan suposatu zuena kontatu, ezta beharrik ere. Aldaketa, baina, sekulakoa izan zen; egun batetik bestera baxurako arrantzale ziren horiek guztiak alturako arrantzale bilakatu ziren. Historia hori guztia aletzen du Jose Maria Ferarios Lazarok 2013an argitaratutako ‘Dakarreko kanpainak: Bermeoko floteak Afrika Mendebaldeko uretan 'pikien' eginiko atun-arrantza kanpainak (1956-1965)’ liburuak. Mende erdi geroago, ukaezina da Senegalgo kanpainaren eragina Euskal Herriko arrantzaren historian. Besteak beste, Bermeoko atunontzi izozkailu handien (gaur egun mundu mailan teknologikoki aurreratuenak) iturburu izan zen, eta, hortaz, baita arrantza eredu kapitalista berriaren lekuko ere. Azken hau, ordea, beste kapitulu bat da eta kontatzeak luzeegi joko luke.
Hain zuzen, txikitatik Senegal aldean arrantzan aritu zen marinel horietako bat da Dominique Lavillard ziburutarra. Zehazki, 14 urte bete berri zituelarik (Ikus argazkia) joan zen lehenbizikoz Dakar aldera ‘Robert-Michel II’ itsasontzian. Urruñako bere etxean, kafe baten bueltan, barkuan sartu zelarik apenas 50 kilo zituela oroitzen du Dominiquek. Jakina, barkuko gazteena izaki, txo lanetan aritu zen: «Denetarik egiten nuen. Baxerak egin, bati galtzak garbitu, besteari kafea eraman, zigarreten bila joan... edozertan iaioa behar nuen izan!».
Oraindik haur bat baizik ez zela, beraz, ‘afrikanua’ izan zen Dominique. Eta bizitako esperientziaz harro den arren, gogorra izan zela behin eta berriro errepikatzen du. Ez da harritzekoa: 14 urte zituelarik 6 hilabete igaro zituen Dakarren, gau eta egun itsasontzian lanean, etxetik milaka kilometrora. Halere, ez pentsa, gero, oroitzapen txarrak baizik ez dituenik. Besteak beste, irri bat ahoan duela otarrainak oroitzen ditu Dominiquek, otarrainak trumilka; «saltsan, erreta... aspertu arte jaten genituen otarrainak!». Senegaldik bueltan, 1996an erretiroa hartu zuen arte, baxurako arrantzan segitu zuen Dominiquek beste 40 bat urtez.
Dominique Lavillard-en kasuan bezala, beste zientoka arrantzaleren bizia eta izaera zizelkatu zituen Senegalgo abenturak. Ez soilik maila pertsonalean, kolektiboan baizik. Hasteko, Itsasokoa kooperatibaren babespean joan ziren Dakarrera, eta garai hartakoa da, besteren artean, ‘baltsan’ sistema iraultzailea; arrantzatutakoarekin lortutako irabazien parte bera jasotzen zuten itsasontzi guztiek, nahiz eta, batzuek besteek baino arrain gehiago harrapatu. Elkartasunean oinarritutako neurri honek mugarria suposatu zuen garai hartan, nahiz eta ez zen luzaz mantenduko. Horrez gain, garai horretan ere barkuak modernizatu eta arrantzale askok euren itsasontzi propioak erosi zituzten. Nolabait, klase ikuspegitik ahalduntze nabarmena bizi izan zuten Lapurdiko arrantzaleek 60ko hamarkadatik aitzina eta, hein handi batean bederen, hobekuntza hori guztia beita biziari esker izan zen.
Orduko loraldia, baina, aspaldi zimeldu zen. Edozein kasutan, gaur egun oraindik ere beita biziarekin arrantzatzen duten sei barku gelditzen dira Dakarren: bat Ziburukoa, bestea Hondarribikoa eta Getariako lau.
Getariako Santana itsasontzia, hegaluzetan. Zenbait berrikuntza teknologiko izan ezik, apenas aldatu da hegaluzea arrantzatzeko manera azken 70 urteetan Euskal Herrian. Argazkiak: Iñigo Onandia
«Thunnus alalunga»
Senegalgo abentura bakarrik ez, Euskal Herrian ere beita biziarekin arrantzatzen duen ontzidia gero eta murritzagoa da. AZTIko Nicolas Goñik zehaztu digunez, Lapurdin lau bakarrik gelditzen dira eta laurek hegalaburra edo zimarroia arrantzatzen dute, batik bat. Gipuzkoan, berriz, 35 gelditzen dira: Hondarribian 16, eta Orio eta Getarian beste 19 itsasontzi. Bizkaian, azkenik, bi baizik ez dira gelditzen: bata Ondarroan eta bestea Lekeition. Goñik nabarmentzen duenez, Lapurdikoek ez bezala, gipuzkoarrek nahiz bizkaitarrek hegaluzea hartzen dute gehienbat gaur egun.
Edozein modutan ere, tunidoen arrantzak gure kostaldean duen garrantzia ez da nolanahikoa. Azken lauzpabost urteetan 10.000 eta 15.000 tona artean arrantzatu ditu Gipuzkoako baxurako ontzidiak, 2006. urteaz geroztik ikusi gabeko datuak. Horren harira, AZTIko adituak zehaztu duenez, Hego Euskal Herrian behintzat, hegaluzearen kostera da urteko garrantzitsuena, antxoaren aurretik.
Baina, zein da ba Euskal Herriko baxurako arrantza flota biziarazten duen arraina? Nicolas Goñiren hitzetan, «hegaluzea tunido arraroa da, ez delako guztiz ur epeleko atuna hegalaburra bezala, baina ezta tunido tropikala ere. Dakigunez, hegaluze gazteek ur tropikaletan pasatzen dute negua, eta azaleko urak berotzearekin batera hurbiltzen dira iparrera. Gure latitudeetara iritsita, elikadura egokia aurkitzen dute Bizkaiko golkoan, eta antxoa baldin badago, horren bila ibiltzen dira urak gehiegi hoztu arte, azaro aldean. Orduan, berriz ere hegoranzko bidea hartzen dute, ur tropikaletarantz».
Goñik nabarmentzen duenaren arabera, beita biziko arrantzak duen abantaila nagusietakoa «nahi gabeko harrapaketak ekiditen dituela da, atunak banaka hartuak direlako», eta hegalaburraren kasuan «nahi gabeko luzera txikiegiko arrainak ere bizirik baztertzen dituelako». Tamalez, ordea, arrain espezie hau harrapatzeko mundu mailan nagusitzen ari den arrantza eredua inguraketa sare erraldoiena da, arrantza industrialarena, eta Euskal Herria ez da salbuespena. Itsasoa errespetatu, etorkizuneko arrantza nahiz arrantzaleen lan baldintzak bermatu eta herrien burujabetzan oinarritutako arrantza politikak nahi baldin badira, ordea, egungo joera aldatu eta baxurako arrantza nahiz arrantza tradizionala gehiago babestu beharko lirateke.
Garairik zailenetan aberastasuna eta oparotasuna ekarri zituen beita biziak Euskal Herriko portuetara: Kaliforniatik iritsitako teknikak sardinaren gainbeherari aurre egiteko baliabide berria eskaini zuen, krisi bete-betean zen arrantza sektorea neurri handi batean suspertzea lortu zuen, eta, gainera, zeharka bada ere, historikoki arrantzaleek pairatu duten bazterkeriari aurre egiteko antolaketa eredu berritzaileak ahalbideratu zituen. Gaur egun, berriz, hegaluzearen eta hegalaburraren biziraupena ziurtatzeko gako nagusia izan daiteke, bai Euskal Herrian, baita munduan ere.