Sekulako emozioa bizi izan da igande honetan Coruñako uretan, bai Eusko Label Ligan eta baita Euskotrenen ere. Mutiletan, Santurtzik eraman du bandera, asteburu osoko bi jardunaldien batuketan denborarik onena lortuz, Urdaibaik irabazi du igande honetako estropada lehen txandatik abiatuta eta Hondarribia izan da kaltetuena. “Ama Guadalupekoak” larunbateko denbora onena defendatu behar zuen, baina arazo bat izan du arraun motzarekin lehen ziabogan –apurtu egin zaio–, hurrengoan arraun luzea erabili du eta 3 segundoko zigorra jaso du horregatik. Denbora gehiegi galdu du amaieran.
Nesketan, aldiz, Oriok irabazi du bandera. Hori bai, bideo-finisha erabili behar izan dute garailea nor izan den jakiteko.
Coruñako urek eta haizeek guztiz aldatu dute estropada Eusko Label Ligan. Pentsa, lehen txandan aritu den Urdaibaik irabazi du proba. Eta ohorezko txandako lau ontziek ezin izan dute bizkaitarren denbora hobetu.
Donostiarra oso ondo atera da, estropada lideratuz lehen hiru ziabogetan. Tartean, lehen biraketan Hondarribiak arazo bat izan du arraun motzarekin maniobra egiterakoan, eta hurrengo biraketan arraun luzea erabili behar izan dute hondarribiarrek. Honek 3 segundoko zigora ekarri die, eta horrekin jokatu behar izan dute estropada guztia.
Aurretik, Santurtzik aurre hartu die Donostiarra eta Zierbenari eta ohorezko txanda eta bandera irabazi ditu. Ez, ordea, estropada; hau Urdaibairentzat izan da.
Izan ere, Coruñako itsasoak aldaketa nabarmena jasan du lehenengo txandatik bigarrena eta ohorezko txandara, eta hori Bermeokoen mesederako izan da, hiru txanden arteko denbora onena markatu baitute bermeotarrek (20:39.25).
Lehenengo txanda horretan, Urdaibaik bere nagusitasuna erakutsi duen bitartean, Zarautzek goitik behera egin du estropadan. Gipuzkoarrek ondo eutsi diote bigarren postuari lehen hiru ziabogetan, bermeotarrak lidertzan erraz zihoazela momentu oro –8 eta 16 segundoko aldea egon da bigarren eta hirugarren biraketetan–, baina azken luzean Lekittarrak aurreratu egin dio eta hirugarren postuarekin konformatu behar izan dute zarauztarrek. Tiran izan da txandako azken sailkatua.
Bigarren txandan, Orio izan da nagusi, baina ez du behar zuen denbora egin Urdaibai gainditzeko. Aresek oso ondo eutsi die gipuzkoarrei –3. ziabogan hiru segundoko aldea zegoen bi ontzien artean–, eta helmugan 2.86 segundoko aldea besterik ez da izan Orio eta Aresen artean.
Ondarroak eta Cabok, aldiz, ezin izan dute erritmoa eutsi eta oso urruti geratu dira, 17 eta 23 segundora, hurrenez hurren, eta sailkapeneko azken bi postuetara erori dira, azkenik hamargarren izan den Hondarribiaren atzetik.
Eusko Label - V Bandera Cidade da Coruña (2. jardunaldia)
1. Urdaibai 20:39.18
2. Santurtzi 20:46.88
3. Orio 20:49.64
4. Zierbena 20:50.30
5. Donostiarra 20:51.56
6. Ares 20:52.90
7. Lekittarra 20:58.98
8. Zarautz 21:02.40
9. Tiran 21:04.76
10. Hondarribia 21:05.88
11. Ondarroa 21:07.16
12. Cabo 21:12.88
Eusko Label - Sailkapen nagusia
1. Santurtzi 22 puntu
2. Zierbena 19 p.
3. Donostiarra 17 p.
4. Urdaibai 16 p.
5. Orio 16 p.
6. Hondarribia 15 p.
7. Ares 12 p.
8. Ondarroa 9 p.
9. Cabo 9 p.
10. Zarautz 8 p.
11. Lekittarra 7 p.
12. Tiran 6 p.
Orio, nesketan, «bideo-finisharekin»
Sekulako emozioa bizi izan da baita ere Euskotren Ligan. Arraun Lagunakek 5.48 segundoko aldea zuen defendatzeko, larunbatean irabazi baitzuen lehen jardunaldia, baina Oriok estropada irabazi eta 5.52 diferentzia atera dio Donostiako ontziari.
Bideo finisha behar izan da azken emaitza jakiteko. Pentsa, hasiera batean telebistan markatu duten diferentzia 5.36koa izan da eta horrek bandera ematen zion Arraun Langunaki. Azkenean Oriorentzat –larunbatean hirugarren izan zen– izan dira bandera eta 4 puntuak.
Oriotarrak ez dira urduri jarri. Are gutxiago hasieran izan duten arazoaren ostean. Izan ere, ontzia bere tokian jartzeko arazoak izan dituzte arraunlari zein Nadeth Agirre patroiak. Egoera honek minutu batzuk atzeratu ditu irteera, baina semaforoa berdea jartzerakoan lau ontziak martxan ipini dira banderaren bila.
Hasiera nahiko orekatua izan da, eta ziabogan ere Arraun Lagunakek eta Oriok denbora bera markatu dute. Baina horiak hobeto atera dira biraketatik, azkar batean 5 segundoko aldea ateraz. Hala joan da azken luzea. Arraun Lagunakek aurreko egunean zuen diferentzia defendatu nahi zuen, eta oso gertu egon da, baina azkenean bandera eta 4 puntuak Oriorantz joan dira.
EuskoTren - IV B. Cidade da Coruña (2. jardunaldia)
1. Orio 11:09.32
2. Arraun Lagunak 11:14.84
3. Donostiarra 11:20.56
4. Hondarribia 11:21.22
EuskoTren - Sailkapen nagusia
1. Arraun Lagunak 7 puntu
2. Orio 6 p.
3. Donostiarra 5 p.
4. Hondarribia 2 p.