
Ez du hiru txapelketa nagusietako finalek izaten duten sonarik, baina hiru horiek kenduta, urteko jaialdirik bereziena izaten da uztailaren 7an, eguerdiz, Labriten jokatzen den lau eta erdiko finalak. Azken urteetan izen desberdinak izan dituen arren, ordutegiak, giroak, beroak...aparteko zerbait eman izan diote zita honi, baina aurtengo Nafarroako Lau eta Erdiko finala sekula baino «kaiolagoa» izango da ateak itxita jokatzeak esentziaren parte handi bat kenduko dio eta Altuna III.ak eta Unai Lasok jokatu beharreko partidari. Kirol aldetik aitzakiarik gabeko partida da asteazken honetakoa, ikuskizun bikaina eskaintzeko osagai guztiak dituena, baina publikorik gabe, ezer ez da berdin izango.
Edukiera mugen barruan, ostegunean hasiko den binakako torneoan pilotazaleak Labritera joaterik izango duten arren, Iruñeko Udalak hala aginduta, hiri erdian jende pilaketak egotea ekidin nahi dute, San Fermin egunean Labriteko harmailak hutsik egongo dira eta ETB-1 izango da partida ikusteko modu bakarra. Hori bai, iaz baino hobetoxeago gaude, iaz ez baitzen txapelketa jokatzerik izan.
Eta pena handia da, bi finalistak laineza hartuta helduko baitira finalera. Alde batetik, Jokin Altunak bere uztailaren 7ko laugarren finala jokatuko du eta Buruz Buruko txapela jantzi ostean jokatuko du. Susto handi xamarra eraman zuen Salaberriaren kontra lehen kanporaketan, baina Ezkurdiaren aurka erakutsi zuen distantziari neurria hartua diola eta buruz buru jokatzen dituen partida guzti edo ia guztietan bezala, faborito garbi gisa irtengo da.
Jokoz eta sasoiz
Baina parean izango duen Unai Lasok ere sasoian eta joko puntu ezin hobean dagoela erakutsi du, nahiz eta bi aste ez diren berriz ere profesionaletan jokatzen hasi zenetik. peña, Urrutikoetxea eta, batez ere, Asier Agirreren aurka izugarrizko erakustaldiak eman ditu Bizkarreta-Gerendaingoak eta pilota bi eskuetatik irten zaion abiadura ikusita, edonor gainditzeko gai ematen du. Nafarrarentzat lehen finala izango da, baina duen konfiantza mailarekin ez dirudi urduritasunak erasan ahal dionik.

«No se necesita la propiedad de una casa para vivir; lo importante es vivir, no poseer»

«Comandos Anticapitalistas de ETA», ¿ignorancia o errata intencionada de la consejera?

«Trump parece buscar el regreso a un esquema puramente colonial del comercio»
Ernaik Berriozarko kaleak hartuko ditu apirilaren 17an «kriminalizazio» saiakerei erantzuteko
