Ortzaize-Arrosa eskolaren aitzinaldean hamarnaka guraso, euskaltzale eta hautetsi bildu dira, heldu den urtean murgiltze eredua ezarri nahi duten lau eskolak sostengatzeko. Kontseilu Konstituzionalak eredu hau antikonstituzionala zela erran eta gero mobilizazioak izan dira Ipar Euskal Herri osoan; gaurkoan euskalduntze prozesuan derrigorrezkoa den hezkuntza publiko eta pribatuaren lana azpimarratu eta defendatu dute erakunde publiko ezberdinetako ordezkariek.
Lau eskoletako gurasoekin batera, euskaltzaleak eta alderdi eta erakunde ezberdinetako hautetsiak bildu dira Nafarroa Behereko herrian. Sare publiko eta pribatuetako gurasoen elkarteak diren Biga Bai, Euskal Haziak eta Ikasi-Birekin batera, heldu den urtean murgiltzea ezarri nahi duten Idauze-Mendi, Larraine, Aiherra eta Ortzaize-Arrosako eskoletako gurasoek antolatu dute ekimena.
Desmartxa babestu eta lagundu duen Euskal Konfederazioko bozeramailea den Sebastien Castet ere izan da bertan.
Haien egoeraren berri eman dute eta oroitarazi dute, ekainaren 17tik lau eskolak okupatu dituztela. Aldi berean, Hezkunde Nazionalak murgiltze eredua ezartzeko baimena ematen ez badie, protesta ekintzak gogortu egingo direla ere erran dute.
Ondoren hautetsiek hartu dute hitza; sostengua erakusteko bertaratu direnenen artean, hiru erakundeetako ordezkari mintzatu dira. Euskararen Erakunde Publikoko presidente Antton Curutcharry izan da lehena; Annick Trounday Pirinio-Atlantikoak departamendu kontseilaria mintzatu da ondoren, eta bukatzeko, Mathieu Berge, EEPko presidente ordea eta Akitania Berria eskualdeko kontseilariak hartu du hitza.
EEPko presidenteak hizkuntza politiko eraginkorra izateko murgiltze ereduaren beharra dagoela azpimarratu du.
Hizkuntza politika eraginkorra izateko murgiltze eredua beharrezkoa baita, Euskararen Erakunde Publikoko presidente Antton Curutcharry Ortzaizen izan da, hurrengo ikasturtean murgiltzea ezarri nahi duten 4 eskolak sostengatzen@Konfederazioa @Ikas_bi @biga_bai @EHaziak @naiz_info pic.twitter.com/aI4yUf4UBO
— Idoia Eraso (@idoia_eraso) July 6, 2021
Euskararen aldeko kontsentsu soziala
Mezua argia izan da, Euskal Herrian euskararen inguruan dagoen kontsentsua erabatekoa da, eta ondorioz egungo egoera ez da onargarria. Horren erakusle izan zen Baionan 10.000 pertsona bildu zituen manifestazioa.
Aldi berean Parisetik Kontseilu Konstituzionalaren deliberoa erabaki politiko baten ondorioa denez, hori aldatzeko borrokatzeko prest agertu dira gurasoak. Hautetsiek politikoki lan egiteko engaiamendua hartu dute.
Curutcharryk aste honetan Parisen, Jean Castex Lehen Ministroak Konstituzionalaren erabakiaren ondoren egoera aztertzeko osatu duen komisioarekin elkartu direla adierazi du. Bertan esandakoaren berri eman du: «Erran diegu, egoera hau beraiek sortu dutenez, beraiei dela konpontzea. Eta giroa lasaitzeko, lau eskolek heldu den ikasturtean murgiltzea ezartzea baimentzea».
Troundayk hautetsien batasuna beharrezkoa dela nabarmendu du, baita Jean-Jacques Lasserre departamentuko presidenteak bere sostengu guztia ematen duela ere. Azkenik gaineratu du, borrokarekin bukaerara arte jarraituko dutela.
Bergek bere aldetik, gaur egun euskararen inguruan dagoen kontsentsua nabarmendu du, eta Kontseilu Konstituzionalaren erabakiak egoera hori arriskuan jartzen duela. Azkenik, baieztatu du: «Eskualdea borroka horretan beti ondoan izanen da, argi dugulako hizkuntza politika eraginkor baterako gure eredua dela ona».
Errektoregotzaren debekua
Nabarmena izan da lau eskoletako irakasleen eta zuzendarien presentziarik ez izatea, izan ere Hezkunde Nazionaleko Errektoregotzatik bertaratzea debekatu egin diete.
Hezkunde Nazionalaren erabakiaren aitzinean, Floriane Changala Ortzaizeko gurasoak, murgiltze eredua herrian ezartzeko irakasleen, gurasoen eta hautetsien partetik dagoen erabateko kontsentsua nabarmendu du.
Mobilizazioak euskarazko murgiltze ereduaren alde, elkartaratzea gaur Ortzaizen.
— Idoia Eraso (@idoia_eraso) July 6, 2021
Hurrengo ikasturtean murgiltzea ezarri nahi duten 4 eskoletako gurasoek, Hezkunde Nazionalak irailerako onartzen ez badu, ekintzak indartuko dituztela esan dute. #euskara @naiz_info @Konfederazioa pic.twitter.com/jltWKmxMtE
Aldi berean, Nafarroa Beherea eta Zuberoako lau eskoletan murgiltzea ezartzeko desmartxa administratibo guztiak eginak izan direla jakinarazi du, eta eredua ezartzeko erabakia guztiz politikoa dela salatu du.
Ipar Euskal Herrian gaur egun 20 eskola publikotan eta 19 pribatu katolikotan murgiltze eredua bada haur hezkuntzan, baina Konstituzionalaren erabakiaren ondoren arriskuan dira, Seaskako ikastolak bezala.